Jose Luis Ansorena

Jose Luis Ansorena musikaria hil da

Musikari lotutako bizitza izan du Ansorenak. 90 urterekin zendu da.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko maiatzaren 1a
07:21
Entzun

Ibilbide luzea egindakoa da Jose Luis Ansorena (1928, Donostia). Gipuzkoako hiriburuko kontserbatorioan egin zituen lehen urratsak, Luis Urteaga eta Beltran Pagolarekin batera, eta Altsasuko kaputxinoetan sartu zen 1953an, musika eta apaiz ikasketak egiteko. Garai hartan hasi zen abesbatzekin lanean, eta Iruñeko San Antonio haur abesbatza sortu zuen kaputxinoen elizan. Zaragozan ere, San Antonio izeneko abesbatza sortu zuen. Euskal Herrira itzuli eta Errenterian (Gipuzkoa) jardun zen euskal musikarien lana sustatzen. Musikaste jaialdia da horren adibidea. 1973an sortu zuen, zehazki jaialdia eta 200 musika obra inguru estreinatu ditu bertan.

Urtebete beranduago sortu zuen Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa, Euskal Herriko konpositoreak obra bildu, jaso eta zabaltzeko helburuarekin. Erakundea sortu eta berehala hasi zen Ansorena garai guztietako musikarien partiturak biltzen eta, gaur egun, 200.000 inguru ditu gibelean. Oro har, musika erlijiosoa ondu zuen Ansorenak, eta uzta oparoa utzi du. Musika sortzeaz gain, artikuluak ere idatzi zituen Txistulari aldizkarian eta Euskor Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren buletinean. Euskal musikarekin zerikusia duten musikagileei buruzko ikerketa ugari egin zituen: hala nola, Aita Donostiari eta txistulariei buruzko monografiko bana. Musika erlijioso eta koru musikaren sortzailea ere izan da.

Egindako ibilbidearekin asetuta zegoela azaldu zion 2012an Berria egunkariari eskaini zion elkarrizketan.“Hasieran, hitzeman zidaten Erromara bidaliko nindutela musika ikastera. Hori gertatu izan balitz, musika gehiago konposatuko nukeen seguruenik, baina zaude ziur ez nituzkeela beste lan horiek guztiak egingo. Zenbait gauza konposatu ditut neure kabuz, baina neure burua ez daukat konpositoretzat. Esan dezaket, hori bai, musikografoa banaizela, musikaz asko idatzi baitut. Abesbatzak ere sortu nituen, Musikaste jaialdia, Eresbil artxiboa... Oso gustura nago egindakoarekin...”. Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria eman ondoren egindako adierazpenak dira horiek. Euskal Herriko kultura sustatzeagatik eman zioten, hain zuzen, saria Lekuonari.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.