Kasualitate hutsez baina aktualitateari keinu eginez bezala, Katalunian ondutako liburu bat eta Belgikan ondutako beste bat plazaratu ditu Igela argitaletxeak. Josep Pla sortzaile katalanaren Kale estua eleberria euskaratu du Jexux Mari Zalakainek, eta Amelie Nothomb idazle belgikar-japoniarraren Hodien metafisika nobela, berriz, Garazi Arrulak. Elkarren artean zerikusi gutxi dute bi lanek: herrixka katalan bateko joan den mende erdialdeko bizimodua islatzen du batek, eta idazlearen haurtzaroko bizipen pertsonalak ditu oinarrian, berriz, besteak. Biak ala biak, ordea, publiko zabalarentzat lan interesgarriak direla uste du Xabier Olarra Igelako arduradunak.
Liburua kalean ikusteak ilusio berezia sorrarazten diola aitortu zuen Zalakainek herenegun, Donostian egindako aurkezpenean. Izan ere, kartzelan, «baldintza oso kaskarretan» egin zuen itzulpen lana. Kartzelatik sartu eta atera ibili zen eskuizkribua, eta bere letra «interpretatzen eta, ondoren, transkribatzen eta txukuntzen hartutako pazientziagatik» eskerrak eman zizkien Jose Ramon Etxebarria eta Joseba Azpeitia lagunei. Humbert Roma adiskide eta kazetari katalanarentzat ere esker oneko hitzak izan zituen: «Liburu paketeak eta paketeak bidali zizkidan kartzelara, eta hark zaletu ninduen katalan hizkuntza, literatura, historia, politika eta kulturarekin».
Biek partekatzen zuten kezka bat: katalanetik euskarara oso literatura gutxi, dozena erdi bat lan baino ez zeudela itzulita. Hala, lagunak bidalitako liburuen artetik, El quadern gris topatu zuen lehenik Zalakainek, mila orri inguruko dietarioa eta Plaren lan ezagunena dena. «Liluratuta utzi ninduen bere idazkerak; bere aberastasunak, gauzak bere izenez deitzeko gaitasunak, zorroztasunak, kritikotasun itzelak...». Zalakainek azaldu zuenez, «pagès ilustratu bat» izan zen Pla, gaztetatik idazteko nahia izan zuena. «Zortea izan zuen bere etxean diru pixka bat bazegoela, eta errentadun bizi izan zen denbora luzez. Asko bidaiatu zuen, eta erreportaje pila bat idatzi zuen, eta, ni ere kazetaria izandakoa naizenez, halako feeling bat eduki nuen harekin. Ez hainbeste bere ideia politikoengatik». Katalanista izan zela bai, baina ezkerra gorrotatzen zuela, eta frankismoarekin «jolasean baino gehiago» ibili zela azaldu zuen Zalakainek. Edonola, Katalunian «gehien saritutako idazlea izango da Pla, oso errespetatua, eta edonork aitortzen dio bere balio literario handia».
Kartzelaldia bere katalana hobetzeko baliatu bazuen ere, Zalakaini gehiegizkoa iruditu zitzaionEl quadern gris itzultzeko erronka. Kale estua irakurri zuen orduan, idazleak ondutako eleberri urrietako bat. «Plak teoria bat du nobelari buruz: fantasia ez zaio batere gustatzen, fikzioa gorroto du, eta Stendhalen bidea hartzen du. Hark esaten zuen nobela bat dela ispilu bat jartzea eta aurretik pasatzen dena islatzea». Hala, argumenturik gabeko nobelatzat jo zuen Plak Kale estua, baina badu hari bat, hala ere: Alt Empordako herrixka batera bidaltzen duten albaitari gazte bat du protagonista, eta, haren begiradaren nahiz hainbat pertsonaia bitxiren bidez, tokiko jendea, paisaiak eta ohiturak islatzen ditu. Herri horretako bizimodua kontatzen du, finean, eleberriak.
Plaren idazkeratik, hainbat ezaugarrik asko harritu dute Zalakain, adjektibatzean jarritako indarrak, esaterako —ongi idaztea ongi adjektibatzea zela esaten ei zuen idazleak—. «Oraindik hitzen zaporearekin eta doinuarekin gozatzen duenarentzako nobela bat dela uste dut».
Bere burua salbatzeko
Oso bestelakoak dira Amelie Nothomben ibilbidea eta obra. Bruselan jaio zen, baina Japonian igaro zituen haurtzaroa eta nerabezaroa —diplomazialaria zuen aita, eta Pekinen, New Yorken, Bangladeshen eta Birmanian ere bizi izan zen—. Belgikan egin zituen unibertsitate ikasketak, eta Japoniara itzuli zen gero, eta, handik zenbait urtetara, atzera Belgikara bueltatu zen. 1992. urtean idatzi zuen Hygiène de l'assassin lehen lana, eta, ordutik, urtero-urtero liburu bat argitaratu du 25 urtez. Nothombek berak azaldu izan du bere burua salbatzeko idazten duela: «Neure barruan demonio bat dago, suntsitu nahi nauena. Nik bizitza jasateko idazten dut. Eta neure burua jasateko. Neure barruan bizitzea izugarria da. Horregatik, beharrezkoa dut sormen-idazkuntzan gutxienez lau ordu ematea egunean (...). Diziplina horri atxikitzen ez banatzaio, autosuntsipeneko prozesu batek gaina hartzen dit». Goizaldean aritzen omen da idazten, litro erdi bat te edan ostean.
Nothomb «idazle kutuna» dutela aitortu zuen Olarrak. Aurrez haren beste bi liburu ditu argitaratuak Igelak: Durduzaz eta dardaraz (1999) eta Katilinarenak (2006), biak Joxan Elosegik euskarara ekarritakoak. Olarraren esanetan, liburu laburrak eta irakurtzen arinak izaten dira harenak, baina ez horregatik azalekoak. «Bizitzako gai sakonak izaten ditu hizpide, eta gaur egungo gizartearen zenbait alderdiren ikuspegi berezia ematen du. Berezia baino gehiago, esango nuke lotsagabe samar eta puntu ziniko batekin idazten duela. Umorez ere bai; eta horrek egiten du atsegina haren idazkera».
Ezagun dituen gaiak hartu ohi ditu hizpide Nothombek bere testuetan; maiz, anekdota baten gainean eraikitzen du kontakizuna. Bizipenetan oinarritu da Hodien metafisika-n ere. Idazleak berak elkarrizketa batean kontatu zuenez, txikia zela «autismoaren antzeko zerbait» jasan zuela azaldu zioten gurasoek, eta orduko bizipenak agertzen dituela liburuan. Orduan bi urte eta erdi besterik ez bazituen ere, bere baitan bizi zen ahotsaz «nahiko oroitzapen garbia» duela dio. «Neure buruarekin elkarrizketa zeharo megalomanoan aritzen nintzen. Jainkoa nintzela sinetsita nengoen.Nire buruan, jainkoa jainkoarekin ari zen hizketan». Bere nobelan —eta, auskalo, bere bizitzan—, amonak emandako txokolatina bat jatean ateratzen da autismotik.
Gerra osteko Japonian kokatu du kontakizuna egileak, eta, Nothombek bere burua japoniartzat badu ere, Mendebaldeko ikuspegitik idatzitako istorioa dela azaldu du Garazi Arrulak, ohar baten bidez. Itzultzailearen hitzetan, lehen orrialdetik bertatik «malabarismo filosofikoak» ageri dira, baita Bibliari eta beste hainbat testuri eginiko erreferentzia sarri inplizituak ere. «Hala, mistikotasun kutsu batek estaltzen du liburua. Nolanahi den, itzultzean, tonua iruditu zait ematen zailena, larritasun umoretsu hori; Nothomb ezaugarritzen duen esajerazio naturalizatuak eta zinismo zorrotzak blaitzen baitu liburu hau ere».
Josep Plaren lan bat eta Amelie Nothomben beste bat ekarri dituzte euskarara
Idazle katalanaren 'Kale estua' itzuli du Jexux Mari Zalakainek, eta sortzaile belgikar-japoniarraren 'Hodien metafisika', berriz, Garazi Arrulak. Igelak plazaratu ditu biak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu