Zinema

Jose Luis Alcaine: «Zinema ez da arte bakarti bat»

Alcainek 58 urte daramatza argazki zuzendari, eta, besteak beste, Montxo Armendariz, Pedro Almodovar eta Brian De Palma zinemagileekin egin du lan. Zinebiren amaiera galan jasoko du jaialdiaren Ohorezko Mikeldi saria, bihar.

Jose Luis Alcaine argazki zuzendaria, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jose Luis Alcaine argazki zuzendaria, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko azaroaren 14a
16:30
Entzun

«Zinema ez da arte bakarti bat, ez; azkenean bat egiten duten hainbat arteren bilakaeren uztarketa da». Jose Luis Alcaine argazki zuzendari espainiarrak begirada orohartzailearekin eman du zinemaren bere definizioa. 1938an jaio zen, Tetuanen, artean hiria Marokoko protektoratuaren parte zenean; Madrilen egin zituen zinema ikasketak, eta goiz hasi zen zinemagintzan, justu duela 58 urte. Zehaztu duenez, ordea, ia-ia hirurogei urteko ibilbide horretan, aldiro ezberdin egiten saiatu arren, lan bera egin izan du beti: «Zineman ez naiz izan argazki zuzendaria besterik». Pedro Almodovar, Alberto Lattuada, Victor Erize, Carlos Saura, Brian De Palma eta Fernando Trueba zinema zuzendarientzat egin du lan ibilbide luze horretan, besteak beste, eta harena da Montxo Armendariz zinemagilearen Tasio filmeko argazkia ere. Bada, lan horregatik guztiagatik emango diote Ohorezko Mikeldi saria Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, eta Alcainek Bilbon egun batzuk emateko baliatu du aukera. Bihar jasoko du saria, Arriaga antzokian, festibalaren amaiera ekitaldian; ondoren, Tasio pelikularen bertsio zaharberritua proiektatuko dute.

Pinturak haren lanean eragin duela onartu du argazki zuzendariak, jaialdiak hedabideentzat antolatutako aurkezpenean. Gogoratu duenez, esaterako, sakon ikertua du Frank Borzage zinema zuzendariak Ernest Hemingwayren izen bereko nobelan oinarrituta filmatutako Farewell to Arms (1932) filmak zer-nolako lotura duen gerora Pablo Picassok margotutako Gernika koadroarekin. Baina, zehaztu duenez, Espainian, Katalunian eta Euskal Herrian ibilitako AEBetako argazkilariak izan zituen buruan Tasio filmerako, hala nola W. Eugene Smith eta Robert Cappa. Guztiak zuri-beltzean aritzen zirenak, edonola ere.

Alcaine: «Horregatik, Tasio-ri arretaz begiratuz gero, konturatuko zarete lan horretako argazkia hurbilago dagoela zuri-beltzetik koloretik baino, kolorea ia-ia desagertu egin delako. Hor dago, baina oso-oso apala da, eta nire inspirazio iturria zuri-beltzekoa izan zelako gertatzen da hori. Eta, beraz, Pedro Almodovarrekin egiten dudan lanaren guztiz kontrakoa da, hor ez baitago zuri-beltzik: dena dago kolorez beteta».

«'Tasio' filmean, kolorea hor dago, baina oso-oso apala da, eta nire inspirazio iturria zuri-beltzekoa izan zelako gertatzen da hori»

JOSE LUIS ALCAINEArgazki zuzendaria

Almodovarren 80ko hamarkadako hainbat filmetan aritu zen lanean Alcaine lehenik, eta, eten luze baten ondoren, azken urteotan berriz ere aritu da harentzat. Mujeres al borde de un ataque de nervios filmekoa izan zen lehen elkarlana, 1988an, eta 2021ean estreinatutako Madres paralelas izan da azkena. Eta mutur batetik besterako bide horretan, bertatik bertara ezagutu ditu zinemagintzak tarte horretan izandako aldaketa guztiak. Horregatik, haren azalpenetan, ezinbestean agertu dira, nahasian, hala eskulangilearen erudizio teknikoa, nola zinemaren historiazalearen gogoetak, baita hamaika filmaketatan ezagututako hainbat aktore eta zinemagileri buruzko anekdotario zabal xamar bat ere.

Montxo Armendarizen 'Tasio' filmeko fotograma bat.
Montxo Armendarizen 'Tasio' filma.

Kexu azaldu da, adibidez, zinemagintzak gaur egun hartu duen abiada dela eta —«jadanik ez dago aktoreekin lan egiteko denborarik»—. Horrez gainera, argi fluoreszenteekin asmatutako teknika bat aipatu du —«mundu osoan zabaldu zen asmakizuna»–, eta esan du aurrez Marlon Brandok bezala Gerard Depardieu aktoreak ere testuak ia ikasi gabe lan egiten duela, nahiz eta, berak bertatik bertara ikusi duenez, antzokia gidoi zatiak dituzten paperez bete behar izaten duen horrela aritu ahal izateko.

Kerejetaren metodoa

Nostalgiarik gabe oroitu ditu zinema analogikoaren traba teknikoak ere. Irribarrez gogoratu du, esaterako, Elias Kerejeta zinemagile hernaniarrak zer metodo baliatzen zuen bere filmak Madrilen ere behar bezala ikus zitezen. Alcainek akorduan duenez, garai batean aretoen jabeek proiekzio langileei agintzen baitzieten proiekzioak 220 wattekin egin beharrean 150 edo 160 wattekin egiteko. «Ez zenez erabat berotzen, argiak kolore laranja hartzen zuen, eta pelikulak beti ikusten ziren pixka bat triste». Eta orduan esplikatu du Kerejetaren metodoa. «Estreinaldiak izaten ziren egunetan, Kerejetak Primitivo Alvaro bidaltzen zuen proiekzio kabinara, bere produkzio zuzendaria zena, mila pezetako hainbat billeterekin, eta, horri esker, proiekzionistek ez zuten inongo arazorik izaten pelikula 220 wattetan proiektatzeko. Baina biharamunean akabo, noski».

«Argiaren eta itzalaren arkitekto bat da». Joseba Lopezortega Zinebi jaialdiko zuzendariak detaile poetiko horrekin deskribatu du Alcaine. «Esperimentatzaile nekaezina» ere badela zehaztu du, eta, azaldu duenez, egarri horri esker izan da aitzindaria beti. Are, baita gaur egun ere. «Figura ezaguna da nazioartean».

Hain zuzen, argazki zuzendariak berak onartu duenez, gaur egun ere teknika berriak probatzen baititu bere lanetan. Bi edo hiru hilabete barru helduko da haren azken lana aretoetara. Fernando Colomo zuzendariarentzat egin du lan oraingoan, eta, Alcainek berak esan duenez, sei hamarkadako ibilbidean orain arte sekula egin gabeko gauzak egin ditu. Zer zehazki? «Ezin dut ezer esan! Jendeak ikusi egin beharko du jakiteko, besteak beste, pelikula bat egitean hari buruzko informaziorik ez zabaltzeko kontratu bat ere sinatzen dugu eta». Eta, bat-batean, ofizioan ia sei hamarkada daramatzan profesionalari hasiberriaren ilusioa pizten zaio halakoetan. «Baina oso ongi geratu da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.