Joseba Intxausti kulturgile eta historialaria hil da

Euskara eta euskal kultura modernizatzeko lanean aritu zen Intxausti: idazten, ikertzen, eta, batez ere, eragiten. 'Jakin' aldizkariaren birfundatzaileetako bat izan zen, UZEI sortzea bultzatu zuen, eta Euskal Herriaren historia landu zuen

Agirrebaltzategi, Intxausti eta Torrealdai, dominarekin. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz - Miren Mujika Telleria
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
1956ko belaunaldiko kide eta eragile nabarmena izan zen Joseba Intxausti. Aitzindaria izan zen arlo askotan; izan ere, historialaria zen berez, baina beste jardun ugaritan ere aritu zen: hizkuntzaren modernizazioan, terminologiaren esparruan eta historia erlijiosoaren eta sozialaren ikerketan, nagusiki. Jakin aldizkariaren birfundatzaileetako bat izan zen, UZEIren bultzatzailea eta kidea, eta Bidegileak bildumaren sortzailea. Halako neurrikoa da haren ondarea ere: 36 liburu, ehundik gora liburu zati eta ia laurehun artikulu utzi zituen idatziak. Atzo hil zen, 87 urte beteak zituela.

Intxausti Seguran jaio zen (Gipuzkoa), 1936an. 1936ko uztailaren 29an, hain zuzen: gerra piztu berritan. Horrek eragindako kultur transmisio etenaren emaitza izen zen, beraz. «Ni eten batetik nator, baina nire bizitzak euskal kulturan ez du izan etenik. Hori continuum bat izan da. Pixka bat poliedrikoa, egoerak berak ere hori eskatzen zuelako», esan zuen, BERRIAn, 2017an egindako elkarrizketa batean.

Oso gaztetatik sortu zitzaion fraide frantziskotar izateko nahia, eta Arantzazuko santutegiak zentraltasun handia izan zuen haren ibilbidean, han garatu baitzituen bere bizitza markatu zuten euskaltzaletasuna, historiazaletasuna eta lankidetasuna. 1948an hasi zituen Arantzazuko ikasketak, eta handik hiru urtera Forura jo zuen (Bizkaia), Imanol Berriatua zuzendari zuen apaiz ikastetxera. Han beste hiru urte egin ondoren, Zarauzko nobizio etxean (Gipuzkoa) eman zuen urtebete.

1955ean iritsi zen Erriberriko seminario nagusira (Nafarroa), filosofia ikasketak egitera. 1958an, Arantzazura itzuli, eta teologia ikasketei ekin zien. Orduan hartu zuen Jakin aldizkariaren zuzendaritza. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1961ean —ohorezko euskaltzain, berriz, 2004an—.

Bartzelonan ere igaro zuen bolada bat, Bartzelonako Unibertsitatean: historia garaikide eta modernoko lizentzia lortzeko ikasketak egin zuen, eta irakasle ere aritu zen.

Hizkuntza, herria, kultura hirukoa zuen oinarrian 56ko belaunaldi haren pentsamenduak eta jardunak. Intxaustik bide horretan kide izan zituen Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi eta Joan Mari Torrealdai, Jakin-en talde historikoan. Taldeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen 2018an, euskal kultura eta modernitatea lotzeko egindako lanagatik.

Jakin aldizkariak Intxaustiri 2017an egindako elkarrizketa batean, hark kontatu zuen, Erriberriko egonaldian, Axularren Gero eta Onaindiaren Milla euskal-olerki eder irakurtzeak zirrara handi bat eragin ziola. «Baieztapen garrantzizko batekin aurkitu nintzen [...]: euskal poesiaren historia bat bazegoela, banan-banan liburu horretan ikus zitekeena. Bat-batean jakin genuen historia oso bat dagoela eta ez digutela behar bezala azaldu. Baieztapen horiek niretzat indar handia izan zuten, gertakari sozial bat direlako eta iraunkorrak, gainera. Erakusten dutelako bazegoela eta badagoela zergatia, kulturan ere». Orduan igaro ziren «beste fase» batera: «Kultura posible da euskaraz, egin liteke, hori ikusi eta ikasi genuen».

Eredu garbizalearen aurka

Erriberrin eman zituen euskalgintzan egin zuen bide luzeko lehen pausoak, alfabetatze eskolak emanez eta Gure Izarra aldizkarian hainbat lan argitaratuz. Geroztik, Jakin, Anaitasuna eta Arantzazu aldizkarietan atera izan zituen haren lanak, batez ere —Anaitasuna-ren zuzendaria ere izan zen, 1973 eta 1974 artean—.

1960ko hamarkadako lehen urteetan, eztabaida biziak izan ziren hizkuntz ereduaren inguruan, eta euskara garbiaren eta kultura klasiko antimodernoaren ereduaren aurka jo zuen Intxaustik. Gogoangarria da Jakin-en bederatzigarren zenbakian, 1959an, argitaratu zuen Illobira bultzaka artikulu haustailea. Haserrea ere eragin zuen. «Euskal-idazleok egin —eta egiten— ditugun burugabekeriak tamalgarriak dira benetan... Euskal-jauregia edertu ta bikaindu nai izan dugu, eta zeruraiño jaso dugu (goragi ez ote?); baiña barrua txukun eta garbi gorde dedin, biztanleak —euskaldunak— uxatu egin ditugu, eta jauregi dirdaitsua museo biurtzeko asmoa artu... Ez aal da au negargarria?», idatzi zuen, besteak beste, artikulu hartan.

Obra oparoa argitaratu zuen Intxaustik; hauek dira haren argitalpen nagusi batzuk, askoren artean: Euskal aditza (Itxaropena, 1960), Iraultzaren hildotik (Jakin, 1972), Gizadiaren historia mendez mende (UZEI, Elkar, 1985), Euskara, euskaldunon hizkuntza (Eusko Jaurlaritza, 1990) eta Euskararen historia soziala (Euskaltzaindia, 2011). Jakinek haren argitalpen guzti-guztiak digitalizatu eta sareratu zituen 2017an, jakin.eus/intxausti atarian.

Idazlea eta ikertzailea izan zen, baina askoz gauza gehiagotan ere aritu zen: «Ni ekintzailea naiz batez ere», esan zuen BERRIAn. UEU Udako Euskal Unibertsitateko Historia Sailean zuzendari eta irakasle aritu zen. UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren sorrera bultzatu zuen —«corpusaren garapen terminologikorako lehenengo zinezko lantegia» izan zen, Jakin-i esan zionez—: zuzendari aritu zen lehen bost urteetan, eta langile ondoren. Euskararen historia soziala aztertu zuen Euskaltzaindiak sustatutako Joanes Etxeberri egitasmoan. Kulturarako Euskal Fundazioaren idazkari aritu zen urte askoan. Bidegileak bildumaren asmatzailea eta diseinatzailea izan zen, baita zuzendaria ere, hasieran. Egunkaria Sortzen taldeko 75 kideetako bat ere izan zen.

«Beste erraldoi bat»

Intxausti hil berritan, «euskal kulturgintzako beste erraldoi» baten gisan gogoratu du hura Agirrebaltzategi kideak, baita «maisu» baten moduan ere. «Bartzelonatik itzultzean, Jakin aldizkaria debekatuta zegoen, eta berak hartu zuen ardura taldea berrantolatzeko, aldizkaririk gabe momentu hartan, baina liburuen edizio programa bat eginez. Hortik dator Jakin talde berritua eta aberastua; hori ere bere meritua izan zen», kontatu du.

Euskararen modernizazioa izan zen haren «obsesioetako bat, Jakinen sartu orduko eta lehenago ere bai», Agirrebaltzategiren hitzetan: «Hau da, gaurko kultura modernorako euskara egokitu eta landu beharra. Jakinen bertan bide hori bultzatu zuen. Euskara batua ez da bakarrik euskalkietatik hartu, eta denok ulertzeko moduko zerbait egitea; hori baino gehiago zen».

Taldean lan egiteko zuen gaitasuna ere nabarmendu du, gainera: «Euskal kulturgintzako egitasmoak sortzeko asmatzaile, bultzatzaile, eragile eta gidari aparta izan dugu, bere aldetik idatzitako liburuak eta egindako ikerketak oso kontuan hartuta. Euskalgintzan, azken 50-70 urteotako bidean, beste batzuek oihartzun handiagoa izan dute, baina Josebak isilean eta zarata handirik atera gabe egin eta eragin duen lana oso inportantea izan da, eta, gaur egoera honetan baldin bagaude hainbat gauzatan, bere meritu handietako bat badela uste dut».

Euskal kulturako katebegia

Jakinek Intxaustiren obra digitalizatuta aurkeztu zuenean, orain dela sei urte, talde historikoa elkartu, eta haren lana goraipatu zuten. Zera esan zuen Azurmendik orduan: «Ni euskararen bidetik sartu izana, nire bizitzak hartuko zuen norabidea zor diot. Ez zidan euskara bakarrik irakatsi. Ikasten ere irakatsi zidan».

Intxaustik iraganari eta etorkizunari begiratu izan zien haren ibilbide osoan, eta halaxe irudikatzen zuen bere burua ere, bien arteko katebegi baten gisan. «Iragana oraingoan txertatzen eta gerokoan gaurkoaren memoriari lekua ematen ahalegindu naiz. Kate bat. Belaunaldien arteko segida bat ezagutzea», adierazi zuen berak, aurkezpen hartan. «Pribilegiatu bat naiz. Oso ohartuta nago hurrengo belaunaldiak nire alorreko gauzak ere hobeto egingo dituela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.