Euskararen alde egin duen lanagatik jaso du gaur Joxerra Garziak Anton Abadia saria. Epaimahaiaren ustetan, "langile nekaezina" izan da Garzia eta alor askotatik egin du lan euskara sustatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Xabier Laka eskultorearen irudi bat eta 12.100 euroko saria eman dizkiote.
ETBko Hitzetik hortzera bertsolaritza saioan egin zen ezagun Garzia. Saioaren sortzaile, aurkezle eta zuzendari izan zen. Saio hartaz haratago, bertsolaritzari loturik lan asko egin izan du; besteak beste, hari buruz egin zuen tesia, eta gai-jartzaile ere aritu izan da bertso saioetan.
Filosofia eta Kazetaritza ikasi zituen, Bartzelonan, eta doktore da Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Publizitatean. EHUko irakaslea da. Hain zuzen ere, publizitatearen alorrean Garziak egindako lana goraipatu du Abadia sariko epaimahaiak. "Publizitatean euskararen erabilera duina eta imajinazioz betea bultzatu du, gaztelaniarenganako menpekotasunetik aldenduta".
Hitza eta hizketa dira, oro har, Joxerra Garziaren langaiak. Epaimahaiak aitortu du "hitzaren langilea" dela: "Ez da teoria hutsetan galtzen diren jakintsu horietakoa, baizik eta tailerreko jakintsua da". Besteak beste, jendaurrean hitz egiteko eskuliburua argitaratua du. "Nabarmendu izan du, hizkuntza zuzenaz harago, une bakoitzerako egoki dena erabili behar dela".
kultuRA
Joxerra Garziak Abadia saria jaso du, euskararen alde egin duen lanagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu