Jose Maria Iparragirreren gitarra zaharberritua aurkeztu dute, Gernikan

Buenos Airesen egina da tresna erromantikoa, eta Bizkaiko Juntetxean egon da ikusgai 1896tik. Laura Vicario luthierrak lehengoratu du pieza

Jose Maria Iparragirreren azken gitarraren aurkezpen ekitaldia, atzo, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Abuztuaren 12an bete ziren 200 urte Jose Maria Iparragirre kantari eta musikaria jaio zela, Urretxun (Gipuzkoa). Mendeurrenaren karietara hamaika ekitaldi antolatu dituzte, eta haren azken gitarra izan zena zaharberritu ere egin dute. Laura Vicario luthierrak egin du lan hori, Bizkaiko Batzar Nagusien enkarguz.

Otsailean hasi zituen lanok Vicariok, eta atzo aurkeztu zuten emaitza, Gernikan (Bizkaia). «Arrakala txikiak zituen, hotz-bero eta lehor-heze aldaketek eraginda; pipi pixka bat ere bazuen. Kola eman diot, eta barrutik indartu dut. Kanpotik egin dizkiot konponketa guztiak, ireki gabe», ziotson luthierrak BERRIAri abuztuan. Antzeko azalpenak entzun ziren atzo Gernikan ere.

Salvador Ramirez maisuari Buenos Airesen erosia da gitarra; halaxe salatzen du tresnaren ahosabaiak: Progreso Argentino. Fa?brica de guitarras. Salvador Rami?rez, Rivadavia, 480. Buenos Aires. Malagakoa (Espainia) zen jatorriz Ramirez gitarragilea; Argentinara migratu, eta han ireki zuen lantegia. Iparragirrek ere Ameriketarako bidea hartu zuen, 1858an, eta uste da Buenos Airesera heldu berritan erosi zuela orain berriztatu duten gitarra. Ameriketan arrakasta lortzea zuen amets bardoak. Gernikako arbola kantatuz hartu zuten han lur hartu zuenean; izan ere, Euskal Herrian bertan eta erbestean zeuden euskal herritar askok kanta hori ereserki gisa abestu ohi zuten ordurako. Iparragirreren arrakastarako ametsa ez zen bete, ordea, eta Euskal Herrira itzuli zen 1877an, gitarra berekin zekarrela, zortzi seme-alabak eta emaztea ez bezala. Euskal Herrian ere kantu lagun izan zuen gitarra hura, Argentinan eta Uruguain bezala, hil artean.

Gernikara bidea

Jose Maria Iparragirreren figura mugimendu erromantikoaren ikur izan zen, eta gitarra erromantikoa da harena: gaur ohikoa den gitarra klasikoa baino txikiagoa gorputzez, zortzi estuagoarekin, egurrezko larakoekin eta uztai arteko tarte handiagoarekin. 1881eko apirilaren 6an hil zen bardoa, Ezkioko (Gipuzkoa) Zozabarro bentan, eta Joaquin Castañeda Zumarragako musika bandaren zuzendariak jaso zuen haren gitarra. Iparragirreren laguna zen, eta zer esanik ez Jose Zubiria. Bardoa zen azken hori ere, eta, Iparragirre Ameriketatik itzuli zenetik, herriz herri ibiliak ziren biak, behinolako ospea eta txaloak txanpon bihurtu nahian, arrakasta handirik gabe. Musikaritzat baino, arlotetzat hartu ohi zituen jendeak.

Gernikako arbola, Hara nun diran, Gitarra zahartxo bat eta besteren egilea hil berritan, haren gitarraren sokak astintzeko baimena eskatu zion Zubiriak Castañedari. Haren musika tresnak entzuleen txanponak erakar zitzakeela pentsatu zuen Elizondoko (Nafarroa) Zubiria etxeko semeak, baina ez zuen asmatu. Miseriarik gorrienean hil zen, 1884ko maiatzaren hasieran, Durangon (Bizkaia), Gernikako Juntetxetik ez oso urruti. 1896ko maiatzaren 21ean heldu zen Iparragirreren gitarra Gernikako Juntetxera, Castañedaren eta Pedro de Egaña politikariaren arteko akordioari esker. Gernikan egon da ordutik, Vicario luthierraren zaharberritze lanak hasi artean; atzo itzuli zen hara. Pandemiagatik indarrean jarritako protokoloak bertan behera utzitakoan ikusi ahalko da berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.