Musika

Jonkass proiektuak irabazi du Paradisu Zinema beka

Irabazleak urtebeteko epea izango du bere proiektua garatu eta grabatzeko. EHZ festibalak, Antxeta Irratiak eta Elkar argitaletxeak elkarrekin antolatzen dute beka, Iñigo Muguruza oroitzeko, eta, iragarri dutenez, hau izango da azken deialdia.

Jon Castañeda 'Jonkass'. EITB
Jon Castañeda 'Jonkass'. EITB
mikel lizarralde
2025eko martxoaren 18a
11:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Jon Castañeda gidoilari, erredaktore, Bilboko Kafe Antzokiko DJ eta Akerbeltz musika taldeko abeslariak irabazi du Paradisu Zinema bekaren bigarren deialdia. Azken hilabeteetan Jonkass egitasmoa lantzen ari da, eta horri esker irabazi du Iñigo Muguruza zenaren lana gogoratzeko EHZk, Antxeta Irratiak eta Elkarrek abian jarritako beka. Ohar bidez helarazi dute albistea antolatzaileek: «Gaztetasuna eta freskotasuna hizpide dituen proiektu bat izan da edizio honen garailea. Ibilbidearen hastapenetan dago proiektua, eta iruditu zaigu erraz uztartzen dela gaur egungo Euskal Herriko belaunaldi gazteen musika ohiturekin».

Irabazleak urtebeteko epea izango du proiektua biribildu eta grabatzeko. 2026ko EHZ jaialdian aurkeztuko du ondoren.

Bigarrena eta azkena

Beka sustatu duten hiru eragileen aburuz, «garrantzitsua da askotariko musika estiloek lekua ukaitea» euskal musikan. «Euskaldunok, musika estilo orotan ukan dezagun erreferenterik». Aurten 18 proposamen jaso dituzte bekaren deitzaileek. «Azpimarratu nahiko genuke jasotako lanen kalitatea. Argi gelditu zaigu Euskal Herrian eta euskaraz asko, estilo ugaritan eta kalitatez ekoizten dela».

Paradisu Zinema Bekaren bigarren edizioa izan da aurtengoa —Benizze proiektuak irabazi zuen aurrenekoa—, eta, antolatzaileek iragarri dutenez, baita azkena ere, aurrerantzean ez baitute deialdirik egingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.