Joseba Tapiari emango diote Adarra saria, bere ibilbide luzea aitortzeko

Herri musikaren ondarea aztertu eta zabaltzeko eta pieza berriak sortzeko eginiko lana goraipatu diote musikariari. Ekainaren 21ean jasoko du saria, Donostian, eta kontzertua emango du gero

Joseba Tapia musikaria, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, saria jasoko duela jakinarazi berritan, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Plaza batean lehen aldiz jo zuenetik lau hamarkada igaro dira, eta orduz geroztik ez dio oholtzetara igotzeari utzi. Joseba Tapia (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964) urte luzez aritu zen Xabier Berasaluze Leturia lagunarekin bikotea osatuta, eta aspaldi ekin zion bakarkako bideari ere, duela hogei urte baino gehiago. Soinu txikia, handia zein gitarra eskuetan, hamaika disko eman ditu urteotan, eta ezin konta ahala herritan aritu da jotzen. Euskal musikan egin duen ibilbide luzeari eta izan duen eraginari aitortza egiteko, Adarra saria emango dio Donostiako Udalak. Musikariak ekainaren 21ean jasoko du garaikurra, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta kontzertua emango du jarraian.

Epaimahaiak aho batez erabaki du saria Tapiari ematea. Horretarako, haren ibilbide luzea ez ezik, beste hainbat arrazoi ere aintzat hartu ditu, tartean haren «moldakortasuna —era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika bikaintasuna—, herri musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere». Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatu dute aurtengo saria nori eman erabaki duen aholku batzordea.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria, eta, ordutik, urtero egin dio aitortza euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea osatu duen edo egiten ari den artista bati. Orain arte, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak eta Amaia Zubiriak jaso dute garaikurra, eta zerrenda horri batu zaio orain Joseba Tapiaren izena.

Bidelagunei esker ona

Musikarekin harreman oso estua zuen familia batean sortu zen Tapia, eta txikitatik landu zuen musika, soinu handiarekin aurrena, eta txikiarekin segidan. Eleuterio Tapia osabarekin hasi zen plazetan, eta 1981ean igo zen oholtzara bakarrik lehen aldiz, Donostiako Igeldo auzoan. Hiru urte geroago, Leturiarekin hasi zen jotzen, eta ibilbide oparoa egin zuten elkarrekin. Zortzi disko eman zituzten: trikitia rock eta pop doinuekin uztartu zuten zenbait lanetan.

Bakarkako bideari 1998an ekin zion, Koldo Izagirre idazlearekin elkarlanean Apoaren edertasuna diskoa plazaratuta. Québec, hamalau kantu independentziarako (1999), Agur Intxorta maite. 1936-1937 guda kantuak (2001), Real politik (2006) eta Eta tira eta tunba (2010) izan zituen hurrengo lanak. 2013an, soinu txikiaren ordez gitarra klasikoa hartu zuen Tximela kapitainaren izarrak (2013) diskoan, eta elektrikoa, berriz, Besamotzak-en (2017). Talde handi baten alboan egin ditu azken bi diskoak, Tranpaldo (2019) eta Egon edo ez egon (2021).

Horrez gain, Zaldibobo eta Hiru Truku taldeetako kide ere izan da Tapia, eta bere ibilbidean Euskal Herriko eta atzerriko musikari askorekin kolaboratu izan du.

Hain zuzen, bere ibilbidean bidelagun izan dituen guztiekin esker oneko agertu da Tapia sariaren harira egindako agerraldian. «Lanak nire izenean aurkeztuagatik, lan komunitarioak izaten dira gureak». Alboan izan dituen musikariekin ez ezik, disko baten grabazioaren atzean izaten diren kideekin ere gogoratu da. «Jende asko aritzen da lanean, eta lan komunitarioa da; beraz, sari hau haiekin partekatu nahiko nuke».

Herri musika zabaltzea eta pieza berriak egitea izan da Tapia saritzeko arrazoietako bat, eta, hain justu, bi arloak izan ditu hizpide. «Sinistuta gaude euskarak behar duela kantu berria, kantu zaharraz gain. Ondare ederra dugu kantu zaharretan, baina iraungo badu eta osasunez aurrera egingo badu, uste dugu euskarak behar duela kantu berria. Horretan hartu genuen konpromisoa, eta horretan ari gara lanean». Musikari gazteengan jarri du arreta. «Kantu berria behar du euskarak, eta, batez ere, behar du gazteen kantu berria, ahotsa, lana, esperimentazioa. Gure aurrekoek hori eskaini ziguten guri, eta ondorengoak behar ditugu honek aurrera egingo badu». Euskaraz lanean ari diren musikarientzat ikusgaitasun handiagoa ere eskatu du.

Musikariak bere lanik berriena, Egon edo ez egon diskoa, aurkeztuko du ekainaren 21eko kontzertuan, Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra jaso ondotik. Apirilaren 28an leku berean ematekoa zen kontzertua ordezkatuko du ekainekoak —sarrerak salgai dira, eta apirilerako erositakoek ere balioko dute—. Diskoan parte hartu duten bidelagun guztiak emanaldian biltzen saiatuko dela adierazi du Tapiak. «Jende andana da, eta haien aurrean eta haiei eskerrak emateko parada izango nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500