Juan Garzia Garmendiak irabazi du Itzulpengintzako Euskadi saria

William Shakespeareren 'Sonetoak' lanagatik saritu dute.Joseba Zulaikaren 'Vieja Luna de Bilbao'-k irabazi du gaztelaniazko saiakera saria, eta Ana G. Lartitegiren 'El libro de la suerte'-k, ilustraziokoa

Bilbo
2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Juan Garziak irabazi du Itzulpengintzako Euskadi saria William Shakespeareren Sonetoak euskaratzeko egindako lanagatik. Liburuan, Shakespeareren 154 poema itzuli ditu. Lanaren tamaina eta itzultzailearen meritua nabarmendu ditu epaimahaiak. Erronka handitzat hartu dute Garziaren ekina eta egina: «Langaia izugarria zen, eta itzultzailea, itsutu ez, eta indar betean aritu zaigu euskarara ekartzen». Hori horrela, epaiak, aho batez erabaki dusaria Garziari ematea.

Lehen aldia da Itzulpen saria poesia lan bati ematen zaiona. «Eta ez nolanahiko poesia», nabarmendu du epaimahaiak, izan ere, korapilo mordoa ditu: «154 poema, gehien-gehienak hiru laudun nagusi, gehi distiko bat, ingelesezko tradizioko pentametro ianbikotan, hiru salbuespenekin; eta errima ere berezia eta ia-ia beti bera, testu osoan zehar. Ezaugarri horiek ditu Shakespearek erabili ohi zuen bertso motak, Shakespeare soneto gisa ezagutua izan dena». Garziak berak azaldu duenez, «poesia ez da eldarnio zoro bat, badu zientziatik, kalkulutik eta eraikuntzatik».

Obra horren bertsio libreagoak egin izan dira, baina Garziak jatorrizko testuaren egitura eta errimak errespetatu ditu, eta euskarara itzuli. Horretarako euskal tradizioa eta berrikuntza uztartuz. «Hizkuntzarekin maisuki jostatu da, Shakespeare bera berearekin bezala». Lau mendeko tartea, eta idazle erraldoi baten obra handia izan ditu Garziak aurrean. «Garai hartako berriak eta garai orotako gaiak biltzen dira Sonetoak honetan, non hizkuntza baten garai zaharretako ohiturak eta egun arte etorri diren moldeak batera doazen».

Lana eskatzen dio irakurleari testua ulertzeak. Baina irakurketa eta ulermena errazteko, poema bakoitzaren lagun, itzultzaileak iruzkin interesgarri eta oso baliagarriak egin ditu. Eta Koldobika Jauregiren 60 ilustrazio ere ikus daitezke. Horretaz gain, bi diskok laguntzen dute liburua. Batean, soneto guztien errezitazioak bilduta daude, 140 lagunen ahotsetan entzunik. Bestean, 11 soneto musikatu, euskal kantari ezagunek interpretaturik. Idazle ingelesaren hiru lan ditu euskaratuak jadanik, zein bere generokoa: tragedia bat (Hamlet), komedia bat (Uda gau bateko ametsa) eta poesiazko bat, Sonetoak hauxe.

Bestalde, gaztelaniazko saiakera saria Joseba Zulaikaren Vieja Luna de Bilbao lanak irabazi du. Epaimahaiak argitu duenez,«idazleak euskal modernotasuna berrikusteari ekin dio Bilbo hiriaren bitartez, ikuspegi biografikoa eta hurbilketa historikoa uztartuz, literatur eraginkortasun handiko testuan».

Lartitegiren lanak (El libro de la suerte) «xehetasun eta zehaztasunez betetako alderdi grafiko sendoa du, hitza eta irudia guztiz lotzen diren liburuan. Album bat da, eta formatu horrek eskaintzen dituen narrazio aukera guztiak baliatzen ditu» epaiak esaten duenez.

Joan den astean iragarri zituzten gainerako ataletako irabazleen izenak. Mikel Peruarena Ansa izan da euskarazko literatura lanik onenaren irabazlea Su zelaiak nobelagatik, Joxe Azurmendik euskarazko saiakera saria irabazi du Historia, arraza, nazioa liburuarekin, eta Yolanda Arrietak euskarazko gazte literaturakoa Argiaren alaba-rekin. Peruarena Ansak uko egin dio sariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.