Juan Carlos Egillorren labirintoarekin estreinatu dute Bilboko Rekalde areto berritua

Artistaren mila lan baino gehiago bildu dituzte, eta haren marrazki, komiki eta ilustrazioak ez ezik, bideogintzan egindako lanak ere jarri dituzte ikusgai. Aretoaren fase berriko lehen erakusketa da.

Juan Carlos Egillor artistaren mila artelan inguru jarri dituzte ikusgai Bilboko Rekalde aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Juan Carlos Egillor artistaren mila artelan inguru jarri dituzte ikusgai Bilboko Rekalde aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko otsailaren 28a
15:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Kartelak, ilustrazioak, komikiak, komiki zinta, bideoak, dekoratuak, eszenografia lanak, telebistarako zein zinemarako gidoiak eta net-art artelanak ere egin zituen Juan Carlos Egillor artista bilbotarrak (Donostia, 1947-Madril, 2011). Eta lan multzo erraldoi horri orain arteko begirada panoramikorik zabalena eskaini dio Bilboko Rekalde aretoak. Noranahiko sorkuntza emari horren bihotzean artistak berak bere testuetan behin eta berriz erabilitako figura bat baliatu dute erakusketari izena jartzeko: Labirinto. Egillorrek berak idatzita utzi zuenez, aurrera egiten segitzeko, ezinbestekoa zitzaion metafora hori. «Bizitoki dudan kaos honetan, bizitza den maitagarri ipuin malefiko honetan bizirik iraun ahal izateko eta mundua den labirinto engainagarri honetan borrokan jarraitu ahal izateko, metafora bat behar dut». Egilearen obrarik ezagun eta ikonikoekin batera, egilearen alderik ezezagunena ere jarri dute ikusgai, eta irailaren 28ra arte egongo da zabalik.

Garikoitz Fraga Angoitia artista eta Belleza Infinita argitaletxeko kideak egin ditu komisario lanak, eta sei urteko ikerketa lanaren emaitza da orain ikusgai jarri duten bilduma. Fragak onartu duenez, ez zuen berehalakoan baietz esan, ordea. Aurrez ere, Egillorren Agur, amante izeneko komikia berreskuratu eta argitara eman zuen Fragak, 2021ean. Eta hain zuzen ere artista ezagun zuelako egon zen ezetz erantzutekotan, Rekalde aretoak hari buruzko erakusketa bat antolatzeko eskatu zionean. «Erronka zaila zen», aitortu du.

«Hil zenean haren etxetik atera zuten material guztiaren %10 baino ez dago ikusgai erakusketa honetan»

GARIKOITZ FRAGA ANGOITIAKomisarioa

Fragaren hitzetan, diziplina asko lantzeaz gainera, diziplina horietako bakoitzean lan kopuru handia egin zuen Egillorrek, eta, gainera, ez zuen lanak gordetzeko ohitura handirik izaten. Bilaketa lana zaila izango zela jakinik ere, eta lan kopuru hori guztia antolatzeko buruko minak izango zituela bazekien arren, onartu egin zuen enkargua Fragak, azkenean. «Ireki dugun erakusketa hau ez da erakusketa bakar bat», laburbildu du, «hemen bost edo sei erakusketa daude». Eta, hala eta guztiz ere, erakutsitakoa «izozmendiaren punta» besterik ez dela esan du Fragak. «Hil zenean haren etxetik atera zuten material guztiaren %10 baino ez dago hemen».

