Definizio bikoitz batek abiatzen du Juana Doloresen Girgileria poema liburua. «Girgileria. femeninoa. 1. ESKUZKO LANBIDEAK Material ez-nobleekin egindako fantasiazko bitxien fabrikazioa eta salerosketa. 2. Bitxi horien multzoa». Eta, haren gisan, bikoitza da liburuaren bokazioa ere, Hedoi Etxarte Katakrakeko kidearen arabera: bitxien bilduma bat izatea, batetik, eta material ez-nobleen ideia bistaratzea, bestetik. Bestela esanda, girgileriak gogora ekar dezakeen goi klasearen ifrentzuan, langile klasearen kondizioaz dihardu liburuak, eta horixe nabarmendu du hura euskarara ekarri duen itzultzaileak ere, Maider Ramirez Martinezek: «Liburuan oso presente dago autorearen klase jatorria eta horrek dakarren ikuspegia; izenburua bera da horren adierazle. Uste dut, bai mezuagatik baina baita formagatik ere, ekarpen aberatsa dela euskal literaturarentzat».
Amadeu Oller poesia saria irabazi ostean argitaratu zuen liburua Doloresek, 2020an, eta Etxartek nabarmendu du oso profil ezberdineko idazleek goratu zituztela haren bertuteak garai hartan. Bide beretik, liburuaren inguruan egileak emandako zenbait elkarrizketak ere zeresan handia sortu zutela oroitu du. «Literaturan, akaso, bereziki irekitzen ez diren zenbait eztabaida ireki ziren; horietako bat, oso nabarmen, egilearen klase jatorriari eta haren klaseko kideek Katalunian duten bizitza proiektuari buruzkoa».
«Literaturan, akaso, bereziki irekitzen ez diren zenbait eztabaida ireki ziren [liburuarekin]; horietako bat, egilearen klase jatorriari eta haren klaseko kideek Katalunian duten bizitza proiektuari buruzkoa».HEDOI ETXARTEKatakrak argitaletxeko kidea
Ramirezek arte eszenikoei loturiko artista gisa ezagutzen zuen Dolores aurretik, eta itzulpengintzako ikasketak amaitzear zela egin zioten haren liburua itzultzeko proposamena Katakrakeko kideek. Pozik hitz egin du «aukera» horregatik, eta zailtasunik nabarmenena liburuaren «estetika zainduari» eustea izan dela kontatu du: «Dena dago oso neurtua eta pentsatua liburuan. Poema askok oso forma karratua dute, lerrokatzea justifikatuta egongo balitz bezala ia-ia, eta hori euskaraz jartzea izan da erronkarik handiena».
Askotariko poemekin osatutako bilduma bat bainoago, kontzeptu jakin baten —girgileriaren— bueltan eraikitako liburu bat dela zehaztu du Etxartek, eta desiraren gaia jarri du erdian, «desira, zentzu zabalean hartuta». Eszenatoki modura, gauak eta biharamunak toki esanguratsua dutela ere aurreratu du.
Rosalia eta Maiakovski
Bi munduren arteko uztarketan ere badatoz poemak. Sarrerako definizioaren ondotik, Bibliako pasarte bat dator segidan, esaterako —harribitxien inguruan diharduen Apokalipsiko pasarte bat—, eta Maiakovski poeta errusiarraren bertso lerro batzuk ere badaude amaiera aldera. Aitzitik, Rosalia eta La Zowi kantariak, eyeliner-ak, push-up-ak eta erreferentzia garaikideak ere ugariak dira. Doloresen poesiaren foku bikoitza erakusten du horrek Etxarterentzat: «Batetik, liburua idatzi zuen uneko erreferente eta salgai kulturalak daude, oso 2020ko liburua da; baina, egile gisa, badu bere burua beste tradizio eta genealogia batzuetan kokatzeko bokazioa ere».
Hori guztia egilearekin berarekin gertuko harremanean kontrastatzeko aukera izan dute itzulpena prestatu bitartean. «Oso-oso gainean» egon dela aipatu dute, eta hori ez da ohikoa, Etxarteren esanetan; lagungarri izan zaiola esan du itzultzaileak. «Batez ere, nigan jarri duen konfiantzagatik».
Jatorrizko argitalpenetik denboratxo bat pasatu dela baliatuta, egilearentzat lana «berrikusteko» aukera bat ere izan da euskarazko argitalpena prestatzea, eta zenbait poema «ñabartu» eta beste zenbait gehitu ditu: tartean, liburua ixten duen Bling Bling (fabrikazio prozesua) testua.
MPKren «antagonian»
Doloresen lanarekin, bilduma berri bat ere abiatu du Katakrakek. 2016an argitaletxea martxan jarri zutenetik, «zaku zabal» modura hartu dituzten narratiba eta saiakera bildumekin aritu dira lanean, eta iaz Katakrek 10 urte bete zituenean otu zitzaien poesiari ere leku egiten hastea. Etxarteren arabera, Susa argitaletxearen MPK Munduko Poesia Kaierak bildumaren «ia antagonikotzat» jo daiteke bilduma berria. MPK-k hilda dauden «poeta kanonikoak» ekartzen ditu; haien asmoa, berriz, bizirik dauden egileak ekartzea dela zehaztu du, eta, bildumaren lehen bi zenbakietan, gainera, poeten estreinako lanak aukeratu dituzte —datorren astean aurkeztuko dute bigarren zenbakia, Mohammed el-Kurd poeta palestinarraren Rifqa, Eider Beobidek itzulia—.
«Kasu honetan, argi konparatu daiteke nire lana jatorrizkoarekin, baina ez dut uste hori negatiboa denik. Nik egindakoa ez da jatorrizkoaren kopia bat, baizik eta bertsio bat. Polita eta interesgarria da irakurlea horren kontziente izatea».MAIDER RAMIREZ MARTINItzultzailea
Azalak ere ezaugarrituko du bilduma. Katakraken narratibako eta saiakerako liburuek ez bezala, tipografia bera izango dute poesia bildumako guztiek, eta Maria Garcesi ikasitako «klasizismo punka» kontzeptuari segika sortuko dute irudia, motibo klasiko eta garaikide bana bilduko dituen grabatu batekin. Hirugarren ezaugarri bat ere gehituko lioke Etxartek, Doloresen eta El-Kurden kasuan: «proiektu estetiko bat izateaz gainera proiektu politiko nahiko definitu bat» izatea.
Ezaugarri inportanteenetako bat da, baina, bilduma elebiduna izango dela. Poemaz poema jatorrizkoa eta itzulpena alboz albo topatuko baititu irakurleak. Itzultzailearentzat «presio gehigarria» izan daitekeela esan du Etxartek, baina formatuaren alde hitz egin du Ramirezek, itzulpenari berari ikusgaitasuna ematen diolakoan: «Askotan gertatzen zaigu itzulitako liburu bat irakurtzean ahazten zaigula itzulitako liburu bat dela. Kasu honetan, argi konparatu daiteke nire lana jatorrizkoarekin, baina ez dut uste hori negatiboa denik. Nik egindakoa ez da jatorrizkoaren kopia bat, baizik eta bertsio bat. Uste dut irakurlea horren kontziente izatea interesgarria eta polita dela».