Juan Ignacio Bidarte: «Gogoetarako denboraren parte da Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko entzuketa prozesua»

Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak azaldu duenez, ofizialki indarrean da patronatuak proiektuari buruz erabakitzeko 2025erako ezarritako epea, baina Bizkaiko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren iritzia «funtsezkoa» dela esan du.

Juan Ignacio Bidarte, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Juan Ignacio Bidarte, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Inigo Astiz
2025eko otsailaren 20a
15:10
Entzun

Airean dago oraindik ere Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua bera, eta ziurgabea da erabakia hartzeko erakundeek ezarritako epea ere. Berez, bere plan estrategikoaren barruan, proiektuari buruzko erabakia hartzeko 2025era arteko tartea ezarri zion bere buruari Bilboko Guggenheim museoko patronatuak, baina Busturialdea eta Urdaibai eskualdean abiatu berri duten entzuketa prozesuak urtebete atzeratu dezake erabaki hori, gutxienez. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jarri dute abian prozesu hori, eta Agirre Lehendakari Center eta Columbia Unibertsitateak izango dute haren ardura. Eskualdeko 1.000 eragileren lekukotzak bildu nahi dituzte urte amaierarako, eta, loteslea izango ez bada ere, prozesu horretan ateratzen diren ondorioak aztertuko dituztela adierazi dute erakundeek.

Entzuketak egiteko asmoa ezagutzen zutela onartu du Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendari eta Solomon R. Guggenheim Fundazioaren nazioarteko estrategien arduradunak, gaur Tarsila do Amaral artistari eskainitako erakusketaren aurkezpenean, eta patronatuak «gogoetarako ezarritako denboraren parte» da, haren hitzetan. Horregatik, epeak moldatzeko aukera dagoela iradoki du, nahiz eta, oraingoz, patronatuak ez duen ebazpen formalik egin erabakiari buruzko epea aldatzeko. Bidarte: «Bi urteotan proiektuari buruzko erabakia hartzeko epea ezarri zuen patronatuak, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren iritzia funtsezkoa da proiekturako, Bilboko Guggenheim museoko patronatuko hiru kide sortzaileetako bi diren neurrian. Patronatuak oraingoz ez du bestelako erabakirik hartu».

Areago: baliteke entzuketa prozesua aurten ez amaitzea. Ikertzaileek esana dute mahai gainean dagoela ikerketa gehiago luzatzeko aukera ere, parte hartzen duten erakundeek ongi iritziz gero. Edonola ere, entzuketa prozesua aurkezteko aurreko astean egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeak ziurtatu zuen ikerketa horrek ez duela talkarik egingo patronatuak ezarritako epearekin. «Ez dago presarik».

Webguneko atala

Oraindik erabakia hartu gabe egonik ere, ordea, Bilboko Guggenheim museoak webean bildu ditu Urdaibain eraiki asmo duten proiektuari buruzko nondik norakoak. Atal bat eskaini dio gaiari. Proiektua hartuko duten eraikinei buruzko xehetasunak bildu dituzte bertan. Museoak ingurugiroarekin izango duen harremana era aipatu dute testuan, eta proiektuak hartuko dituen programaren ildo nagusiak ere iragarri dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.