Joseba Intxausti historialari eta kultur eragileari Imanol Murua Uriak eginiko elkarrizketa zabala jaso du Jakin aldizkariak 180. zenbakian. Intxaustiren bizitzan eta obran sakontzen du elkarrizketa luzeak: haren haurtzaroa Seguran; Arantzazu, Forua, Zarautz eta Erriberrin eginiko erlijio ikasketak; Arantzazura itzulera eta Jakin aldizkariaren zuzendaritzan sartzea; euskararen batasun prozesuan izandako parte-hartzea; UZEIren sorrera... Haren bizitzari eta lanari buruzko testigantza jaso du aldizkariak Historia bizia sailaren barruan.
Horrekin batera, immigrazioaren inguruko lana jaso du Jakin-ek zenbaki berriko Gaiak sailean. 1950eko eta 1980ko hamarkaden artean Hego Euskal Herrira iritsitako etorkinen integrazio moduak aztertu dituzte Julen Zabalo, Ilune Basterra, Iker Iraola eta Txoli Mateosek artikulu batean. Integrazioa kontzeptuaren gako batzuk azaltzen dituzte bertan, eta aldi horren ezaugarri garrantzitsuenak zehaztu dituzte. Halaber, integrazio horretaz etorkinek eurek duten iritzia jaso dute.
Aurtengo bosgarren zenbakia osatzeko, artea, teknozientzia, literatura, soziolinguistika eta globalizazioaren inguruko berriak jaso dituzte Egunen gurpilean saileko orrialdeetan.
Joseba Intxausti kultur eragilea elkarrizketatu dute 'Jakin' aldizkarian
1950-1980 urteetako immigrazioaren integrazioari buruzko artikulu batekin osatu dute 180. zenbakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu