Sei urteren ondoren, otsailean utzi zuen Vanesa Fernandezek Bilboko Zinebi nazioarteko jaialdiko zuzendaritza, EITBko Kultura eta Euskara zuzendari postua hartzeko. Fernandez doktorea da Ikus-entzunezko komunikazioan, eta 2018an hartu zuen jaialdiko zuzendari postua. Ernesto del Riori hartu zion lekukoa —hura 2000. urteaz geroztik zebilen zuzendari—, horretarako egindako lehiaketa publikoa irabazita. El Correo egunkariak eman du albistea, eta Bilboko Udalak gero baieztatu du nork hartuko duen haren lekukoa. Joseba Lopezortega arte komisario, kultur sorkuntzako espezialista eta egunkari bereko musika kolaboratzailea izango da Zinebiko hurrengo zuzendaria. Aurrez ere, 1988an eta 1989an, urtebetez izan zen jaialdiko zuzendaritza taldean, Luis Iturriren zuzendaritzapean, eta lanak hautatzeko lantaldeko kide ere izan da. Azaroaren 8tik 15era egingo dute jaialdia aurten, eta hori izango da zuzenduko duen lehena.
Bere sare sozialetan ia ez du euskarazko mezurik Lopezortegak. Bilboko Udalak zabaldutako oharrean ere ez da zehazten euskaraz badakien.
Bilbon jaio zen Lopezortega, 1962an. Geografia eta Historia ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultur Kontseiluan ere parte hartu du. Musika klasikoari eta operari eskainitako Klassikbidea online aldizkaria ere zuzendu du, eta alor horretan hainbat kolaborazio egin ditu. Dokumental batzuk ere zuzendu ditu, baita gidoiak idatzi ere. Komisario lanen artean, Madrilgo Reina Sofia museoan egindako Visionarios biurtekoan egindakoa da nabarmenenetako bat.
600.000 euro inguruko aurrekontua izan du azken urteetan jaialdiak, eta bere alorrean Euskal Herrian egiten den festibal nagusietako bat da. 1974an eman zion Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak nazioarteko jaialdi kategoria Zinebiri, eta hasieratik izan ditu film laburrak nortasun ikur. Oscar sarietarako, BAFTA sarietarako eta Goya sarietarako kalifikatzaile izaten da Zinebi.