Juan Luis Goenaga margolariari (Donostia, 1950-Madril, 2024) omenaldia egin nahi izan dio Bilboko Arte Ederren Museoak. Oraingo honetan, haren lanetako batzuk biltzen dituen liburua aurkeztu du: Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976. Izenburuak berak dioen bezala, urte horietan Alkizan (Gipuzkoa) zeukan baserri batean bizi izan zen Goenaga, eta bertan sortutakoak bilduma batean bildu ditu liburuak. Horren beraren inguruko erakusketa bat komisariatu du Mikel Lertxundi Galiana historialariak Bilboko Arte Ederren Museoan, eta asteburu honetan amaituko da.
Gaur aurkeztu dute liburua, Donostiako Tabakaleran. Eta bertan izan dira Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, Joseba Zulaika idazle eta Goenagaren laguna, Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko zuzendaria, Lertxundi Galiana historialaria eta Barbara Goenaga artistaren alaba. Gazteleraz egin dute aurkezpenaren zatirik handiena.
Goenagak Alkizan egin zuen egonaldian sortutakoen «argazki-memoria bat» da liburua. Lehen aldiz bildu dira garai hartako argazkiak, Goenagak egindako zuri-beltzeko irudi gehienekin —guztira 281 irudi aurki daitezke liburuan—. Argazki horietako asko bilduma partikularretakoak dira, eta Lertxundi Galianak egin du bilketa lana. «Bilboko erakusketan jarri ditugun obretatik harago begiratzea da liburu honen helburua. Liburuak Goenagaren asmo esperimentala biltzen du, argazkigintzako bi espresio oinarri hartuta: erregistro argazkilaritza eta argazkilaritza esperimentala», adierazi du artistari buruzko aditu nagusia denak.
Aldaketa urtez urte
Argazki horiek guztiak lau ataletan banatu ditu historialariak. Lehenengoan, Antton Elizegi artista eta Goenagaren lehengusuak hari mendian ateratako argazkiak aurki daitezke. Eta Goenagak berak egindako argazkiak ere ikusiko ditu irakurleak, Alkizako baserriaren inguruetan ateratakoak.
«Bilboko erakusketan jarri ditugun obretatik harago begiratzea da liburu honen asmoa. Liburuak Goenagaren asmo esperimentala biltzen du, argazkigintzako bi espresio oinarri hartuta»
MIKEL LERTXUNDI GALIANAHistorialaria
Bigarren atala album moduan erakusten du liburuak, eta artistak idatzitako oharrak mantendu dituzte editoreek. 1973. urtearen ingurukoak dira, eta artistak «basoan eta bizi zen baserriaren inguruan egindako esku hartzeak» ikus daitezke. Besteak beste, «makilekin eta harriekin egindako ilarak, zirkuluak eta gurutzeak» nabarmentzen dira, eta bere lehen erakusketetan erakutsi zituela nabarmendu du Lertxundik.
Urte batzuk aurrerago, margolanak eta argazkilaritza esperimentala deritzona uztartu zituen, eta horixe aurki daiteke hirugarren atalean. «1973 eta 1975 bitartean egindako argazkiek lotura estua dute pintura lanekin, konposizio abstraktuetan antzeman daitezkeen elementuak erabiltzen baititu: itzal euriak, sustraiak, belarrak, larruak eta hari matazak».
Azken atalean, berriz, Goenagaren hiru autorretratu jaso dituzte. Azkenekoan bizkarrez ageri da, Alkizako baserritik ateratzen. Lertxundik adierazi du «nahita» erabili duela irudi hori liburuari amaiera emateko, «interes sinbolikoa» zeukalako. «Irudi horrek balio izan dit zentzu figuratuan ere ikusi daitekeelako Juan Luis baserria atzean uzten».
Aipatutako irudi guztiez gain, bi saiakera ere aurki daitezke liburuan. Lehena, Lertxundi Galianarena berarena: Eguneroko harriduren bosturtekoa. Eta bigarrena, Joseba Zulaika idazlearena: Nik ez det pintatu koadro hori. Hilabete Goenagarekin Alkizan. Zulaikak hilabete egin zuen Goenagarekin bizitzen baserrian, eta testuari izenburua jartzen dion esaldia askotan entzun omen zion Goenagari. Koadro baten aurrean esandako hitzak ziren. «Ez zen probokazioa edo hiperbolea edo halakorik. Begiratzen zidan nire erreakzioa antzemateko, esaten zidanak horixe besterik ez zuela esan nahi ziurtatzeko… Berea ez bazen koadroa, norena ote zen? Galdera behartua bezain zentzugabea zen, berak jakingo balu bezala, zerbait esatekorik izango balu bezala… Berea ez zela koadroa esanaz esana zegoen dena. Hor konpon, ez niri galdetu ikusten duzunaz, nik ez dakit ezer koadro horretaz», adierazi du Zulaikak testuan.
«Ez hitzak» alabaren ahotik
Artistaren alaba Barbara Goenagak ere hartu du hitza aurkezpen ekitaldian, eta liburuan parte hartu duten guztiei eskerrak emateko baliatu du aukera: «Aitaren partez eskerrak emateko gaude aurkezpen honetan, eta berak hitzez edo hitzik erabili gabe esan nahiko lituzkeenak esaten ahaleginduko naiz».
«Aitaren partez eskerrak emateko gaude aurkezpen honetan, eta berak hitzez edo hitzik erabili gabe esan nahiko lituzkeenak esaten ahaleginduko naiz»
BARBARA GOENAGAJuan Luis Goenagaren alaba
Lopez Atxurra Petronorreko zuzendaria izan da hitza hartzen azkena. Petronor babesle izan dute liburuak eta erakusketak, eta kulturarekiko «konpromisoa hartzearen garrantzia» azpimarratu nahi izan du: «Belaunaldi bateko artistak joan zaizkigu, eta ez daukagu toki fisikorik haien obrak biltzeko eta ikasteko. Eta hurrengo belaunaldiek ikus dezaten nondik datorren arte berria».