Jon Miranderi eskaini dio osorik 50. zenbakia Hegats aldizkariak, Jon Mirande, gogoeta itxi gabea izenburupean, Itxaro Borda, Ander Iturriotz eta Patri Urkizuren artikulu bana eta Nora Arbelbide Ipar Euskal Herriko Hitza-ren zuzendariak Emilio Lopez Adani egindako elkarrizketa bat bilduz.
Jon Miranderen heziketaz da Bordaren artikuluaren izenburua. «Agian Mirandek ahuleziaz bizitu zuen amaren soa», dio egileak pasarte batean, «eta ahulezia horren aurka eragiteko nazismoan bilatu zituen erantzunak, irauteko baliabideak: birilitatea, jakitatea, elitismoa, elizaren eta jatorrizko kulturaren melengakeriaren salaketa geldi ezinean higatzen zela, adiskideak galduz, salbu dirudienez Andima Ibiñagabeitia, estoikoki geratu zena Miranderekin kontaktuan Caracas-era hegaldaturik ere».
Urkizuren ekarpenaren izenburua Jon Miranderen poesiaz iruzkinak da. Testuaren amaieran, egileak «Jon Miranderen poesiari eta obra osoari (bai euskarazkoari bai eta beste hizkuntzetakoari) behar bezalako eta merezi duen benetako edizio kritiko bat (ideiak, ingurunea, hizkuntza, estiloa, harrera eta eragina sakonki aztertuz) eginen zaion esperantzarekin» agurtzen du irakurlea.
Mirande, faxistak eta filosofoak artikuluan, Iturriotzek bere testuinguru historikoan kokatuta aztertzen du Miranderen ideologia eta hark izan zituen kritikak.
Azkenik, Arbelbidek egin dion elkarrizketan, Lopez Adanek dio «Miranderen jarrera politikoei buruz ematen den interpretazio faltsuak» kezkatzen duela batez ere. Mirandek esan zituenak gogoratu eta gero, ondorio honetara iristen da Lopez Adan elkarrizketan: «Ez da posible defendatzea horrelakorik erraiten duena izpiritu handi bat dela».
Jon Miranderen alde eta Jon Miranderen aurka
'Haur besoetakoa'-ren sortzailearen ideiak eta lanak aztertu dituzte hainbat egile ezagunek 'Hegats' aldizkarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu