Bost urte beteko dira bihar Juan Mari Lekuona idazle, itzultzaile eta euskaltzaina hil zenetik. Omenaldi gisa, eskuz eginda utzi zuen itzulpen argitaragabe bat aurkeztu zuen atzo EIZIE Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak Oiartzungo Udalean: Clara Janes poetarenEnblemak itzulpena. Aurkezpenean, Janes, Lekuonaren senideak, Jon eta Paulo Kortazar eta Oiartzungo Udaleko eta EIZIEko ordezkariak egon ziren. Azaldu zutenez, «liburuak ezin hobeto uztartzen ditu Lekuonaren bi alderdi: olerkigintza eta itzulpengintza».
Juan Marik eskuz idatzitakoaren faksimilea ez ezik, EHUko irakasle eta euskaltzain Jon Kortazarrek eta haren seme Paulok eginiko azterketa eta transkripzioa ere jasota daude liburuan.
Janes idazle bartzelonarrak Espainiako Itzulpen Sari Nazionala jaso zuen 1995ean. Emblemas liburua 1991n kaleratu zuen, eta Lekuonak Enblemak izenburuarekin euskaratu ondoren, eskuizkribua Jon Kortazar eta Miren Billelabeitia senar-emazteei oparitu zien. «Haien ekimenari esker ekin zion elkarteak itzulpena argitaratzeari», azaldu du EIZIEk.
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Juan Mari Lekuonak itzulitako 'Enblemak' kaleratu dute
Eskuz idatzitako faksimilea ez ezik, itzulpenaren azterketa ere biltzen du EIZIEk plazaratutako liburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu