Jose Mari Esparzari emanen diote 2024ko Monzon Ganuza saria

Martxoaren 7an jasoko du garaikurra 30 urtez Txalaparta argitaletxeko editore izanak, Bergaran. Sariketak laugarren aldia du aurten.

Jose Mari Esparza
Jose Mari Esparza, 2023ko urrian, Txalapartaren Iruñeko lokalean. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko otsailaren 13a
13:20
Entzun

Jose Mari Esparzak (Tafalla, Nafarroa, 1951) jasoko du IV. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria. Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak laugarrenez antolatu dute sariketa, eta gaur jakinarazi dute irabazlea. Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik azaldu duenez, «merezimendu osoz» jasoko du garaikurra Esparzak, «euskal kulturgintzari eginiko ekarpenagatik». Hain zuzen, hiru hamarkadaz Txalaparta argitaletxeko editore izandakoak oinordetzan utzitako lanak eta lezioak nabarmendu ditu alkateak, «belaunaldi berrien» izenean. «Bizitza guztian Euskal Herriaren alde lan egindakoa da Joxe Mari esparru ezberdinetan. Haren lanek euskal gizartea, hizkuntza eta kultura ikuspegi berri batetik argitzen dute, eta gure ardura da lekuko hori jasotzea».

Hain justu ere, Esparzak orain arte eginiko ibilbidea goraipatu dute Artola Alberdik eta Olaso Dorrea fundazioko presidente Iratxe Esnaola Arribillagak. Atzera begirakoa egin dute biek, eta gogoratu, adibidez, Esparzak sindikalista modura eginiko borroka. Izan ere, editore bihurtu aurretik, Esparza hogei bat urtez izan zen metalgintzako langile, 17 urterekin hasita. Artean lantegian zebilelarik egin zituen lehenbiziko urratsak edizioan, argitaletxeetatik aparte izanagatik: Fusión obrera aldizkari klandestinoan jardun zuen.

Altaffaylla fundazioarekin hasi zen lanak plazaratzen gero, eta 1980ko hamarkadaren hondarrean utzi zuen lantegia azkenerako, bete-betean editore izateko, Txalapartan. «Nik ez nuen nahi: negarrez joan nintzen lantegitik. Ez naiz damutu, hala ere», aitortu zion BERRIAri 2018an eginiko elkarrizketa batean. Damurik ez, eta 30 urtez jardun zuen Txalapartan, 2016an erretiroa hartu arte. Apologia. Memorias de un editor rojo-separatista (Apologia. Editore gorri-separatista baten memoriak) liburuan bildu zituen aldi horren memoriak.

Literatur edizioan eta idazle modura egindakoak ez ezik, mugimendu politiko ugaritan izandako parte hartzea ere azpimarratu dute Monzon Ganuza sariketako antolatzaileek; Elizaren immatrikulazioen kontrako kanpainan eginiko ahala, esaterako. Esker ona adierazi diote Esparzari, zabal. «Urrunetik gatoz eta urrunera goaz, eta bide horretan Jose Mari Esparzaren moduko erreferenteak behar ditugu iparra ondo zehazteko. Batzuetan Gipuzkoatik hain urrun ikusten dugun Nafarroa hegoaldeak erakusten digu Euskal Herriak baduela etorkizuna, baina ez dela erraza izango», erantsi du Artola Alberdik.

Monzon Ganuza sariketen laugarrena

Monzon-Ganuza saria 2021. urtean sortu zuten Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak, Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren karietara. Lehen aldian Libe Goñi omendu zuten; bigarrenean, Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Aiastui, eta hirugarrenean, berriz, Xabier Amuriza.

Zehazki, Esparzak martxoaren 7an jasoko du garaikurra, Bergarako Seminarixoa aretoan, 18:30etik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.