Logroñon (Errioxa, Espainia) jaio zen Juanjo Egizabal, 1961ean, baina gaztetan egin zuen Gasteizera, eta han bizi zen ordutik. Haren izena 1980ko hamarkadaren erdialdean hasi zen ezagun egiten hiriko kultur munduan, Udalak antolatzen zituen eskultura tailerren bidez. Hain zuzen, harena da Gasteizko lanik ezagunenetako bat, Arka plazan dagoen Ibiltaria. 3,5 metro luze da artelana, eta 1985. urteko eskultura tailerretan egin zuen artistak, beira zuntzez eta poliesterrez; lau urte geroago, brontzez moldatu zuten.
Askotariko materialak baliatu zituen bere lanetan, baita industria hondakinetako metalak ere. Hain zuzen, material horiekin osatu zuen Maratoi herrikoiari omenaldia eskultura (1984), tailerretan kide izan zuen Marco Ibañez de Mataukorekin batera. Haren beste hainbat eskultura daude Gasteizen zehar ikusgai.
Bestalde, Egizabalek punk musikarekin ere izan zuen harremana, eta horren lekuko da Cicatriz musika taldearen Inadaptados lehen diskorako egin zuen azala. Los Freaks taldeko kide izan zen, eta harenak dira Cicactrizek kantatzen zituen zenbait abestiren hitzak.