Egungo feminista askok onartu eta are harrotasunez aldarrikatzen dituzte gizarteak asmo gaitzeslez sortu eta erabilera peioratiboz zabaldutako izendapen batzuk. Joera horretan aitzindari dute, neurri batean bederen —garaiak ameti zitzakeen muga estuen barruan betiere—, Joxepa Antoni Aranberri Petriarena bertsolaria. Amaia Zubiriaren ahotsean aski ezagun egin diren Bertso berriyak, neska zar batek bere burubari jarriyak bertso sortaren egilea izateaz gain, Enrike Elizetxetak Ibaizabal aldizkarian neskazaharrei buruz 1902an argitaratu zituen bertso sarituei zorrotz erantzun zien Aranberri Petriarenak, bertsotan, argituz, besteak beste, neskazahar guztiak ez zirela senargai edo senarrik ez izateagatik ernegatuta bizi. Errenteriako Udaleko Berdintasun Kontseiluaren enkarguz, Joxepa Antoni Petriarenaren biografia bat idatzi berri du Elixabete Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, eta Interneten doan irakurtzeko moduan jarri, Errenteriako Udaleko webgunean, http://www.errenteria.info/files/Joxepa_Antoni_Aranberri.pdf helbidean, argazki, grabazio eta loturekin osatuta. Oraingoz argitalpena ez da kaleratu paperezko liburu gisa.
Errenterian 1865ean jaio eta 1943an hil zen Aranberri Petriarena, eta Juan Francisco Petriarena Berrondo Xenpelar bertsolari ezagunaren (Errenteria, 1835-1869) iloba zen, Xenpelar azken urteetan zaindu zuen Maria Luisa arrebaren alaba zehazki. «Ni ez naiz aditua bertso kontuetan, baina herrikoa naizenez laguntzeko modu bat iruditu zitzaidan biografia hau idaztea», azaldu du Perez Gazteluk. «Antonio Zabala izan da abiapuntua, garai hartako edozein bertsolari ikertzeko ezinbestekoa baita harengana jotzea. Zabalak Joxepa Antoni Aranberri Petriarenari kapitulu bat eskaini zion Xenpelarri buruzko liburuan [Xenpelar eta bere ingurua, Sendoa, 1993], haren iloba zenez, eta nire helburua izan da hura adar izatetik bere lekua izatera eramatea».
Zabalak idatzitakoa «kokatu» egin du Perez Gazteluk, eta, «osatzeko», dokumentazioa bilatu. «Horregatik, pentsatu nuen aukera ona izango zela audioak ere sartzea, eta Mirari ahizpak Aranberri Petriarenaren bertso batzuk kantatu eta grabatu ditu Eresbilen, grabazioak liburuaren osagarri gisa jartzeko. Horrez gain, Internetek ematen dituen aukerak baliatu ditut hainbat dokumentutara loturak egiteko ere».
Fabrikako langilea
«Bertsolari hau ulertzeko nahitaezkoa da bere garaian kokatzea», Perez Gazteluren iritziz. «Ez da baserritarra, kaleko bertsolaria baizik; etxeko eta fabrikako langilea da. Garai hartako emakume batek zer kontatzen duen eta bere plaza non eta nola bilatzen duen ikusteko ere interesgarria da. Emakumeak ez ziren ibiliko garai hartako sagardotegietan, baina jostundegietan biltzen ziren. Uste dut ikertzeko dagoela garai hartan jostundegiek emakumeen elkarleku eta plaza gisa izan zuten garrantzia». Aranberri Petriarena ez zen jostuna, fabrikako langilea baizik, baina lagunarte estimatua zuen jostundegian.
«Bertso asko egin zituen Aranbarri Petriarenak, orain ere egiten diren bezala, enkarguz, zorionak emateko eta abar», ekarri du gogora Perez Gazteluk. «Baina bereziki interesgarriak dira Alemania eta Ingalaterraren arteko gerrari egin zizkion bertsoak, 1914koari. Munduari begira zegoen. Erlijioa eta Eliza oso garrantzitsuak ziren berarentzat, baina horrek ez zion eragozten munduan gertatzen ari zenari buruzko interesa izatea».
Interesgarriak dira haren bertsoak «alderdi sozialaren aldetik» begiratuta ere. «Adibidez, Magdalenako ermita konpontzeko eskatu zuen bertsoen bidez. Eskatzeko modua da bertsoa. Gosetearen garaian patatak banatzerakoan berari ematea ahaztu egin zitzaiela salatzeko ere badarabiltza bertsoak. Ikusten da umorea baduela, eta irakurtzea ere gustatzen zitzaiola, bere neurrian. Resurreccion Maria Azkuek zuzentzen zuen Bilboko Ibaizabal aldizkarira bertsoak bidaltzeko ausardia ere izan zuen… Nik uste dut emakume honek alderdi askotatik duela interesa».
«Gure mundutxoan ezer gutxi dugu soberan, eta aukera dugunean ahalegina egin behar dugula uste dut honelako pertsonaiek egindako lana berreskuratzeko», dio Perez Gazteluk. «Aukera dagoenean behintzat ahalegin hori egin behar da, eta aurreiritziak ez dira oso onak izaten. Uste dut interesgarria dela emakume hau izan zela eta zer egin zuen jakitea. Batez ere emakumea delako, emakumeek, are gehiago garai hartan, beren ahotsa entzunarazteko eta plazara ateratzeko izandako zailtasunak aintzat hartuta. Inoren ez-dakit-zer izan gabe, bere lekuaren jabe dela uste dut».
Joxepa Antoni Aranberri, jostundegiko bertsolari ausarta
Xenpelarren ilobaren biografia idatzi eta sarean irakurgai jarri du Elixabete Perez Gazteluk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu