Joxan Artzeren lehen liburu postumoa aurkeztu dute

Txalapartari buruzko lan baterako hitzaurrea idazten hasi, eta prosa zein poesia aleak sortu zituen idazleak. Testuok eman ditu Elkarrek 'Txalaparta. Tradizioaren abaroan' lanean

Joxean Artze idazle eta txalapartarias, 2014ko urtarrilaren 14ko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 12an beteko dira hiru urte Joxan Artze (Usurbil, Gipuzkoa, 1939 - 2018) idazle eta txalapartaria hil zela, eta hura hil ondorengo lehendabiziko liburua aurkeztu du Elkar argitaletxeak. «Lehendabizikoa, hamaika testu utzi baitzituen; batek daki aurrerantzean gehiagorik ezagutuko diogun», Antxiñe Mendizabalen arabera.

Bera arduratu da Txalaparta. Tradizioaren abaroan liburuaren edizioaz, eta proiektuaren sorrera, txinparta, bilakaera eta Artze hil osteko edizio lanak azaldu ditu. «Ez da liburu erraza deskribatzen», azpimarratu du lehenik eta behin. Txalapartari buruzko lan mardul baten hitzaurre izatekoa zen berez, zehaztu duenez, Elkarrek duela hainbat urte Artzeri eskatu ziona, baina liburu bihurtu da azkenean, idazlearen arnasa luzeak lan soka luzea ekarri zuelako. Liburuko testuak dira lan horren eraldaketaren frogarik zuzenenak: «Prosaz hasten da, eta, aurrera egin ahala, txalapartaren inguruko azalpenak eta gogoetak modu lineal batean ematea ezinezkoa zaiola dirudi». Hala, Artzeren prosak bide bihurriagoak hartzen ditu liburuan zehar: lerrokatu gabeko esaldiak idazten hasten da, justifikatu gabe, letra larriak eta etzanak seinalatuz, esaldi bakoitzari erritmo berezia emanaz, edukiak eta formak bat egin dezaten, eta idazlearen oharrek presentzia handiagoa hartzen dute. Eta gero eta poesia gehiago tartekatzen hasten da.

Zaldiaren trosta

«Liburuan zehar, atalek gero eta balio sinboliko handiagoa daukate, eta azkenengoan espiritualtasuna nagusitzen da, bere bizitzan bezala», Mendizabalen esanetan. Zuhaitzaren erroak eta zaldiaren trosta ziren txalapartaren metafora ezin hobea Artzerentzat, hala irakur dakioke liburuko poema batean; txalaparta zen bizitzaren metafora ezin hobea bere bizi taupadak hotsaren eta isiltasunaren arteko orekan gauzatzen zituen idazlearentzat. «Txalapartaren mintzoa bere egin zuen poetaren argitalpenik berariazkoena da hau, Artzeren dimentsio guztiak biltzen dituena: tradizioa, poesia, estetika eta espiritualtasuna. Liburu honetan topatuko du irakurleak Artzerik poliedrikoena».

Poliedro horren ertzetan, amaitu gabeko esaldiak eta maketazio akatsak diruditen zalantzazko puntuazio markak aurkituko ditu irakurleak. «Eskerrak prestatuta utzi zizkigun, beti egin ohi zuen bezala, maketazio oharrak, diseinua. Era horretan, edizio lana ere errazagoa izan da. Izan ere, haren pentsamenduari jarraitzea, askotan, ez zen erraza izaten». Idazlearen nahien arabera argitaratu dute lana, azken batean, «egiazkoagoa eta originalagoa» delakoan.

Edukiaren osagarri, eta Artzeren lan egiteko modua ere halaxe zelako, liburuaren formari garrantzi berezia ematen saiatu dira, editorearen arabera: «Ahalik eta ediziorik koherenteena egiten saiatu gara». Emaitza, «liburu oso organiko bat» da, zehaztu duenez, orrialdeen testuragatik, koloreengatik, azaleko egur irudiagatik. Irakurlearen eskuentzako ahalik eta objekturik «goxoena» egiten saiatu dira.

«Joan aurreko azken egunetara arte heldu zion Joxanek proiektu honi», esan du Elkarrekoak. «Baten batek esan dezake amaitu gabeko liburua dela hau. Nik esango nuke amaierarik gabeko liburu bat dela. Iraungitzen ez den bizitzaren erritmoan sinesten zuen hark, eta liburu hau horren lekuko da». Horri lotuta, eskertza hitz bereziak eskaini dizkio Artzeren alargunari, Karmen Estebani: «Liburu hau opari bat da, Joxanek bere azken egunetan Karmeni egindakoa. Opari hori argitaletxeari utzi eta irakurle guztiekin partekatzeko aukera eman digu Karmenek».

Halaxe kontatu du Estebanek berak Txalaparta. Tradizioaren abaroan liburuaren hitzaurrean, hitzaurre eskaera batetik sortu zen lanean: «'Karmen, zure urtebetetzea laster izango da. Opari bereziren bat nahi al duzu?', esan zenidan goiz batean. Liburu hau oparitzea nahi nuela esan nizun. Une hunkigarria izan zen, hitzekin adierazi ezina».

Lan osagarria

Joxan Artzek Jesus anaiarekin batera txalaparta berreskuratzen, eguneratzen eta zabaltzen egindako lanaren garrantzia ere azpimarratu du Mendizabalek, eta Elkarrek duela urtebete eman zuen Txalaparta. Artze anaiak diskoaren proiektuarekin lotu: zazpi grabazio jaso zituzten disko horretan; CDaren liburuxkan, bi anaien ibilbidea laburbildu zuen Juan Luis Zabala idazleak; eta Interneten beste 60 bat grabazio jarri zituzten entzungai. «Txalapartaren ahalmen animikoaz eta sinbolikoaz ohartzen lehenengoak izan ziren Artze anaiak, eta tresna kontzeptualizatu eta Euskal Herriko agertoki guztietara eraman zuten 1960ko hamarkadan», nabarmendu du editoreak. «Liburu hau bilduma haren osagarri ere bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.