Maria Dueñasen El tiempo entre costuras bestseller ezagunak teatro musikalean izango du oraingoan errepresentazioa. Broadway estiloko ekoizpen handi bat dugu hau: bederatzi antzezle, hamaika jantzi aldaketa eta kantu zein dantza mordoa bi ordutik gorako espektakulu liluragarrian. Eszenografia ere, ikusgarria izan arren, moldagarria egiten dute bere minimalismoan, segundo eskasetan hainbat estruktura mugitu eta pertsonaiak beste herrialde batera eramateko: Madril, Tetuan, Lisboa…
Dueñasek asmatutako istorioa —Felix Amador idazleak teatrorako moldatua—, pasioz zein abenturaz beteta egonik, eta aktoreek bizitasun berberarekin taularatzen dutela kontuan hartuta, ikusleak ez du aspertzeko tarterik txikiena izango. Sira Quiroga da tramaren protagonista, eta Madrilgo jostun umil bat izatetik Espainiako gerra zibilean eta Lehenengo Mundu Gerran girotutako espioitzan nola murgiltzen den kontatzen du. Maitasuna beti tarteko, momentu zailenetan pertsonok nola erreakzionatzen dugun kontatzen du, nola baldintzatzen gaituzten gure balioek erabakiak hartzeko orduan, eta, batez ere, norberak bere bidea jorratzeko ausardia eta indarra goresten ditu; are eta gehiago XX. mende hasierako emakume gazte batez ari garenean.
Egileak fikzioaren eta errealitatearen arteko jolasari egiten dio keinu amaierako hausnarketan: istorio hau egiazkoa izan liteke… edo, agian ez. Hori ez dugu sekula jakinen; zenbat pertsonaia eta istorio interesgarri existituko ziren! Ahanzturara kondenatuak izango dira, baina gure imajinazioak permititzen digun artean, asmatu egin ditzakegu, eta hartara, milaka pertsona anonimoren esperientziari bigarren bizitza bat eman.
'EL TIEMPO ENTRE COSTURAS'
Konpositorea eta ekoizle artistikoa: Ivan Macias. Idazlea: Felix Amador. Aktoreak: Alba Cuartero, Cristina Picos, Jan Forrellat, Teresa Alba, Paco Arrojo, Noemi Mazoy, Alberto Vazquez, Gustavo Rodriguez, Gema Bastante. Zuzendaria eta koreografoa: Federico Barrios. Tokia: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Otsailaren 16a.