Jose Angel Irigarai omenduko dute Irun Hiria Kutxa literatur sari banaketan

Ekitaldian, lehiaketaren aurtengo lau irabazleak sarituko dituzte, azaroaren 24an.

Jose Angel Irigarai
Jose Angel Irigarai, 2020. urtean JON URBE / FOKU
urko iridoy alzelai
Irun
2023ko azaroaren 16a
18:45
Entzun

Jose Angel Irigarai sarituko dute Irun Hiria Kutxa literatura sarien ekitaldian, azaroaren 24an, Irungo Amaia kultur zentroan. 45. sariketa da aurtengoa. Literatur lehiaketaren lau irabazleak saritzeaz gain, musikaz gozatzeko aukera izango da –Joserra Senperena musikariaren eskutik–, bai eta dantzaz ere –Neri(h)ari proiektuaren interpretazioarekin–. Sariketaren lau kategorien irabazleak hauek dira: euskarazko poesiaren kategorian, Jon Gerediaga; euskarazko eleberriarenean, Xabier Lasa; gaztelerazko poesiarenean, Andres Garcia; eta gaztelerazko eleberriarenean, Martha Asuncion Alonso. Ekitaldia 19:30ean hasiko da.

1977. urtean irabazi zuen Irigaraik Irun Hiria Kutxa literatur saria, Kondairaren ihauterian poesia liburuarekin. Ez zen hura izan idazleak irabazitako lehiaketa bakarra. 1972an irabazi zuen bere lehenengo literatur txapelketa, Iruñeko Aurrezki Kutxaren saria, eta horren ostean, beste hainbat.

Narrazioan eta saiakeran ibilitakoa izan arren, poesia izan da Irigarairen ibilbidea nabarmendu duen arloa. Horren adibide dira idazleak idatzitako Urdinkara (1978), Joan-jinaren labirintoan (2002) eta Isiltasunaz hunatago (2020) poesia liburuak besteak beste. Euskaraz ez ezik, italieraz ere idatzi izan ditu liburuak: Diarmonica (2013) eta Luoghi, sensi… nel viaggio (2014).

Sari banaketaren antolakuntzak iragarri du aurtengo ekitaldia “berezia eta sorpresaz beterikoa” izango dela. “Euskal liburugintzaren aldeko ibilbide trinkoa eta esanguratsua egin duen pertsona bat [Irigarai] sarituko dugu”, azaldu du antolakuntzak. Idazlea ohorezko garaikurrarekin saritzeko erabakia liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkartek hartu dute: Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, eta Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak.

Ekitaldiko sarrerak Amaia kultur zentroaren webgunean eskuratu daitezke, dohainik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.