Joxe Mendiaga atzerriko euskaltzalea goraipatuko du Arrokiagako pastoralak

Argentina, Txile eta Uruguain bizi izan zen olerkariaren bizitza ekarriko du gogora Jean Bordaxarrek idatzitako tragediakPastoralaren agerraldiak uztailaren 29an eta agorrilaren 5ean izango dira

Arrokiagako herritarrek pastoraleko mustrakak hasi dituzte, Jean Fabien Lexardoi errejentaren gidaritzapean. ALLANDE SOKARROS.
Arrokiaga
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Jean Bordaxar herriko seme eta kantari ezagunak idatzitako Joxe Mendiaga pastoralaren mustraka edo trebatze saioei ekin berri diote Arrokiaga (Zuberoa) herriko txikiko bizilagunek edo jatorrikoek. Ezen, Agirre presidenta tragedia 1995. urtean aurkeztetik 17 urteren buruan, atzerrian —zehazki Argentinan, Txilen eta Uruguain— bizi guztia igaro zuen olerkari, bertsolari eta euskaltzale sutsu bezain ezezaguna goraipatuko du Sohüta-Hoki eta Barkoxe artean den 120 biztanleko herri txikiak.

Joxe Mendiaga pastorala, beraz, datozen uztailaren 29an eta agorrilaren 5ean ikusgai izango da. Erronka gaitz horri heltzeko gisan, Arrokiagan bertan bizi direnez gain, beste herrietara bizitzerat joan diren herritarrak zein euren bizilagunak ere igoko dira oholtza gainera bi egun horietan. Azken batean, Arrokiagatik deserriratu egin diren arizale horiek, bere sorterritik kanpo bizitzerat joan behar izan zuen euskaldun eta euskaltzale batekin nolabaiteko antzekotasunik kausituko dute pastoralaren bitartez.

Joxe Mendiaga-Larregain, Alduden (Baxenabarre) sortu zen 1845eko apirilaren 27an eta Montevideon (Uruguai) hil 1937ko irailaren 12an. Aurten beteko dira, beraz, 75 urte zendu zela.

Bizitza luzea izan zuen, beraz, baita oparoa ere, batik bat haurtzarotik ikasia zuen euskararen aldeko konpromiso eta lanetan.Alduden jaio bazen ere, haurtzaroaren denbora gehiena eta gaztaroaren hasiera Hazparnen (Lapurdi) igaro zuen, bere gurasoekin batera Hego Amerikara 18 urterekin erbesteratu zen arte. Mendiaga sendia Uruguain bizi izan zen gehienbat, eta Joxe Mendiaga bera tabako fabrika bateko jabea eta ugazaba bilakatu zen.

Euskal Herritik kanpo bizitzerat behartuta izan diren gehienek jaioterriarekin edo arbasoen jatorrizko lurrarekin atxikimendu zerbait hazi badute ere, askok euskara ahaztu egin dute urteen poderioz, edo sekula ez ikasi ere. Hori ez zen Joxe Mendiagaren kasua izan, Ipar Euskal Herriko semeak gure hizkuntzarekiko atxikimendu eta zaletasun handia agertu baitzuen burutik buru. Euskarazko idazlan asko ondu zituen bere bizitza osoan, batez ere olerkigintza eta bertsolaritza alorretan. Montevideoko Euskal Erria aldizkarian argitara eman zituen bertso eta olerki anitz, eta haietan Euskal Herriaeta euskal nortasunagoretsi zituen beste ezeren gainetik.

Euskararen alde horrelako lan oparoa egin izanagatik ere, guztiz ezezaguna geratu zen Euskal Herrian, edo, behintzat, Piarres Xarriton euskaltzainak 1992. urtean haren idazlanak oro liburu batean bildu eta argitara eman zituen arte.

Jean Bordaxarrek parte batean horrela zuen Joxe Mendiagaren figuraz berri hartu. Kantariaren hasierako egitasmoa izan zen, haatik, euskaldunen erbesteratzeaz pastoral bat egitea. «Ipar Amerikara, AEBetara eta Quebecera, deserriratu egin zirenen inguruan ikerketak egiten hasi nintzen», azaldu du Bordaxarrek, «baina, aztertzeetan aurrera joan ahala, pastoral baterako pertsonaiak egon zitezkeela ohartu banintzen ere, guztiz aipagarri izan zitekeenik ez nuen antzeman; hortaz, Hego Amerika aldera begiratzen hasi nintzen, eta, Joxe Mendiaga aurkitu eta gero, horrek Euskal Herriari eta euskarari agertutako betiko maitasun eta zaletasunak harriduraz bete ninduen».Joxe Mendiagak pastoral bat zinez merezi zuela gogoan harturik, lau hilabeteko tartean idatzi zuen Bordaxarrek 24 jelkaldiz osatutako tragedia.

Hizkuntzari errespetua

Euskal Herritik aldendurik bizi izan zen batek euskarari hainbesteko maitasuna eta zaletasuna erakutsi izana gogoan zuelarik, ziur asko, Arrokiagako herritarrek pastoraleko errejent kargurako hautatu dute Jean-Fabien Lexardoi Barkoxeko semea, eta hura argi eta ozen mintzatu da lehenbiziko mustrakatik. «Gure hizkuntza behar dugu errespetatu. Pastorala euskaraz emana den zerbait da; hori dela eta, nik euskaraz eginen dizkizuet trebaldi saioak». Hori zaila izango zaio, haatik, kantarien trebatzailea izango denari, Sophie Larrandabururi ——hori ere barkoxtarra da—, euskaraz ez baitaki. Kantuei dagokienez, hain zuzen, 11 egongo direla zehaztu du Jean Bordaxarrek, berak idatzitakoez gain, Joxe Mendiagak ondutakoak ere bai, segur aski.

Pastoral baten osagaietan diren satan dantza-jauzi emaileen eskolatzaile lanetan, baita ikusgarrian egongo den ballet sorkuntzak paratzean ere, arituko da Maddalen Orabe, Arrokiaga bertakoa baita. Tragediako pertsonaia Hego Amerikan biziizan delako aitzakian, eskualde hartako dantzaren bat edo beste egongo da pastoralean, eta horien ikasarazten arituko da Alberto Caccuri, Argentinatik etorria baita, eta Maule-Lextarren bizi.

Oro har, beraz, pastoralaren magiak hurrengo sei-zazpihilabeteetan beteko dituArrokiagako herritarrengogo-bihotzak, tematsu eta gogotsu hartuko baitute Zuberoako antzerki zaharra transmititu eta biziberritzearen lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.