Interneteko bilatzailean «Jonan Ordorika» jarrita, apenas ageri den haren argazkirik. «Jonan Ordorika soinu teknikaria». Ezer gutxi. Bada jarduna itzalpean dagoelako seinale, nahiz eta ezinbesteko diren fokupekoari oihartzun egiteko. Ez dira gutxi Jonan Ordorikak soinu teknikari lanetan egindako urteak; 30 urte baino gehiagoz aritu baita hainbat artistaren lanak grabatu eta masterizatzen. Atzo hil zen, 55 urte zituela.
Asko izan dira gaur sare sozialetan zabaldu ziren mezuak. Joserra Senperena musikariarena izan da, kasu baterako, horietako bat. Hala zioen: «Ez adiorik, Jonan Ordorika». Senperenak ez zuen «gertuko harremanik» Ordorikarekin; lan batzuetan elkarrekin aritutakoak dira, baina. Musikariak oroitu du Imanolen Ausencia (2000) diskoa grabatu zutela elkarrekin, Ordorikak Azkarateko Argiñenea baserrian (Nafarroa) zuen estudioan. «Orduan ezagutu nuen nik», azaldu du Senperenak.
Elkarrekin grabatu zuten Jabier Muguruzaren Aise diskoa ere. «Geroztik ez dut harreman handirik izan harekin, baina nik ekoiztutako zenbait lanetan parte hartu du». Are, musikariak kontatu duenez, bazuten elkarrekin abian jarria zuten proiektu bat eskuartean. Ordorika zen masterizatzekoa Senperenaren «album berezi» bat. «Nik beti goraipatzen dut askotan itzalpean gelditzen den soinu teknikarien lana, eta esan dezaket zoragarria zela harekin lan egitea. Oso pertsona ona zen, beti lan egiteko prest zegoena».
Bat dator harekin Joseba Irazoki musikaria. Soinu teknikariarekin «harreman hagitz ona» zuela kontatu du. Izan ere, bere hainbat lanetan izan du lagun. Ordorikak egin ditu Irazokiren disko askoren masterizazio eta soinu teknikari lanak. «Ez da lan erraza disko bat grabatzea, zaila izaten da estudioko lana, baina Jonanek primerako giroa sortzen zuen beti, une hura dibertigarri egiteraino. Hainbeste tentsio eragin ditzakeen momentu bati lasaitasun puntu bat ematen zion, eta hori ez du edozein soinu teknikarik lortzen». Gaur izan du Ordorikaren heriotzaren berri, eta saminez jaso du albistea. «Sorpresaz harrapatu nau. Banekien bihotzeko bat izan zuela orain gutxi, baina ez nuen halakorik espero. Kolpe handia izan da».
Aspaldi da Joseba Tapia musikariak Ordorika ezagutu zuela, eta grabaketa ugaritan izan du geroztik lagun. Tapiak berak kontatu duenez, diskoen grabaketetan ez ezik, musikariaren zuzeneko kontzertu askotan ere izan da Ordorika soinu teknikari lanetan. Goizaldean jaso zuen soinu teknikariaren heriotzaren berria, eta «hitzik gabe» utzi zuela dio. «Sinetsi ezinik nago. Gogorra da, oso gogorra», azaldu du. Lagun handitzat zuen Tapiak; izan ere, musika kontuengatik, elkarrekin bidaia asko egindakoak dira. «Oso lagun ona zen. Anaia bat zen niretzat».
«Musikazale amorratua»
Artista askoren lanek dute Ordorikaren zigilua. 1991n, Katarain estudioa ireki zuen Angel Katarainekin eta 2015ean hil zen Amaia Apaolazarekin batera, eta hainbat musikari pasatu ziren bertatik. 2015ean amaitu zuten estudio harekin, baina Ordorikak, Mamia Mastering zigilupean, masterizazio lanetan jarraitu zuen bere kasa.
«Musikazale amorratua zen», hala definitu du Irazokik. Bazuen musikari maite bat, esaterako, aurrez aurre ezagutzeko aukera ere izan zuena: Lou Reed. Hain justu, bere estudioan izan zen musikari estatubatuarra, eta han pasatu zituen egun batzuk, Ordorikaren familiarekin batera. Zazpi urtera hil zen Lou Reed, 2013an.
Handik urtebetera, haren omenezko lan baten sustatzaileetako bat izan zen soinu teknikaria. Azkarateko estudioan grabatu, eta, denbora gutxian, CD, binilo eta streaming bidez argitaratu zuten Mila esker izeneko lana. Han parte hartu zuten, besteak beste, haren anaia Ruper Ordorika, Delirium Tremenseko Andoni Basterretxea, Txuma Murugarren, Petti, Maddi Oihenart, Gorka Urbizu, Gari, Anari, Iñigo Muguruza eta Rafa Rueda musikariek.