Jorge Gimenez Bech editore eta itzultzailea (Irun, Gipuzkoa, 1956) gaur goizean hil da, 67 urterekin, gaixotasun baten ondorioz. Alberdania argitaletxeko editorea izan da urte luzez, eta telebistan ere aritu izan da.
Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko burua izan zen Gimenez hainbat urtez, eta kulturari eta literaturari buruzko Plazara aldizkaria zuzendu zuen. Harik eta, 1993. urtean, Alberdania argitaletxea sortu zuen arte, Inazio Mujika Iraola idazlearekin batera. Literatura sorkuntza bultzatzea zuten xede: adin guztietarako kalitatezko literatura plazaratu nahi zuten, euskaraz zein gaztelaniaz.
Argitaletxea sortu eta urtebetera kaleratu zuten Anjel Lertxundiren Otto Pette liburu arrakastatsua. «Biharko klasiko bat» zela iragarri zuten orduan editoreek, eta, harrezkero, ehunka liburu argitaratu dituzte. Krisi ekonomikoaren ondorioz, eten bat egin behar izan zuen argitaletxeak 2013tik 2016ra, baina, 25. urteurrena betetzearekin batera, berriro ere martxan jarri zuten Alberdania: Maite Darceles idazlearen Bihotzean daramagun mundua eleberria izan zen aro berri horretan kaleratu zuten lehen lana.
1997an, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari izendatu zuten Gimenez Bech. Kezkaz begiratzen zion euskal liburugintzaren etorkizunari orduan, eta hainbat gogoeta plazaratu zituen gaiaren inguruan. Esate baterako, honela idatzi zuen Euskal liburugintzaren etorkizunaz testuan, 2000. urtean: «Euskararen gaurko eta biharko kultura eta jakintza eremuetarako prestatu behar da euskal liburugintza, eta prestakuntza hori bi zutabe nagusitan oinarritu beharra dago: instituzio publikoen eta pribatuen arteko lankidetza, alde batetik; eta, bestetik, euskal liburugintzaren sektorearen sormen eta ekoizpen indarrak garatzen lagunduko dituen babes soziala».
Editoreen elkarteko buru izan zen 2013. urtera arte. Izan ere, urte hartan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Ikerketa eta Koordinazio zuzendari izendatu zuten; 2017ra arte jardun zuen zeregin horretan.
Editore ez ezik, itzultzaile ere jardun izan zuen bereziki, eta euskarazko hainbat literatura lan eraman zituen gaztelerara. Horien artean, besteak beste, Anjel Lertxundiren hainbat eta hainbat liburu —Itzuliz usu begiak, Horma, Etxeko hautsa, Eskarmentuaren paperak, Zoaz infernura, laztana, Zorion perfektua, Otto Pette eta beste—, Yurre Ugarteren Lilurabera, Jokin Muñozen Bizia lo zein Antzararen bidea, Garazi Goiaren Bi hitz, Aingeru Epaltzaren Lasto sua, Inazio Mujika Iraolaren Gerezi denbora, Arantxa Iturberen Lehenago zen berandu itzuli zituen. Idazle lanetan ere aritu zen tarteka. Alor horretan, Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazi zuen 1995ean, Trenaren zain lanarengatik.
Literaturan ez ezik, telebistan ere lan egin zuen: Zeuk erabaki saioan eta Goenkale-n aritu zen, kasurako.
39 urteko isiltasuna
Politikari dagokionez, Euskadiko Ezkerra alderdiaren inguruan ibili zen Gimenez gaztetan. 1982ko urrian, baina, ETAk haren aita hil zuen —guardia zibila zen—, eta, 2021era arte isilik egon bazen ere, Gogoan elkartearen solasaldi batean aitortu zuen «kolpe gogorra» izan zela.
Egunkari honetan ere idatzi zuen iritzi artikulu bat horren harira: Inoiz babestu behar ez zena. Biktima guztiei barkamen «zintzo eta benetakoa» eskatu behar zaiela idatzi zuen Gimenezek testuan, eta honela amaitu zuen gutuna: «Ahalegin horretarako asmorik bazenute, hor duzue nire eskua. Aski egin ezak zikindutako eskua. Zuena bezain ezinbestekoa. Barkamen premian dagoena, zuena bezala, nahiz ez zuena beste».
Erreakzio ugari
Gimenezen heriotzak erreakzio soka luzea eragin du berehala. Haren ibilbidearen errepaso txiki bat egin du, esaterako, Euskal Editoreen Elkarteak: «Sutsu egin zuen lan elkartean, euskal liburuaren ordezkaritza lanetan, euskal liburugintzaren defentsan». Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editore eta idazleak, berriz, esan du Gimenezen heriotza «galera handia» dela euskal kulturarentzat. Pamiela eta Erein argitaletxeek ere esker oneko hitzak izan dituzte.
Goiatz Labandibar idazleak ere eskertu nahi izan du Gimenezen lana: «Eskerrik asko emandako aukera guztiengatik».
Politikan, berriz, hainbat kidek goraipatu dute Alberdania argitaletxeko editorea. Kasurako, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du «lankide eta bidelagun» izan duela hainbat arlotan eta lanetan.