Joseba Jaka bekak badu irabazlea. Josu Goikoetxeari emango diote, eta ipuin liburu bat idazteko baliatuko du saria. Elkar fundazioak bi urtetik behin banatzen du, sormen lanak bideratzeko asmoz. Aurten, literatura lan bat sortzera bideratu dute deialdia. Goikoetxeak 10.000 euro jasoko ditu, eta urtebete izango du Hiltzailea eta beste ipuin batzuk izeneko lana ontzeko. Aurretik bi liburu ateratakoa da irabazlea: Ze luzea negu hau poesia liburua (Elkar, 2018), eta Mia Marteko robota (Denonartean, 2022) haurrentzako albuma. Walt Whitmanen antologia bat ere itzuli zuen, Munduko Poesia Kaiererako.
Guztira hamabost lan aurkeztu dira bekara. «Batek daki; agian, hamabost liburu berri merkatuan egoteko aukera izan dezakegu», esan du Joxemari Sorsek, Elkar fundazioko lehendakariak. Irati Majuelo literatura ikerlari eta kritikariak, Itziar Ugarte idazle eta BERRIAko kazetariak eta Iban Zaldua idazleak osatu dute epaimahaia. Sorsek aipatu du aho batez hartu dutela erabakia, eta laginean aurkeztutako ipuinen kalitatea azpimarratu dutela: «Ipuin soltez osatutako bilduma bat definitzea erraza ez dela esan duten arren, originaltasuna, indarra, eta gehiago irakurtzeko gogoa aipatu dituzte». Azken hori izan da, hain zuzen, Goikoetxearentzat «pozgarriena».
1996an sortu zen beka, Joseba Jaka zendu zen urtean bertan. Bi urtetik behin eman zuten, 2006ra arte; eta literatur lanei soilik ematen zitzaien. Hamar urteko geldialdia izan zuen sariketak, 2016an berriro antolatzen hasi ziren arte. Literatur proiektuetara ez ezik, sormen lanetara bideratzea erabaki zuten. Musika eta antzerki lanek ere jaso dute beka geroztik; esaterako, Alaine Agirre idazleak, Ma Kolektiboak, eta Ines Osinaga musikariak.
Zaletasuna berreskuratu
Lubaki musika taldeko kide izan zen duela urte batzuk Goikoetxea, eta bertso munduarekin ere harreman estua izan du. 25 urtez gai jartzaile izan zen, 2018an lan hori uztea erabaki zuen arte. ETB 1eko Hitzetik Hortzera saioko zuzendari eta aurkezle izan zen 1999tik 2005era.
Gai jartzaile izan zen urte horietan, bertsolariekin, publikoarekin eta beste gai jartzaile batzuekin ere «beharrizan artistiko batzuk» bete zituen, baina, ibilbidea amaitutakoan, gaztetan zuen «zaletasun handienera» itzultzeko aukera izan zuen Goikoetxeak: idaztera. Idazten aritu den arren, aitortu du ez dela idazle sentitzen.
Poesia eta prosa guztiz desberdinak dira harentzat: «Poesia zirriborro azkar bat egin eta haren gainean margotzea bezala da. Prosa, aldiz, harria zizelkatzea izango litzateke, barruan duen irudia ateratzeko».
Ipuinak gustuko ditu idazleak, Julio Cortazarrenak batez ere; eta horregatik erabaki zuen bekarako ipuin bilduma bat sortzea. Horiek idazteak tentsioa eta kontzentrazioa eskatzen duela azaldu du, baina ez eleberri bat idazteko modukoa: «Momentuz ez nago prest eleberri bat idazteko, diziplina eta lan ordu asko eskatzen ditu eta». Gainera, ipuin batetik bestera, beste istorio bat sortzeko tartea egotea interesgarria iruditzen zaio.
Mantso idazten dutenetakoa dela aitortu du Goikoetxeak: «Esaldi bakoitzari indarra ematea gustatzen zait». Egilearen helburu nagusia zera da, kaleratuko duen bildumako ipuinak irakurleentzat interesgarriak, mamitsuak eta asetzeko modukoak izatea. Jada hasiak ditu liburua osatuko duten ipuinetako batzuk.
Datorren maiatzaren 23an izango da saria banatzeko ekitaldia, Elkarrek Adunan (Gipuzkoa) duen egoitzan. Ekitaldi horretan ere emango dute Elkar Ibilbidea saria; urtero ematen da. Datozen egunetan emango dute sarituaren berri.