Soinuz, giza ahotsez, iraganeko irudiz, eta gaur egungo begiradaz ondutako film bat sortu du Peru Galbete artistak (Usurbil, Gipuzkoa, 1987): poemaz osatutako poema bisual bat, Joxan Artzeren (Usurbil, 1939-2018) olerkien oihartzunei segika. Bide bazterrean hi eta ni kantari du izena, eta bederatzi minutuko iraupena du. Zehazki, Artzeren audiopoema batzuetan oinarritutako film labur bat da. Egileak azaldu duenez, poetaren hitzen gaineko interpretazio pertsonal bat egin du, eta berak urteetan grabatu dituen askotariko irudiz jantzi. Atzo estreinatu zuen obra, Iruñean, Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren Sail Ofizialean.
Bigarren aldia du Peru Galbetek Ikuspuntun. 2020an aurkeztu zuen ikus-entzunezko lan bat jaialdian estreinakoz, Sail Ofizialetik kanpo izanagatik ere: Ura sartu zen barrura (2019). Iradoki duenez, baina, aurten beste urrats bat egin du aurrera, eta «poz-pozik» da hori erdietsita.
Urteetako lanaren emaitza da Bide bazterrean hi eta ni kantari.Aspaldi zuen ikus-entzunezko batean herrikideaz aritzeko desioa. «Beti eman dit atentzioa», kontatu du. Dena dela, hasierako asmoek ez dute bete-betean bat egiten azken emaitzarekin. Galbetek iritzia aldatu du bidean. «Garai batean, Joxan Artzeri buruzko zerbait egin nahi nuen, Joxani berari buruzkoa, ulertu nuen arte berak ez zuela nahi pertsona ezagutarazi; bai, ordea, obra», esplikatu du. Gainera, oroitu duenez, behin baino gehiagotan hitz egin zuten biek gaiaz: «Dokumentalaren ideia botatzen nion aldiro, ezezko bat jasotzen nuen bueltan».
Joxanenak eta Perurenak
2018ko urtarrilean hil zen Artze, eta, egileak aitortu duenez, haren heriotzak franko baldintzatu du film laburra eraikitzeko manera. «Luze izan nuen ideia buruan bueltaka». Ordurako, Galbetek grabatuak zizkion zenbait audio eta bideo poetari, errezitatzen ari zela, besteak beste. Horiek horrela, haiek baliatzea erabaki zuen azkenean, bere beste irudi batzuekin elkartuta. «Bizitza osoan grabatuz joan naizen irudiak dira, askotarikoak. Eta ez soilik nireak, baita nire aitarenak ere», zehaztu du. Hain zuzen ere, irudion muntaketak berebiziko garrantzia izan du filma sortzeko lanean. «Intuizioak» gidatu du pauso horretan, azaldu duenez. Arian-arian ikusteak zerk funtzionatzen duen hobeki, eta zerk ez hain ongi.
Nabarmendu duenez, Artzeren poemetan dagoen «atmosfera» irudikatzea izan da asmoa film laburrean. «Ez poemak literalki esaten duena irudietara eramatea, baizik eta nire interpretazioa irudikatzea. Uste dut haren poemetatik abiatuta konta dezakedala nirea den zerbait», argitu du. Gainera, azpimarratu du poemak ez direla film labur osoan zehar aditzen edo ikusten. Ahotsik gabeko tarteak ere baditu, eta horiek ere parada ematen dute inspirazioari tokia egiteko.
Filmean azaltzen diren olerkiek askotariko gaiak jorratzen dituztela azaldu du Galbetek. Mintzo dira heriotzaz, denboraren joanaz eta bizitzaz. Baita ametsez ere. Dena dela, aitortu du Artzeren Bide bazterrean hi eta ni kantari lana —film laburraren izen berekoa— bereziki inportantea dela harentzat. «Bakoitzak bere bidea egiten du, eta, justuki, poemak dioena da zu irits zaitezkeela puntu batera, eta, gero, obra hartzen duenak ere bidearen beste parte bat egin beharko duela. Polita iruditzen zait, hemen ere horrela gertatzen baita: nik egin dut nire partea bidean, eta, orain, ikusleak berea egin beharko du».
Poemen hitzei ez ezik, franko erreparatu dio soinuari ere. Izan ere, dioenez, Artzek alderdi horrekiko zuen sentiberatasuna aipatzekoa da. «Artze bere poema ospetsuekin eginiko kantengatik eta txalapartagatik da ezaguna batez ere. Baina, horretaz gainera, soinu eremua ere asko landu zuen», zehaztu du egileak.
Dagoeneko hila den norbaiti eskainitako lan bat egiteak ekarri dionaz hausnartu du Galbetek aurkezpenean. «Badauka halako karga gehigarri bat. Pisu bat. Nahita edo nahi gabe, lana omenaldi bihurtzen da. Oso prozesu polita izan da, baina baita asko zaindu beharrekoa ere». Lana bukatutakoan, Galbetek Artzeren familiari bidali zion dokumentala; ikusia dute jadanik, eta, egileak azaldu duenez, harrera ona izan da: «Esan didate gustatu zaiela». Pozik da, hortaz.
Estreinaldi gehiago
Aurten hamalau herrialdetako hemezortzi film ari dira lehiatzen Ikuspunturen Sail Ofizialean. Zerrenda horretako bi lan dira Euskal Herrikoak: Galbeterena da horietako bat, eta Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren Al borde del agua (Uraren ertzean) da bestea. Super 8 formatuan filmaturiko irudiak nahasiz sortutako film labur bat da, eta gaur pantailaratuko dute, hain justu ere. 10:00etan dute estreinaldia, Baluarten.
Joxan Artzeren obra interpretatu du Peru Galbetek bere film berrian
'Bide bazterrean hi eta ni kantari' du izena film laburrak. Iruñeko Ikuspuntu jaialdiaren Sail Ofizialean plazaratu dute lehenbiziko aldiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu