Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bilerak 47. aldia izan du berriki, hilaren 16an hasi eta gaur artean. Aurrez, jaialdiaren antolatzaileek iragarria zuten aurten nabarmen eginen ziotela tokia «begirada gazteari», «gaztetasuna» bista-bistakoa izanen zela, esaterako, emanen ziren lanetan eta parte hartuko zuten sortzaileen soslaietan. Eta, hain justu, horixe bera bistaratu da jaialdiko sari nagusiari erreparatuta ere: Jone Arriolak irabazi du Euskal Zine Bileraren Urrezko Antzara, Dena asmatuta dago filmagatik.
Larunbatean jakinarazi dute aurtengo palmaresa, eta Arriolaren lana gailendu da, batez ere; filmik hoberenaren saria jaso du. Istorioak bainuontzi bat du agertoki nagusia, eta bertan izaten diren elkarrizketek ardazten dute, batik bat. Hain zuzen, epaimahaiak iradoki duenez, halako espazio txiki batean «asko kabitzen dela» erakusten du Arriolaren lanak. Epaileen esanetan, film «organikoa, naturala eta freskoa» ondu du zuzendariak. «Gidoirik gabekoa dirudien elkarrizketa sinesgarri eta samurra aurkezten zaigu, eta aktoreen eta zuzendariaren arteko kohesio eta aurretiazko lan handia eskatzen du horrek», adierazi dute. Aktoreen interpretazioa ere goraipatu dute —Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urrestirena—. Urrezko Antzara ez ezik, 3.000 euroko saria irabazi du Arriolak.
Zuzendaritzarik hoberenaren saria Maddi Barberrek irabazi du; gidoirik hoberenarena, Itziar Leemansek
Arriolarenaz gainera, beste zuzendari batzuen lanak ere goraipatu dituzte Euskal Zine Bileran. Esaterako, zuzendaritzarik hoberenaren eta gidoirik hoberenaren sariak Maddi Barberrek eta Itziar Leemansek irabazi dituzte, hurrenez hurren, eta Zilarrezko Antzara bana eta 1.600 bana euro jaso dituzte.
Barberrek Alas/Tierra lanari esker jaso du aitortza, eta bertan erabilitako «lengoaia propioa» nabarmendu dute epaileek, besteak beste. Leemansek, berriz, Ximinoa filmagatik jaso du gidoirik hoberenaren garaikurra. «Isiluneen erabilera elokuentea eta espazioen tratamendu izugarri adierazkorra» goraipatu ditu epaimahaiak.
Bestelako aitortzak
Ainara Elgoibarrek, Martxelo Rubiok eta Nerea Ibarzabalek egin dituzte epaile lanak aipatu sari horietarako guztietarako. Baita Benito Ansola saria esleitzeko ere. 2000tik aurrera jaiotako parte hartzaileei zuzendutako saria da hori, eta Ariana Nespereirak, Daniel Nespereirak eta Zihara Etxeberriak irabazi dute aurten, Larramendi filmagatik. Haiek ere jaso dute Zilarrezko Antzara, eta baita 1.000 euroko saria ere. Zuzendariei «esperimentatzeko grina» sumatzen zaie, epaileen esanetan.
Bestalde, epaimahaiaren aipamen berezia erdietsi du Kote Camachoren Puzzleak, bortxaketaren jauregia lanak. Baita EITB ikuslearen saria ere.