Dantzaren Nazioarteko Eguneko XXI. Gala hartuko du igandean Donostiako Viktoria Eugenia antzokiak. Ohi bezala, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak antolatu du ekitaldia, Donostia Kulturaren laguntzaz, eta ohi bezala, bi dantzariri aitortza egingo diete bezperan, Dantza sarien bidez. XV. aldia dute aurten, eta bi lagun nabarmenduko dituzte: Jose Antonio Begiristainek jasoko du Ibilbide Artistikoaren saria, eta Judith Argomanizek, berriz, Errebelazio saria. Donostiako udaletxean egingo dute sari banaketa ekitaldia, larunbat arratsaldean.
Idoia Lekunberrik, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko zuzendariak eman zuen sarien berri, alboan Argomaniz bera eta Iñaki Salaberria Donostia Kulturako Antzerki eta Dantza Unitateko teknikaria zituela, atzo, Viktoria Eugenia antzokian egindako agerraldian. Lekunberriren esanetan, «interpretazioaren eta koreografiaren munduan daukan etorkizunagatik» jasoko du Errebelazio saria Argomanizek. Begiristainen kasuan, berriz, haren «ibilbide luze eta interesgarria» nabarmendu zuen, eta gaineratu «dantzaren arlo ezberdinetan bere burua berritzeko izan duen gaitasunagatik» sarituko dutela.
Ilusioz hartu du saria Argomanizek. «Etxean dantzatzea sekulakoa da, eta aitortza jasotzea benetan zoragarria. Ilusio ikaragarria egin dit sariak». 1983. urtean jaio zen, Donostian, eta sorterrian bertan hasi zituen ballet klasikoko ikasketak, Olga del Barrio irakaslearekin. Beka bat lortuta, Bartzelonako Institut del Teatrera jo zuen gero, ikasketetan sakontzera, eta, dantza garaikidean graduatu ondoren, Madrilgo Maria de Avila Dantzako Goi Kontserbatoriora jo zuen, Koreografia eta Interpretazioan espezializatzeko. Miarritzeko gazteen balletean eta Amaury dantza taldean aritu ostean, 2013an sortu zuen Lasala konpainia, Donostian bertan lan egiten duena. Sariarekin batera, erakundeetatik jasotako laguntzak eta Gazteszenan entseatzeko aukera izatea eskertu zituen dantzariak: «Opari bat da hemen espazio bat izatea». Bere konpainia «egonkortzea» litzateke bere ametsa.
Jose Antonio Begiristain Napo-k, berriz, ibilbide luzea du dantzaren munduan. 1963an jaio zen, Olaberrian (Gipuzkoa), eta Beasaingo La Salle euskal dantzen taldean egin zituen lehen urratsak, eta Kontxi Aranbururen akademian egin zituen balleteko ikasketak. 1982an Madrilera joan zen, bere prestakuntza Luis Fuente irakaslearekin osatzeko, eta haren taldean hainbat urtez egin zuen dantza. Iruñeko Almudena Loboren dantza eskolan ere izan zen garai hartan, eta Don Quijote ballet ikuskizunean parte hartu zuen. Carmen Roche eta Lola de Avilarekin lan egin ondotik, 1987an Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean (CND) sartu zen, Maia Plisetskaiaren zuzendaritzapean, eta ballet klasiko eta neoklasikoko rol ugari jokatu zituen. Ondorengo urteetan ospe handiko koreografoen sorkuntzetan parte hartu zuen. 1999. urtean erretiratu zen agertokietatik, baina tarteka berriro igotzen da oholtzara rolen bat interpretatzera, eta CNDn jarraitzen du lanean.
Santamariari omenaldia
Iaz hil zen Juan Carlos Santamaria koreografo donostiarra, eta hari omenaldia eginez hasiko da igandeko gala. Ondoren, Iratxe Beorlegi dantzari donostiarrak, Mexikoko Dantza Konpainia Nazionaleko lehen bakarlaria denak, eta bere kide Jorge Gutierrezek bi koreografia egingo dituzte, eta Argomanizek Trip obraren zati bat aurkeztuko du bere taldearekin.
Haiekin batera, Ana Albutashvili Georgiako dantzaria, Basileako Balleteko Sergio Bustindui eta Luna Bustindui Mertens, Iker Karrera koreografo hondarribiarra, Dantzaz konpainia, Madrilgo Ganbera Balleta eta Impulsa Ballet Gaztea, eta Daniel Serrano dantzaria ariko dira galan.
Jose Antonio Begiristaini eta Judith Argomanizi emango dizkiete XV. Dantza sariak
Dantzaren Nazioarteko Eguneko XXI. Gala egingo dute igandean. Bezperan emango dizkiete sariak: Ibilbidearena eta Errebelazioarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu