Artea

Juan Luis Goenagaren zutarri artistikoak bistaratu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak

Artistaren lehen urteetako ehun artelan eta objektu bildu ditu museoak. Abuztuan hil zen sortzailea, baina Mikel Lertxundi Galiana komisarioak azkenera arte jarri zuen proiektuaren nondik norakoen jakinaren gainean.

Juan Luis Goenaga artistaren erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Juan Luis Goenaga artistaren erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko urriaren 22a
17:13
Entzun

Bost urte baino ez dira, bost hamarkadatik gorako ibilbide artistikoan. Mutur bat baino ez. Hasierako muturra, zehazki. Baina, hain zuzen ere, mutur horretan ditu zutarriak Juan Luis Goenaga artistaren lanak (Donostia 1950-Madril, 2024). Madril, Erroma, Bartzelona eta Paris gurutzatu zituen bi urteko prestakuntza ibilbide baten ostean, 1969an heldu zen Goenaga Alkizako bere estudio-etxera (Gipuzkoa), eta buru-belarri sartu zen bertan bere esplorazio artistikoan. Naturan murgilduta. Jose Miguel Barandiaran ikerlariaren mundu sinboliko eta mitologikoak elikatuta. Land art piezekin esperimentatzen. Egiten zebilena inon erakusteko behar handirik gabe, eta, halere, munduan punta-puntan zebiltzan sortzaileen sintonia berean. Artistak 20 urte inguru zituenean egindako lehen lan haien indar sortzaile hori guztia bildu nahi izan du Bilboko Arte Ederren Museoak Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketan. Sasoi hartan sortutako 74 argazki eta margolan ez ezik, hogeitik gora dokumentu ere batu dituzte horretarako, eta eraikin zaharreko bost aretotan jarri dituzte ikusgai. 2025eko otsailaren 16ra arte egongo dira ikusgai.

Mikel Lertxundi Galiana arte historialariak egin du erakusketako bilketa eta komisario lana, eta, azaldu duenez, hamar urte eman ditu horretarako lanean. Artistarekin eskuz esku egin du bide horren parterik handiena adituak, baina Goenaga abuztuan hil zen, eta hura gabe egin behar izan dute erakusketaren aurkezpena azkenean. Lana amaitu izanaren poza lagunaren galeraren tristurarekin nahasi zaiola azaldu du horregatik komisarioak.

«Ezohikoa da Goenagak erakusten duen heldutasuna; 22, 23 eta 24 urterekin, Juan Luis jadanik Goenaga da. Ez da oraindik ere beste erreferentzia bila dabilen artista bat»MIKEL LERTXUNDI GALIANAArte historialari eta komisarioa

Lertxundik aspalditik zuen Alkizan kokatutako erakusketa antolatzeko asmoa. Azaldu duenez, Goenagaren formazioan garrantzi handikoa baita espazio hori. «Orainaldia eta iragana oso estu batzen zituen leku bat zen hura», azaldu du. Eta artistak bertan topatu zituen bere nortasun artistikoa eraikiko zuten elementu nagusiak. «Ezohikoa da Goenagak erakusten duen heldutasuna; 22, 23 eta 24 urterekin, Juan Luis jadanik Goenaga da. Ez da oraindik ere beste erreferentzia bila dabilen artista bat. Bera da».

'Land art'-aren aitzindari

Nagusiki pintore modura egindako lanengatik da ezaguna Goenaga, baina bestelako Goenaga bat topatuko du bisitariak erakusketako lehen aretoan. Alkiza inguruan egindako txangoetan sortutako esku hartze efimeroak erakusten dituzten argazkiak zintzilikatu dituzte bertan. Eta, Lertxundik nabarmendu duenez, land art izeneko esparruan aitzindari bihurtzen dute lan horiek Goenaga.

Tartean, badira artistak cromlech bat irudikatzeko sortutako formazio batzuk, esaterako. Edo mendi bide baten bazterrean pilatutako harri multzoak. Edo sokak erabiliz lurrean markatutako lerro zuzenak. Edo neurriaren arabera antolatutako egur puskak. Edo elkarri sokekin lotutako haitz arrailduak ere. Eta haiekin batera, artistak ekintza horiek guztiak dokumentatzeko sortutako argazki albuma ere ikusi ahalko du bisitariak aretoaren erdian jarritako bitrinan. Zeruan zintzilik dirudien makila bat erakusten du haietako batek, kasurako, eta artistak irudiarekin batera txertatutako testuak jartzen dio mugimendua gero: «Jeixten ari da».

«Alkizan egon zen lehen hiru urteetan, berak ez zituen artelanak erakutsi. Gorde egin zituen. Sari bat eman zioten 1972an, eta ordutik aurrera soilik hasten da lanak erakusten»MIKEL LERTXUNDI GALIANAArte historialari eta komisarioa

Aurrez ere, Goenagari buruzko liburu mardul bat ere eman zuen argitara Lertxundik, 2018an, eta berak antolatu zuen Donostiako Kubo aretoan sortzaileari eskainitako atzera begirako zabala ere, 2020an. Goenagaren bost hamarkadako ibilbide artistikoa erakusten zuen erakusketa hark, eta baziren 70eko hamarkada hasierako lan batzuk ere tartean. Baina ez gehiegi ere. Lertxundik azaldu duenez, Bilboko Arte Ederren Museorako pentsatutako sasoi hari buruzko erakusketa espezifikorako gorde nahi izan zituelako pieza horiek. Komisarioa beldur zen, hasierako pieza horiek Donostiako erakusketa handi hartan txertatuz gero, ikusleak ez ote zituen «anekdotikotzat» joko, eta horregatik bildu ditu orain. «Nahiago nuen proposamen hauen nondik norakoak ondo uler zitezen».

Emakume bat Juan Luis Goenagaren koadro bati begira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Emakume bat, Juan Luis Goenagaren koadro bati begira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bakartu konektatua

Maiz artista bakartutzat jo izan da Goenaga, sorkuntza lantzeko hartu zuen bide bakartiaren eta hitzaldi publikoekiko zuen errezeloaren kausaz, baina horrekin kontraste argia eginez, sortzaileak nazioartean egiten zen artearekin zuen «sinkronia» nabarmendu du Lertxundik behin baino gehiagotan. «Berak 70eko hamarkadan egiten duen horixe bera egiten ari dira Ingalaterran, AEBetan, Frantzian edo Herbehereetan».

Lertxundik Jean Le Gac eta Jean Dibbets argazkilariak aipatu ditu Goenagaren erreferentzien artean, bai eta Richard Long eta Hamish Fulton land art artistak ere. Zehaztu duenez, ordea, formala da Goenagak haiekin duen antzekotasuna.

Antton Elizegi argazkilaria lehengusua zuela ere gogoratu du Lertxundik, eta, aipatu duenez, elkarrekin egiten zituzten maiz mendi ibilbideak. Baina historialariak argitu duenez, gainerakoan, bakarrik egin zuen bere bilaketa Goenagak. Eta bada beste datu esanguratsu bat: «Alkizan egon zen lehen hiru urteetan, berak ez zituen artelanak erakutsi. Gorde egin zituen. Sari bat eman zioten 1972an, eta ordutik aurrera soilik hasten da lanak erakusten».

Artistaren iturri literarioak ere izan ditu gogoan Lertxundik. Azaldu duenez, bereziki garrantzitsuak izan zitzaizkion Jose Migel Barandiaranen ikerketak, Pio Barojaren zein Edgar Alan Poeren literatura, bai eta Howard Phillips Lovecraften kontakizunak ere.

Pinturara itzultzea

Hasierako aretoan izan ezik, edonola ere, pintura da nagusi Bilboko erakusketan. Lertxundik gogora ekarri duenez, argazkigintzaren eta landa ekintzen ostean, 1973tik aurrera, pixkanaka joan baitzen artista berriz ere pinturara gerturatzen. Eta bilakaera horren eta bertan egindako garapenaren lekukotza ere biltzen du erakusketak horregatik. Bertan dira, besteak beste, Itzal euriak izeneko margolan abstraktu ikusgarriak, bai eta Belarrak, Sustraiak zein Esmalteak margolan serieetako piezak ere. Zuri-beltzetik gertu hasieran, eta gero eta kolore gehiagorekin ondoren.

Mikel Lertxundi arte historialari eta komisarioa, Juan Luis Goenagaren koadro baten aurrean. LUIS TEJIDO / EFE
Mikel Lertxundi arte historialari eta komisarioa, Juan Luis Goenagaren koadro baten aurrean. LUIS TEJIDO / EFE

Lehenagotik dator Bilboko Arte Ederren Museoaren eta Goenagaren arteko harremana. 2022an, esaterako, Dedikazio artistikoaren Xabier Saenz de Gorbea saria eman zion erakundeak artistari, eta orduan izandako solasaldia hartu du gogoan Miguel Zugaza museoko zuzendariak. Bere ustetan bere lanik «borobilena» zein ote zen galdetu zion Zugazak. «Galdera absurdo xamarra izaten da hori beti», onartu du zuzendariak, «baina are absurdoagoa milaka eta milaka margolan egin dituen artista batekin ari bazara». Baina, Zugazak azaldu duenez, berehalakoan eman zion erantzuna Goenagak. 1975ean margotutako Abstrakzioak grisetan hautatu zuen artistak, eta, hain zuzen ere, lan horrek ixten du orain zabaldu berri duten erakusketa. Zugazaren ustez, lan hura aipatuz, lan horrekin bere formazio bide propioa burututzat ematen zuela adierazi nahi izan ziolako artistak.

Erakusketaren aitzakian, liburuxka formatuko argitalpen bat ere kaleratu du museoak orain, Mikel Lertxundiren testu batekin, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, eta katalogo sendoago bat ere badu bidean. Hura ere hiru hizkuntza horietan egongo da, eta Lertxundiren testu bat ez ezik, Joseba Zulaikak idatzitako beste bat ere izango du. Museoko arduradunek Durangoko Azokarako nahi dute kalean.

Adanen nondik norakoentzako marrazkiak

Joseba Zulaika idazleak 1975ean eman zuen argitara bere lehen liburua: Adanen poema amaigabea. Ordura arte euskal literaturan nagusitzen ari ziren joeretatik aldenduta, lehen gizakiaren sentimendu eta sentsazio elementalak deskribatu zituen bertan, eta idazkera oso behatzaile bat baliatu zuen horretarako. Kriseilu argitaletxeak eman zuen argitara lana, eta Joxe Azurmendiren hitzaurrea ez ezik, Goenagaren margolan abstraktu sorta bat ere bazuen argitalpenak; horregatik jarri dute ikusgai Bilboko erakusketan. 

Goenagaren lanak bestelako sorkuntza lanekin zuen sinkronizazioaren froga bat gehiago da. Lertxundik azaldu duenez, Alkizak batu zituelako Zulaika eta Goenaga. «1974an elkarrekin egon ziren bizitzen Alkizan, hilabete batez gutxi gorabehera, eta Juan Luisek [Goenagak] orduan egin zituen [Zulaikaren] liburua ilustratzeko marrazki horiek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.