72 urtetan zendu da Jose Zugasti eskultore eibartarra, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak jakinarazi duenez. 1952. urtean sortu zen, eta obra ugari utzi du; horietarik asko Donostiako, Bilboko eta haren sorterriko kaleetan daude ikusgai. «Haren sormenak eta ikuspegiak gure artean iraungo dute beti», adierazi du Alvarezek. Haren azken lanetako bat Musika Hamabostaldiko aurtengo kartela izan da.
Burdin hariak garrantzi berezia du haren eskuetan, besteak beste Donostiako eta Bilboko kaleetan dauden eskulturek erakusten dutenez.
Jose Zugastik Arte Ederrak ikasi zituen Madrilen. 1970eko hamarraldiko lehen urteetan margogintzari heldu zion, eta bereziki paisaiak landu zituen, urbanoak zein bukolikoagoak. 1980ko hamarraldian giza figura jarri zuen erdigunean, margogintzan betiere, eta hortik abstrakziora egin zuen jauzi. Berehala, burdin haria deskubritu zuen, eta geroztik ez zion inoiz utzi material hori erabiltzeari.
1984an, Donostia bizitoki hartu zuenean, Beraunen (Errenteria, Gipuzkoa) jarri zuen bere lehen tailerra. Hortxe sortu zuen bere lehen eskultura: Giza figura bat eskaileran gora. 2002an bere lehen obra publikoa instalatu zuen, Euskalduna jauregiaren inguruan, Bilbon. Haren ondoren beste obra publiko mordoa instalatu zuen, besteak beste Donostiako Tolosa hiribidean, unibertsitateen inguruan.
Eibarren ipinitako obra dimentsioagatik da berezia: hamalau zentimetro lodi diren altzairuzko uztaiez egina dago, eta oinezkoak tartetik pasa litezke.
1990etik 2010era erakusketa ugaritan parte hartu zuen, besteak beste Arco, Berlin eta Londresko azoketan. Bestalde, Gasteizko Artiumen, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donostiako San Telmon ikus litezke haren obrak.