(ID_14726415) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-02-28, Bilbo. Juan Carlos Eguillor artistaren erakusketa Rekalde aretoan
Bi bisitari Egillorren kartelei begira, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Kartelgintzako lanak erakusten ditu erakusketako lehen hormetako batek. Bertan elkarren ondoan ikus daitezke 1978an Txomin Barullo konpartsarentzako sortutako Bilboko Aste Nagusirako kartela, batetik, eta 1987an Bilboko Udalaren eskariz sortutakoa bestetik, txupineraren irudia duela. Eganek eta Akelarrek elkarrekin emandako kontzertu bat iragartzeko margotutako irudi bat ere badago. Euskadiko Ezkerrako jai baterako sortutakoa. Espainiako Gobernuaren eskariz irakurketa sustatzeko kanpaina bat ilustratzeko margotutakoa. Guztiak ere artistaren estilo bereizgarrian egindakoak.

Ikurrina zuri-beltza

Ikurrina zuri-beltz erraldoi baten itxurako horma irudia batea bildu dituzte Egillorrek euskal gatazkari buruz egindako komiki zintak. Ezker zein eskuin jotzen du bertan egilearen eztenak. Garratz maiz. Ameskoi tarteka. Eta aldi berean garratza eta ameskoia den umore tanta batekin ere bai beste batzuetan. «Euskadi normalizatzeko zer egin behar den esango dizut». Esate baterako, marrazki batean, leiho bat dago atzealdean. Leihoaren beste aldean, oinarri sendorik gabeko zubi industrial bat ikusten da, eta barrualdean, bi gizon trajedun, herrialdearen etorkizunari buruzko solasaldi serio batean murgilduta. «Lehen-lehenik EAJkoak egingo gara denok, eta gero bakoitzak bere Edipo konplexua garatuko dugu». Baina badira ETAri, etengabeko manifestazio deialdiei eta bestelako hamaikari egindako komiki zintak ere. «Ikonoklasta hutsa zen», borobildu du Fragak.

(ID_14726418) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-02-28, Bilbo. Juan Carlos Eguillor artistaren erakusketa Rekalde aretoan
Ilustrazio lanak eta komikiak ere ikus daitezke erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Artistak 1986an sortutako Menina bideoa ere ikus daiteke erakusketan. Ordenagailuz sortutako hamar minutuko animazio lan bat da pieza, eta Madrilgo Reina Sofia Arte Zentroan erakutsi zuen lehenengoz. Fragak gogoratu duenez, aitzindaria izan zen lana, eta, zehaztu duenez, bizitza osoan eutsi egin zion jarrera horri. Hoorren erakusgarri 2000. urtetik aurrera Interneteko Second life plataforma digitalean egindako ibilbidea aipatu du artistak; Max Bilbao izengoitia erabili zuen lan hori sinatzeko.

Erotismoa eta sadismoa

Aurrez inoiz ikusi gabekoak dira erakusketan bildutako obretako asko. Erotismoarekin eta sadismoarekin lotutako atala da horietako bat. Gizon gihartsuen hamaika irudi topatuko ditu bertan bisitariak. Fraga: «Sekula ez zen gai honi eskainitako lanak erakusketara ausartu».

1980ko hamarkadan Bernardo Atxagaren eskutik eman zuen Egillorrek literatur ilustrazioetarako urratsa, eta esparru horretan egindako hainbat lan ere ikus daitezke erakusketan. Azkenik, egileari egindako hainbat elkarrizketa eta haren familiako argazkiak bildu dituzte azken gunean.

Rekalde areto berrituak hartu duen lehen erakusketa da Egillorrena. Hainbat hilabetez itxita egon ondoren, urtarrilean amaitu zituzten aretoa handitzeko lanak. 1991n zabaldu zituen ateak, eta Bizkaiko Aldundiak kudeatzen du. Orain artean, Rekalde kaletik izan du sarbidea, baina, lanez geroztik, Iparragirre kalekoa izango du sarrera nagusia. Aurrerantzean ere aretoak arte garaikidea herritarrei gerturatzeko asmoari eutsiko diola ziurtatu du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.

(ID_14726413) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-02-28, Bilbo. Juan Carlos Eguillor artistaren erakusketa Rekalde aretoan
Egillorrek sortutako Abuelita pertsonaiaren figura bat, Rekalde aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.