Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Josu Martinezek Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala, Bizkarsoro filma aurkeztu zuen aldi berean. Jon Mirande Aiphasorho jatorri zuberotarreko euskal idazle paristar zenari buruzko lana han edo hemen aurkeztu zuen, ekitaldi bakan batzuen karietara, ondoren. Joan den ekainetik, Primeran film plataformak ere ikusgai jarri du Interneten. Orain, aretoetara itzuliko da lana, Ipar Euskal Herriko zenbait gelatan eskainiko baitute hurrengo asteetan. Lehen hiru saioen berri eman dute, oraingoz, baina gehiago izango direla iragarri dute.
Ikusi gehiago
Bizkarsorok zinema geletan ukan duen arrakastaren ondotik, Mirande Ipar Euskal Herriko zinema geletan ikusten ahalko da urritik goiti, Gastibeltza ekoiztetxeak jakinarazi duenez. Lehen emanaldia Maule-Lextarreko Maule Baita zinema gelan izanen da, urriaren 2an, 20:30ean. Josu Martinez bera hor izanen da. Bigarren emanaldia, urriaren 4an, Hendaiako (Lapurdi) Les Varietes zinema gelan izanen da, tenore berean. Dokumentalean parte hartzen duen Amaia Elizalde unibertsitate irakaslea bertan izanen da. Miranderen lan literarioari buruz doktoretza tesia badu eginik.
Martinezek filmaren sinopsirako hala deskribatu zuen Jon Mirande eta hark egindako ekarpena: «XX. mendearen erdialdean, euskara goi literatura egiteko gai zela demostratu zuen. Baina gai tabua da oraino. Hari buruz denetarik erran da. Arrazista zela. Pedofiloa. Nazia. Misoginoa. Ezmorala. Hari buruzko berri bakoitzak, kontrako iritziak harrotzen ditu. Ez dakigu zer egin harekin».
2023an, berrogeita hamar urte bete ziren Miranderen heriotzaz geroztik. «Inor ez zen joan Euskal Herritik ehorzketara», erran zuen Josu Martinezek ikus-entzunezko lanaren aurkezpenean. «Euskal prentsan ere apenas izan zuen oihartzunik berriak. Urteetan, haren inguruko berri bakoitzak, mahai inguru bakoitzak, edizio berri bakoitzak, kontrako iritziak harrotu ditu. Gai minbera da oraindik ere. Baina 50 urte pasatu dira». Forma bereziko dokumentala osatu du, Jon Mirandek berak idatziz erran zituenetarik. Lekukotasunak badira, bai, jendeak hartaz erran duena bada, baina baita haren gutuneriatik hartu hitzak ere, Peio Berterretxe antzezlearen haragizko gorputzetik interpretatuak. Miranderen gaurko ahaideak ere agertzen dira.
Baionan, urriaren 8an ikusten ahalko da dokumentala, eta horretan ere Amaia Elizalde ikerlaria mintzatuko da. Martinezek bere xedea argiki adierazia du: «Kontua ez da Jon Miranderekin bakeak egitea. Ezta, sikiera, Jon Mirande ulertzen saiatzea ere. Film honen bitartez nik nahi nukeena da Miranderekin gozatzen ikastea, harekin ados egon beharrik gabe. Helburu handinahia, beharbada. Eta aldi berean, izugarri sinplea». Elizaldek, hain zuzen, Miranderen literatura obrak duen balioa agerian eman nahi izan du bere ikerketekin.
Lehenbiziko hiru emanaldien ondotik, Lapurdin, Kanboko, Hazparneko, Donibane Lohizuneko eta Getariako zinema geletan ikusten ahalko da Mirande, film bat egiteko zirriborroa; Nafarroa Beherean, Donapaleun eta Donibane Garazin.