Joxean Sagastizabalen deabruak eta umorea, 'Andromedan'

Nobela laburra argitaratu du idazleak, Erein argitaletxearekin. Apaiztegitik atera berritan mundu normalarekin topo egiten duen gizon gaztea bihurtu du protagonista

Joxean Sagastizabalek atzo aurkeztu zuen Andromedan liburua, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Joxean Sagastizabalen (Eibar, Gipuzkoa, 1956) Andromedan nobela laburraren sinopsi posible bat: 24 bat urteko gizon apaiztu berri batek, Juantxok, mundu normalarekin egingo du topo apaiztegitik irtendakoan. Haren nagusiak, gotzainak, hots egin dio, Santa Agedako parrokian zerbait oso xelebrea gertatzen delako. Eta hor doa Juantxo Santa Agedara, ikertzera, eta hamaika gauza gertatuko dira haren inguruan. Maitasun istorio bat ere bai, eta deabru, aingeru, zeru eta infernu kontuak.

Idazlearen helburua: «Tristeak kontsolatzeko makina txiki bat izan dadila», Anjel Lertxundik 1981ean Ereinekin argitaratu zuen narrazio liburua gogora ekarriz. Haren Tristeak kontsolatzeko makina izan da, izan ere, Sagastizabalen nobelaren inspiratzaileetako bat. Itxialdian irakurri dituen euskarazko bost liburuek aurretik irakurriak zituen hamaikekin ateratako ondorioa berretsi besterik ez duelako egin, azaldu duenez: «Euskarazko literatura oso tristea da. Horrekin ez dut esan nahi txarra denik, inondik ere, baina nire liburuska hau bada ahalegin txiki bat poztasun pixka bat ekartzeko gure mundu triste honetara». Horretarako, aurreko haren fikzio lan ia guztietan konstantea izan duen ezaugarriari eutsi dio oraingo honetan ere: umoreari. «Eta aurrera dezaket happy end erabatekoa daukala nobelak».

Teologoa eta exorzista

Andromedan-en genesian, Lertxundiz gain, badira beste bi pertsona ere. Bata, Origenes teologoa, Apokatastasiaren dotrinaren sortzailea; «kristautasunaren aitetako bat», Sagastizabalen esanetan. «Origenesek zioen denok hain ongi ezagutzen dugun kristautasunaren infernua ez zela betirako, jainkoak sortu dituen guztiak egunen batean bueltatuko direla beren sortzailearengana». Horrek esan nahi luke Satan bera eta gainerako deabru guztiak egunen batean bueltatu egingo direla jainkoaren besoetara. «Orduko eta gaurko Elizarentzat, tesi hori herexia bat zen»; eta, ondorioz, Origenesen Apokatastasitik «asko» ekarri du Sagastizabalek nobela berrira.

Batxilergoko ikasle zela, 12 urterekin, ezagutu zuen idazleak II. mendean jaio eta III.an hil zen Origenes. «San Bernardo, San Geronimo eta Origenes batera ezagutu nituen, fraide ikastetxe batean ikasle nintzela, eta egungoko inpresioa egin zidan». Ez zen gutxiagorako: haragizko tentazioaren aurrean, San Geronimok bere burua larrugorrian elurretara bota zuela esan zioten; San Bernardo sasi artera bota zela; eta Origenesek bere burua zikiratu zuela. «Hori kontatu ostean, egin ziguten galdera zen: 'zeuk zer egingo zenuke?'. Eta guk, gure 12 urteekin, galdera horri erantzun behar izan genion».

Sagastizabalen azken liburuko hirugarren inspiratzaile nagusiak ere, bada, badu zerikusirik Eliza Katolikoarekin eta deabruekin: Jose Antonio Fortea izena du, eta exorzista da Alcala de Henaresko (Madril) gotzaitegian. «Gotzaitegi bakoitzak du bere exorzista, izan ere. Bihar edo etzi hemen bertan Satan agertu eta norbaitetaz jabetuko balitz, Munilla jaunak izango luke nori deitu, exorzismoa egin zezan». Fortea exorzista, bada, idazlea ere bada. «Zoragarria», gainera. Batez ere, haren lanak serio irakurtzen ez direnean. «Bi tesi idatzi ditu, tochus terribilis motakoak: Summa daemoniaca eta La tiniebla en el exorcismo. Milaka orrialde». Biak irakurri ditu Sagastizabalek. Goitik behera. Hilabeteak behar izan ditu horretarako. Hala, «Fortearen mundu ezin eroago baino ikaragarri entretenigarri horretatik ere badago zerbait nobela honetan».

Erlijioa ez da berria Sagastizabalen lanetan. Duela lau urte Pamielarekin eman zuen Peru Apreta, mistikoa saiakeran, esaterako, gai zentrala zen. Urtebetean idatzi zuen hura, baina bizpahiru behar izan zituen aurretik Korana, Biblia eta beste irakurtzeko, idazketa hura prestatzeko. «Orduko erlijio liburuen irakurketak ondo etorri zaizkit hau idaztekoan. Eta liburu honetarako dokumentatzen ere denbora asko pasatu dut».

Webgune eta irrati kate ultrakatolikoetan kuxkuxeatu zale da Sagastizabal. Azken lanaren aurkezpenean nabarmendu duenez, «gure mundu hau ez dago ulertzerik erlijio nagusien inguruan zerbait gutxienez jakin gabe». Budista da bera.

Kutsidazu bidea, Ixabel (Alberdania, 1994) da Sagastizabalen lanik ezagunena, zalantzarik gabe. Idazlearen lan guztiak lotzen dituen umore soka nabarmendu du Inazio Mujikak, Ereineko editoreak: «Nik beti esaten diot Joxeani berea komiki bat dela, idatzia. Album ilustratua egin daiteke haren lan gehienekin. Honekin ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.