Jose Luis Ansorena musikari eta zuzendariari emango diote Manuel Lekuona saria

Andra Mari abesbatza, Eresbil eta Musikaste sortu zituen, besteak beste, Donostiako konpositoreak

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Jose Luis Ansorena (1928, Donostia) musikari eta konpositoreari emango diote aurtengo Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Euskal Herriko kultura sustatu dutenei ematen zaie Manuel Lekuona saria, betiere, egindako obra guztiak interes nabarmena duenean. Ansorenak bizitza osoa igaro du euskal musika gorde eta bultzatzeko lanetan. Errenteriako Andra Mari abesbatza sortu zuen 1966an, Gaztedi gazteen abesbatzarekin batera. Horrez gain, Musikaste Errenteriako musika jaialdia eta Eresbil euskal konpositoreen artxiboa ere sortu zituen, besteak beste.

Ansorenak Donostiako kontserbatorioan ikasi zuen musika, Luis Urteaga eta Beltran Pagolarekin batera. Ondoren, Altsasuko kaputxinoetan sartu, eta 1953an apaiztu zen. Garai hartan hasi zen abesbatzekin lanean, eta Iruñeko San Antonio haur abesbatza sortu zuen kaputxinoen elizan. Zaragozan ere, San Antonio izeneko abesbatza sortu zuen. Ondoren, Errenterian izan zen, euskal musikarien lana sustatzen. Musikaste jaialdiarekin batera, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa sortu zuen, musika ondarea gordetzeko asmoarekin. Gaur egun Euskal Herriko abesbatzen adierazlea den Andra Mari korala sortu zuen, Orereta haur abesbatza eta Alai emakumezko zortzikotearekin batera. Horrez gain, Karnaba zortzikotearen zuzendaria izan da.

Erlijio eta abesbatza musika lantzearekin batera, sari ugari lortu ditu musikari eta zuzendari moduan. Horrez gain, artikuluak idatzi ditu, baita euskal musikaren inguruko ikerketak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.