Literatura

Joxan Oiz Arrutiren 'Amazurtza' nobela ardatz hartuta hasiko da (H)ilbeltza

Euskal nobela beltzaren astea urtarrilaren 20tik 26ra egingo dute, Baztanen. 11. aldia izango da, eta, liburu aurkezpenekin ez ezik, dokumental baten emanaldiarekin eta beste hainbat ekitaldirekin ere osatu dute egitaraua.

(H)ilbeltzaren antolatzaileak, 11. aldiko kartela eskuetan. (H)ILBELTZA
(H)ilbeltzaren antolatzaileak, 11. aldiko kartela eskuetan. (H)ILBELTZA
Garazi Karrera
2024ko abenduaren 20a
12:39
Entzun

Eleberri beltzak agertoki jakin bat izan beharko balu, Baztan izango litzateke (Nafarroa). Gune menditsuetako pagadiek, Baztan ibaiak eta ibarreko behe lainoak izango dute zer apaindua. Agertokiaren argiztapena eta soinu banda, berriz, ilbeltzeko eguraldiaren araberakoa da: elurteak, euriteak eta iluntasuna, besteak beste. Bada, inguru horretan antolatu dute, beste urte batez, (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea. Hilaren 20tik 26ra bitarte egingo dute, eta 11. aldia izango da.

Egitarauari dagokionez, Joxan Oiz Arrutiren Amazurtza nobela ardatz hartuta emango diote hasiera asteari, Arizkunen. Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko VII. (H)ilbeltza beka irabazi zuen iaz Oizek, eta horri esker, sari ekonomikoa eskuratzeaz gain, Txalaparta argitaletxearekin kaleratu du liburua. 1876ko gerraren akaberan girotu du kontakizuna, Donostian, eta kapela saltzaile bat da protagonista.

Horren ondotik, asteazkenean, Idoia Santamaria itzultzaile eta zuzentzaileak Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak solasaldia gidatuko du Anizen. Ostiralean, berriz, Arg(h)itzen dokumentala proiektatuko dute Iruritan. Torturatutako  30 sakandarren lekukotzak bildu dituzte hartan, baita zenbait adituren ekarpenak ere. Horien artean dira Serge Portelli magistratua, Amaia Izko eta Iñigo Iruin abokatuak, Martxelo Otamendi kazetaria eta BERRIAko zuzendari ohia, Ainara Iraizotz eta Amaia Andrieu psikologoak, Laura Pego kriminologoa, eta Iñaki Egaña historialaria. Ekainaren 26an estreinatu zuten, Altsasun (Nafarroa).

Hitzak eta abarrak

Egun osoko festa izango dute larunbatean. Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) mahai ingurua egingo dute Edurne Elizondo eta Mikel Elortzak Elizondon, 11:00etan, Isabel Jaurenaren gidaritzapean. Hiru ordu geroago, bazkaria izango da Erratzun, eta, bazkalosteko kafearekin batera, Izaskun Gracia Quintanak eta Iñaki Petxarromanek euren liburuak aurkeztuko dituzte. Graciak, batetik, «idealizatutako» familia eta natura deseraiki nahi izan ditu Basokoa eleberrian. Bestetik, Petxarromanek, klima larrialdia eta Euskal Herriko politika ardatz hartuta, thriller kutsuko istorio bat irudikatu du Lehendakariaren alaba nobelan. Azkenik, jolasean amaituko dute eguna, Erratzuko ostatuetan barna.

Azken bi ekitaldiak igandean izango dira. Xartolako Axeriitzuli beltza egingo dute 11:00etan, Azpilkuetatik abiatuta. 19:00etan, berriz, Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia ikuskizuna emango dute Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak. Kantuak, azalpenak, musika, irudiak eta testuak uztartzen ditu saioak; funtsean, hitzaldi musikatu bat izan daiteke, Elorriagaren hitzetan. Hilketak, bortxa, gerrak, heriotza, kolpeak, sastatzeak eta abarrak biltzen ditu emanaldiak, Erdi Arotik hasi eta gaur egun arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.