Jota ez da prestigio handiko generoa, eta, horregatik, desafioaren eta harrotasunaren artean dabiltza Josetxo Goia-Aribe saxofoi jotzaile iruindarraren hitzak. «Jotak maite ditut, bai, eta zer?». Ez da gutxiagorako: bi norabidetan du jotak haizea aurka. Handiak dira musika mota horren inguruko aurreiritziak generoa askorik ezagutzen ez dutenen artean, eta handia da tradizioarekiko errezeloa jota zaleen artean. Estigmatizatu egiten dute batzuek, eta estu izatera behartu besteek. Bi jarrera horien aurrez aurre dago Goia-Ariberena: «Mito bat da jota Nafarroan, baina nirea ez da militantzia. Beti hunkitu naute jotek, ume nintzenetik, eta musikari ipurtarina naizenez, ziurra zen goiz edo berandu jotei helduko niela». Haien inguruan eraiki du bere bakarkako zazpigarren diskoa, En Jota izenekoa.
Etengabea da tradizioaren eta berrikuntzaren arteko uztarketa Goia-Ariberen ibilbidean. Berak ere aitortu du: «Oso estimu handian edukitzen dut beti musika tradizionala. Nire herriko musika da, eta, behin hura neure egitean, beste hizkuntza baten bidez adierazten saiatzen naiz». Hori egin du bere aurreko lanetan musika tradizionalarekin, eta gauza bera egin du orain jotekin. Bere esparrura eraman du, bere hizkuntzara: jazzaren alorrera. Javier Olabarrieta pianistaren, Baldo Martinez kontrabaxu jotzailearen eta Arantxa Diez jota abeslari tafallarraren laguntza izan du horretarako. Eta Javier Colina kontrabaxu jotzaileak ere parte hartu du hiru abestitan.
2000. urtean kaleratutako Herrimiña izeneko diskoan ere egin zuen saiorik jotarekin, eta Diezen ahotsa izan zuen orduan ere lagun. Hamabi kantuz osatutako lana kaleratu du orain, eta ahotsa izan du gidari orain ere. «Gaur egun oso modu estuan ulertzen da jota, eta, horregatik, apurtzailea da gure taldea. Errondailaz eta akordeoiaz laguntzen da ahotsa gehienetan, eta guk ez dugu ez bata ez bestea erabiltzen. Egia esan, jota tradizionaletan ez da ahotsa laguntzen; subordinatu egiten da. Errondaila da jota menperatzen duena, eta abeslariak haren arabera aritu behar izaten du kantuan. Hori da jota tradizionalaz gehiegi maite ez dudan gauzetariko bat: kortse asko ditu».
Lanasen ondarea
Ez da beti hala izan, ordea, eta historiara jo du Goia-Aribek bere jota ulertzeko modua azaltzeko. Raimundo Lanas jota abeslari ezagunarengana. «1920ko hamarkadan izan zen. Jose Menendez pianista Nafarroara etorri zen, eta Lanasekin egin zuen saioren bat. Lanasi jarraitzen aritu zen Menendez ordukoan, abeslariari bere gisa aritu zedin utziz.Zoratzear aritu zen Menendez, oso akorde zailak egiten, baina Lanasi bere kasa aritzen uzteko besteko sentsibilitatea izan zuen. Gaur egun ez da halakorik gertatzen, baina guk horixe egin dugu. Nire konposizioen gainean, Diazi utzi egin diot abesten, eta lagundu egin dugu guk hura gero, musikarekin».
