Oihartzun handiko idazlea da Joyce Carol Oates. 1963an eman zion hasiera bere ibilbide literarioari, eta ehunka lan argitaratu ditu ordutik hona egile estatubatuarrak. Horien artean, Rape: a love story eleberria argitaratu zuen 2003. urtean, eta hura da, Xabier Olarraren itzulpenean eta Igela argitaletxearen eskutik, euskarara heldu den Oatesen lehen lana: Bortxaketa: amodiozko istorio bat.
Bere liburuetan gai ugari jorratu ditu Oatesek, Igela argitaletxeko Inazio Mujikak esan duenez: «Genero asko ukitu ditu idazleak bere ibilbide luzean: antzerkia, poesia, eleberria... Besteak beste, landa eremuko pobreziaz, klase arteko tentsioez, emakumeen aurkako indarkeriaz, boterea lortzeko lehiaz eta arrazen arteko gatazkez aritu izan da». Gehitu du Oates Nobel sarietako zerrendetan askotan egon dela, baina oraindik ez duela lortu saria. 2020. urtean, Pepe Carvalho saria irabazi zuen, Bartzelonan eleberri beltzei ematen zaiena.
Eta, hain justu, Pepe Carvalho sariaren harira ezagutu zuen Olarrak Oates. «Horren harira hasi nintzen haren liburuak irakurtzen», kontatu du. «Argitaletxeari Oatesen pare bat libururen itzulpena egiteko proposamena helarazi nion, eta, azkenean, Bortxaketa eleberria aukeratu genuen, gaiarengatik». Emakume gazte alargun batek jasandako talde bortxaketa kontatzen da liburuan, uztailaren 4ko festa egunean girotutakoa. «Lehen kapituluan bortxaketa gertatzen da. Liburuko kapituluak laburrak eta kondentsatuak egitea lortu zuen Oatesek, oso gai da-eta 800 orrialdeko eleberriak egiteko, baina baita lan txikiagoak ongi azaltzeko ere», esan du Olarrak.
Emakumeen aurkako indarkeria deskribatzeaz gain, liburuan Amerikako Estatu Batuetako justizia sistemari kritika sakona ere egiten dio, eta horien inguruan ageri diren pertsonaia nagusiak oso ongi aukeratuak daudela iruditzen zaio itzultzaileari. «Oatesi gai gogorrak jorratzea kritikatu izan zaio, bortxaketak eta indarkeria kasuak bere liburuetan gai ohikoak izan baitira», gogoratu du itzultzaileak, eta gehitu du «belarri fina» nabari zaiola egileari: «Istorioan zehar, ingurukoen zurrumurruak oso ongi irudikatu ditu Oatesek».
Eleberriak irakurleari ez diola hutsik egingo ohartarazi du Olarrak. «Bukaera ez da gozoa, baina ezta oso latza ere», esan du. Itzulpenari dagokionez, bestalde, arazo handirik gabeko liburu bat iruditu zaio Bortxaketa Olarrari. «Hizkuntza aldetik ez da zaila izan ingelesetik euskaratzea. Arazo nagusia bi esanahi zituzten esaldiak izan dira, Oatesek zer esan nahi zuen identifikatu behar izan dut-eta lehenengo», kontatu du.
Ilustrazio «arina»
Araiz Mesanza ilustratzaileak diseinatu du liburuaren azala. Gaia dena izanda, Mesanzak adierazi du harekin zerikusi zuzena zuen marrazkia egin duela, baina kontrastea bilatuz: «Gaia bortxaketa bat izanda, liburua astuna da, indartsua. Horri kontrapisua egiteko azala arina izatea nahi nuen; horregatik, ilustrazioa marra finekin eta zuri-beltzean egitea erabaki dut». Bortxaketa irudikatzeko bi esku marraztu ditu ilustratzaileak: «Tentsioa, baimenik gabeko ukituak, erasotzaileen intentzioak... hainbat gauza agertzea nahi nuen, eta uste dut lortu dudala. Bi aukera nituen hasieran, baina aukeratutakoa da egokiena dudarik gabe».