Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendari nagusiak 27 urte eman ditu ardura horretan, eta 30 baino gehiago beteko ditu guztira, proiektuaren buruzagitzari lotuta. Museoa erabat gauzatu gabea zela heldu zion, hain zuen, 1992an, proiektua martxan jarriko zuen partzuergoko zuzendari hautatu zutenean. Lau urteren buruan museoko zuzendari nagusi bihurtu zen.
Bidartek gaur proposatu dio museoko patronatuari zuzendaritza aldaketa, ziklo bat ixteko garaia dela iritzita: «Beste begirada eta esperientzia batzuk behar dira museoa etorkizunerantz proiektatzeko eta erronka berriei heltzeko».
30 urte hauek osatu duten zikloan «proiektu anbiziotsu eta ia utopikoa garatu, berorren lider bilakatuko zen taldea osatu, eta herriaren irudia eta asmoak aldatzen lagunduko zuen museoa» lortu dela esan du Bidartek. Urtearen amaieran zuzendaritza aldatzeko prozesua amaitu eta kargua utzitakoan, zuzendari emeritu gisa jarraituko du Bidartek. Horrez gain, Guggenheim fundazioko nazioarteko asmo estrategikoetan ere parte hartuko du.
Juan Ignacio Bidartek gogotik bultzatu du Guggenheim Urdaibai proiektua orain arte. Ikusteko dago zer jarrera hartuko duen zuzendaritza berriak aldaketa gauzatzen denean, urtearen amaieran.