Jorge Edwards idazle txiletarra hil da, 91 urterekin

Eleberriak, ipuinak eta saiakerak idatzi zituen, eta diplomazialaria ere izan zen

Jorge Edwards. JOSE CAVIEDES
Miren Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 17a
20:52
Entzun

XX. mendeko idazle ezagunenetariko bat izan zen Edwards bere herrialdean; 50eko belaunaldia izenez ezaguna zen idazle taldearen parte izan zen. Txileko Unibertsitateko Zuzenbide Eskolan eta unibertsitate bereko Institutu Pedagogikoan ikasi zuen, eta graduondoko prestakuntza egin zuen, ondoren, Princetongo Unibertsitatean. 1973an, Pinocheten kolpe militarraren ondotik, Bartzelonan erbesteratu zen. Difusora Internacional argitaletxeko zuzendaria izan zen bertan, eta Seix Barral argitaletxean ere aritu zen, aholkulari gisa. 1994 eta 1997 artean, enbaxadorea izan zen Unescoren aurrean, Parisen. 2010ean, berriz, Txileko Gobernuaren enbaxadore izendatu zuten Parisen.

Hainbat libururen egile da. 1952an argitaratu zuen lehen ipuin liburua, El patio (Patioa). Ordea, El peso de la noche (Gauaren pisua)izan zen bere estreinako eleberria, 1965ean.

Nerudaren lagun

Pablo Nerudaren adiskide izan zen, eta hainbat obra eskaini zizkion: 1990ean Adiós poeta: Pablo Neruda y su tiempo (Agur poeta: Pablo Neruda eta haren garaia) eta 2019an, berriz, Oh, maligna (Oh, maltzurra), besteak beste. Nolanahi ere, Persona non grata (Pertsona ez atsegina) du lanik ezagunena.

Hainbat sari lortu zituen, gainera; horien artean, Cervantes saria (1999) eta Txileko Literaturako Sari Nazionala (1994). Txileko Hizkuntzaren Akademiako kide ere bazen, gainera, 1982az geroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.