Juanba Berasategi omenduko dute EOSek eta Donostiako Zinemaldiak

Joserra Senperenak 'Nur eta herensugearen tenplua' filmerako idatziriko musika interpretatuko du orkestrak Belodromoan, hilaren 23an

Senperena, lehen planoan, kontzertuaren gainerako eragileekin. JON URBE / ARP.
mikel lizarralde
Donostia
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Hirugarren urtez jarraian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zinemarako musikan oinarritutako kontzertua emango du Donostiako Zinemaldiaren barruan, belodromoan. Irailaren 23an izango da saioa, eguerdiko hamabietan, eta, bertan, bost filmetarako beste horrenbeste konpositorek idatzitako musika interpretatuko du orkestrak, Donostiako Orfeoiak lagunduta. Morgancrea enpresak film horien irudiekin atondutako muntatze batek lagunduko du musika. Aurten, bi euskal konpositoreren lanak izan du protagonismoa; izan ere, Joserra Senperenak Nur eta herensugearen tenplua filmerako (Juanba Berasategi) eta Angel Illarramendik Los Borgia-rako (Antonio Hernandez) idatzitako musika interpretatuko du, besteak beste, EOSek. Gainerako hiru piezak Javier Navarreteren El laberinto del fauno (Guillermo del Toro), Jesus Garcia Leozen Bienvenido Mr. Marshall (Luis Garcia Berlanga) eta Xavi Fonten O Apóstolo (Fernando Cortizo) izango dira. Zinemaldiak, EOSek eta SGAEk antolatu dute emanaldia.

Berasategi omentzeko modu bat izango da saioa. Euskal zinemagilea joan den apirilean zendu zen, eta Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak atzo bertan adierazi zuenez, belodromoko kontzertua «hark animazioaren alorrean egindako lan garrantzitsua» aitortzeko modu bat izango da. Senperenak bost lanetan egin zuen lan Berasategirekin, bi dokumentaletan —Simplemente (2009) eta Gu, jatorri anitz, herri bat (2013)— eta animaziozko hiru filmetan —Pailazokeriak, Txirri, Mirri eta Txiribitonen Pelikula (2005), Barriola, San Adriango azeria (2008) eta Nur eta herensugearen tenplua (2016)—. Senperena: «Zinemaldiak aukera eman zidan aukeratzeko zein musika interpretatu kontzertuan, eta, hasieran, denetatik zerbait hartzea pentsatu banuen ere, azkenean erabaki nuen azkeneko filmeko musika izango zela egokiena». Hiru arrazoi eman ditu horretarako: «Gure azken kolaborazioa izan zen, gehien ikusi den filma izan da Nur, eta, gainera, onena eta orkestrara hobekien egokitzen dena da bere musika».

Berasategik «puntu erromantiko bat» zuen, Senperenaren iritziz, eta beti esaten zion konpositoreari filmeko akzioa musikak azpimarratu behar zuela, eta ez soinu efektuek: «Gaur egun, soinu efektuak egundokoak dira, eta, askotan, protagonismoa kendu diote musikari». EOSek Nur eta herensugearen tenplua-ren musikarekin osatutako 15 minutuko suite bat joko du belodromoko kontzertuan. Ez da Senperenak Euskadiko orkestrarekin lan egingo duen aurreneko aldia, pianista lanetan aritu baita behin baino gehiagotan, baina bai, ordea, orkestrak haren musika joko duen lehenengoa. «Plazera da niretzat».

Senperenarena ez da izango kontzertuan interpretatuko duten euskal musikari baten musika bakarra, Angel Illarramendik Los Borgia filmerako egindakoa ere joko baitu orkestrak. Konpositoreak baliatu zuen atzoko agerraldia gogoratzeko musikagileek orkestrekin lan egiten dutela, eta bereziki ikusgarria izango dela EOS eta Donostiako Orfeoia belodromoan elkarrekin ikusi eta entzutea.

Bakarlariek lagunduta

Jose Miguel Perez-Sierra zuzendariak (Madril, 1981) zuzenduko du orkestra, eta Donostiako Orfeoiaz gain, Nora Goialde mezzosopranoak eta Sergio Falque baxuak ere parte hartuko dute kontzertuan. Oriol Roch orkestrako zuzendari nagusiak aurreratu duenez, «ordubete pasatxo» iraungo du saioak, eta bere helburuetako bat da «publiko berriak» erakartzea. «Badakigu kontzertu honekin iristen garela orkestraren abonu denboraldiko kontzertuetara etortzen ez den publiko batengana».

Izan ere, aurreko bi urteetako esperientziak erakutsi die antolatzaileei «publiko familiarra» joan ohi dela belodromoko emanaldira, eta publiko horren barruan haur eta gaztetxoak ere izaten direla.

Aurreko urteetan bezala, kontzerturako sarrerak doakoak izango dira, baina Zinemaldiaren eta Donostia Turismoaren bulegoetan jaso beharko dira hilaren 16tik 22ra bitartean, 09:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian. Aurten ere, aurreko urteetan bezala, ia 3.000 lagun bildu nahiko lituzkete antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.