Jose Luis Zumeta: «Nire lana izaten da arazo bat sortu eta gero konpondu»

Paper gainean egindako 25 margolan jarri ditu ikusgai Ekain galerian, Pablo Donezarren sei eskulturarekin batera

Pablo Donezar eta Jose Luis Zumeta, Ekain galeriako beren erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Lehengo lepotik du burua Jose Luis Zumetak: «Aurretik ez dago ezer pentsaturik. Ni hasten naiz pintatzen jakin gabe zer egingo dudan, eta gero pinturak berak eramaten nau. Ez dago batere arrazionalizaziorik. Nire lana izaten da problema bat sortu eta gero bere lekura ekarri, edo konpondu». Iragan asteazkenean esan zituen hitz horiek, Donostiako Ekain galerian, paper gaineko bere 25 margolanekin eta Pablo Donezarren sei eskultura txikirekin zabaldu duten erakusketa aurkeztean. Urriaren 26ra arte izango da bi artista adiskideen lanak ikusteko aukera.

Azken urteetan hartutako ohiturari jarraituz, neguko bi hilabete Argentinan eman ditu Zumetak, Buenos Airesen, han uda zen garaian, eta motibo praktikoek eragindako aldaketa bat ezarri dio bere buruari: neurri txikiagoko margolanak egitea, «bidaian erraz ekartzeko modukoak».

Ez du uste margolanetan funtsezko aldaketarik eragiten duenik neurri txikiagoetara errenditu beharrak, baina lagungarritzat jotzen du bere buruari ezartzen dion ariketa. «Han eginedo beste leku batean egin, egiten dudana ez da asko aldatzen. Aldatzen dena da lan nahiko txikiak direla eta lan asko egiteak eta lanak azkar egiteak beste aukera batzuk sortzen dituela. Horrek urtero irekitzen du zerbait berria. Proiektua hori da».

Adiskideari gonbita

Bere margolanen ondoan eskultura batzuk ezartzeko gonbita egin dio oraingo honetan Zumetak Pablo Donezar adiskideari. Nafarroako Araitz bailaran tailerra izan zuen Zumetak, eta Donezarrena Lizartzan (Nafarroa) dago. Horrek elkarrengana gerturatu zituen, eta orain tarteka elkarrekin afaldu ohi dute biek. Horregatik —eta ez hautu estetiko bategatik— bururatu zitzaion Zumetari Donezarri esatea ea Ekain galerian eskultura batzuk jarriko zituen bere margolanen ondoan. «Besterik gabe. Ez da apropos bilatutakoa, berez sortu den gauza bat baizik. Hor goian jarri ditu Pablok bere eskulturak; niri ez didate batere trabarik egiten, eta biontzat ondo».

Sabaitik gertu kokatuak daude Donezarren eskulturak. Altzairuzko kaiola gisako batzuk dira, txikiak eta diskretuak. «Egiten ari naizen serie baten barruko eskulturak dira», azaldu du Donezarrek. «Serie horretan pinturak, eskulturak eta ez dakit zer gehiago izango den. Serieari nik deituko nioke Hamsterra bere gurpilean. Pentsatzen dut gu ere, hamsterrak bezala, hor barruan gaudela, eta saiatzen ari naiz gai horretara hurbiltzen, ea nondik harrapatzen dudan».

Serie hori lantzen jarraitzeko asmoa du Donezarrek, «gizartea nolakoa den eta zeren barruan gauden sartuta» aztertuz, «ea konturatzen garen edo ez, nondik gidatzen eta erabiltzen gaituzten». Eskulturez gain bestelako lanik ere egin du serie horretarako. «Pinturak egin ditut; paisaiak dira, baina paisaiak lerro batekoak, urrutiko lerro batzuk. Argazkiak ere bai; baina basamortukoak. Monegrosko [Aragoi, Espainia] basamortuan egon nintzen argazkiak ateratzen, eta horiek handitzen ari naiz orain, batzuk aluminio gainean inprimatuta».

Kontraste bat sortzen da Zumetaren margolan koloretsuen eta Donezarren eskultura txiki, ilun eta diskretuen artean. Lan egiteko moduan ere handia da bien arteko kontrastea. Donezar ez da, Zumeta bezala, aurretik zer egin behar duen pentsatu gabe hasten lanean. «Ni beti hasten naiz pentsatzen zer egin behar dudan, eta gero egin ahala aldaketa batzuk egiten ditut», azaldu du eskultoreak. «Askotan aldaketa horiek izaten dira gehiegi pentsatu dudalako hasieratik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.