Lanas da Goia-Ariberentzat oinarria. «Ez dakit egin dudana modernoa den, antzinakoa den edo garaikidea den. Gauza bat badakit, ordea: Lanasen lanaren ondoren, jotarekin ez da ezer egin. Eta ausartak izan gara, horregatik». Jota bestela jotzea izan da erronka. Eta ez nolanahikoa, gainera. Jota berritzen saiatu, bai, baina jota hautsi gabe. Bi izan dira Goia-Ariberen hitzetan arriskuak. «Erraza da lirikan edo koplan erortzea. Baina desnaturalizatu egiten da jota hori eginez gero, eta genero txiki bilakatzen da. Jotaren DNA errespetatzen saiatu naiz. Jota jota izatea izan dut xedea. Esateko modua da ezberdina, baina jotak dira, funtsean. Ez ohiko jotak, baina jotak».
Bada diskoan Goia-Ariberen irakurketa berri hori deskriba dezakeen kanta sorta bat; Jotas callandico (Jota isiltxoak) izendatu ditu berak. Jota herrikoiak dira, funtsean, baina isil antzean abesten ditu Diazek. Jota abeslari bati suposatzen zaion jarreraren aurkakoan, hain zuzen ere, baina jotaren berezko izaerari eutsiz. «Topiko bat da jota beti oihuka abestu behar deneko hori. Ongi dago hori ere, baina modulazio handiagoa ere izan zezakeela pentsatzen nuen, eta horretan saiatu naiz. Panpina bat eman nion Diazi horretarako, eta zera esan nion: 'abestu iezaiozu jota bat, zure semea izango balitz bezala, loak har dezan, baina saia zaitez ez oihu artean hiltzen'. Oso emaitza polita eman zuen saioak. Entzuten dutenik ere ez dakiela, arropa zintzilikatzen ari den bitartean abesten ari denaren kutsu hori badu. Hunkigarria da».
Dena ez da musika, ordea, Goia-Aribek onartzen duenez. «Hitza behar du jotak», azaltzen du. «Hitzak jartzen du musika martxan». Herrikoiak dira diskoko abesti batzuetako hitzak, baina propio sortutakoak beste batzuk. Gabriel Sopeña poeta eta letragile zaragozarraren laguntza izan dute Diazek eta Goia-Aribek hitzak orrazteko. Eguneraketak ere egin dituzte. Palomica (Usotxoa) izeneko jota herrikoiaren kasuan, adibidez. Etxean gelditzearen bertuteez mintzo da jatorrizko bertsioa, eta etxetik alde egitearenez moldaketa: «Erromero artean jaio zinen/ baina ikusi zerua zeinen zabala den,/ usotxo hori, usotxo hori,/ egin zure etxetik urrun alde».
Jotaren berezko eguzkia
Euskal Herriko musika aberastasunaren isla da jota, Goia-Aribek dioenez. Baita, beste lurralde batzuetarako zubi ere, ordea. «Mediterraneoarekin oso lotuta dago jota. Jotak badu berezko eguzki bat», dio. «Jota mora izeneko abestia entzunda, adibidez, Marrakexen gaudela irudi lezake. Gainera, jota oso genero maitatua da Errioxan (Espainia), Asturiasen (Espainia), eta Gaztelan (Espainian), adibidez. Zenbaitetan badago paisaiaren eta musikaren arteko lotura moduko bat, eta uste dut jotarekin ere hori pasatzen dela».
Bi urtez aritu da Goia-Aribe Diazekin buruz buru lanean diskoan bildu dituen kantak konposatzeko eta Beasaingo Pottoko estudioan (Gipuzkoa) grabatu dituzte denak, bi egunetan. «Musikari bakoitzak banaka grabatzeko aukera bagenuen, noski, baina emaitza edulkoratua izaten da halakoetan, eta ez genuen hori nahi. Denak batera aritzea erabaki genuen, azkenean, gordin grabatzea. Freskura hori lortu nahi genuen, bere arriskuekin eta bere bertuteekin».
«Jota maite dut, eta zer?»
Jota hartu du Josetxo Goia-Aribe saxofoi jotzaileak bere azken diskoa sortzeko oinarritzat, eta jazzarekin nahasi duArantxa Diez jota abeslari tafallarraren ahotsak gidatzen du musikarien lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu