Bakarra beharrean, bi izan ziren iaz Juan Zelaia saiakera saria irabazi zuten idazleak: Kepa Larrea eta Fermin Erbiti. Bien lanak argitaratu ditu orain Pamiela argitaletxeak. Euskaldunei buruz fikzioan ematen den irudia aztertu du du Larreak Itzalak harturik liburuan, eta literatura abiapuntu duten gogoetak eta kazetaritzari buruzkoak batu ditu Erbitik Hiru koaderno txiki lanean.
Amildegi bat dago maiz Larrearen ustez, euskaldun errealen eta fikzioan eraikitako euskaldunen artean. «Desitxuratu egiten dira euskaldunak fikzio testu askotan». Hala gertatzen da Peru Abarca nobelan, hala Pierre Lotiren testuetan, hala Txomin Agirrerenetan. «Muturrekoak dira pertsonaiak, ez dago erdibideko euskaldunik». Baina hori ez ei da arazo. «Fikzioan zilegi da hori», dio. Arazoa beste da. «Lausoak» dira Larrearen hitzetan fikzioa eta errealitatearen arteko mugak, eta hor sortzen da tentsioa.
Larreak dioenez, elkarri eragiten diote, eta adibide bat jarri du: Pierre de Lancre inkisidorea. «Sorginez betetako mundu bat asmatu zuen, eta bere baitarako gorde izan balu tira, baina errealitatera eraman zuen, eta euskaldun askok ordaindu behar izan zuten». Kasu gehiago badira. «Baltasar Garzon epaileak presoei egin behar zitzaien omenaldi bat ikertzera bidali zuen polizia fikzioan baino existitzen ez den Arraldera. Manuel Fragak Espainiako Turismo ministro zela, debekatu egin zuen Madalena Moujanen euskaldunei buruzko ipuin bat; kontatuak Espainiaren batasuna arriskuan jar zezakeelako. Fikzioa errealitatearentzat arrisku».
Laburtasunaren alde egin du Erbitik aldarria, hala antolatu baitu bere liburua. Gogoeta testu motzak bildu ditu Hiru koaderno txiki lanean. Bi sailetan dago antolatuta, lapurtutako esaldien haritik eta (In)komunikazioa izenekoetan. Literaturan dute aingura lehen ataleko testu gehienek, eta kazetaritza munduan bigarrenekoek. Labur, betiere. «Batzuei maratoiak gustatzen zaizkie; niri ordenagailuaren pantailan testua eta haren helmuga ikustea».
Kazetaritzaren arriskuak
Norberari buruz mintzo dira liburutegiak Erbitiren hitzetan. «Hor daude gure kezkak, nahiak, kulturari buruzko iritziak..». Eta hori da lehen atalean ikus daitekeena: bere liburu bildumaren lagin moduko bat. Besteren idatzietatik abiatzen da bere gogoetetan. Kazetaritzari buruzkoak dira, ordea, bigarren ataleko testuak. Eta bi kazetariren aipuak erabili ditu Erbitik ofizioaren etika zehazteko. Peter Eisnerrena da bata: «kazetaritza berriaren xedea ofizioa bezain zaharra da: agintarien gezurrak salatzea». Eta Ryszard Kapuscinskirena, bestea: «kazetari onaren ezaugarri nagusiak umiltasuna eta enpatia dira». Ipartzat behar lituzke kazetari orok biak,baina ez da halakorik. «Agintariak albiste iturri bakar bihurtzea da arriskua egun».
Juan Zelaia saiakera saria eskuratu duten bi liburuak argitaratu ditu Pamielak
Kazetaritzari buruzko gogoetak bildu ditu Erbitik, eta euskaldunei fikzioan eman zaien itxura Larreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu