Jose Ramon Etxebarriari elkarrizketa egin diote 'Jakin'-en zenbaki berrian

EHUko irakasle, fisikari eta, oroz gain, euskaltzale da Etxebarria, eta Euskal Herriaren historia hurbileko une gako askoren lekukotza eman du

Jose Ramon Etxebarria irakasle, fisiklari eta euskaltzalea, iragan ekaineko irudi batean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Erredakzioa
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
«Zientziaren, euskaltzaletasunaren, euskal unibertsitatearen eta politikaren eremuetan lanean eta borrokan luze jardun duen izen propio bat». Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren hitzetan, halaxe da Jose Ramon Etxebarria (Gernika, Bizkaia, 1948). Miren Rubio Iturria kazetariak arnasa luzeko elkarrizketa egin dio irakasle, fisikari eta euskaltzaleari; eta hura eraman du Jakin aldizkariak urteko lehen zenbakiaren lehen lerrora. Bere bizi historiako joan-etorriak kontatzearekin batera, Euskal Herriko iragan hurbilaren berri eman du Etxebarriak.

Ugariak dira solasalditik Rubiok atera dituen argazkiak: Gernikan zein Eibarren (Gipuzkoa) bizitako haurtzaroa; ingeniaritza ikasketak Bilbon; soldaduska urteak Cadizen (Espainia) eta Gasteizen; herri mugimenduekin lehen harremanak Bilboko Santutxu auzoan; aurreneko idazketa eta alfabetizazio prestakuntzak Anaitasuna aldizkarian; fisika euskaraz irakasten aurrendari; euskarazko testu liburuak sortzen Saioka proiektuan eta UEUn, besteak beste; militantzia politikoa eta Guardia Zibilaren eskutik jasandako torturak; mugimendu antinuklearreko ibiliak; Espainiako Juan Carlos I.a erregea Gernikako juntetxera joan, eta Eusko gudariak kantatuz hartu zutenekoa; lan politikoa Herri Batasunan; Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle propioaren alde pankarta atzean egindako orduak, eta beste hamaika bizipen, hizkuntzarekiko eta nazioarekiko engaiamenduari lotutakoak asko. Gaurko egunetatik begira mintzatu da Etxebarria horietaz guztietaz. «Prozesu bat da, eta inportanteena segitzea eta egitea da. Ni horretan beti izan naiz, baikor porrokatua. Konfiantza osoa dut datozenengan».

Neurozientzia kulturan

Jakin-en 230. zenbakia kaleratu berri da, eta Etxebarriaren elkarrizketak ez ezik, Jexux Larrañaga Arriola antropologoaren artikulu batek ere osatu du. Neurozientzien inguruko gogoetak bildu ditu Neurozientzia diskurtso eragina hezkuntza-kulturan: liluratik harago izenpetutako idatzian. Dioenez, neurozientzien ekarpenak «diskurtso zientifizista batek» ezkutatzen ditu maiz, gizakiaren irudi eta testuingurua murriztuta, eta merkatuaren mesedetan. Hezkuntzan hori nola jazotzen den aztertu du: «Ikasteko ezberdintasunak sortzen direnean, norbanakoaren garunean aurkitutako gabezia neuronalei atxikiko zaie arazoa, epaiketa kondenatzailea balitz bezala. Konplexutasun soziala saihestu eta erantzun tekniko ordezkagarriak bilatzen dira».

Horiekin batera, Itziar Ugartek eta Jaime Altunak kulturari eta soziolinguistikari buruz idatzi dute, hurrenez hurren, gaurkotasunari gordetako Egunen gurpilean atalean. Berrikuntza bat ere badakar atalak, sinadura berri bat: Alba Garmendia filosofo doktoregaiarena, zeina hurrengo zenbakietan Glokalia azpiatalaz arduratuko den, Ignazio Aiestaran filosofoari lekua hartuta. Etxebarriaren gaineko lan grafikoa ondu du Unai Iturriagak kontrazalerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.