1925eko azaroaren 10ean jaio zen Jon Mirande (Paris, 1925 - 1972), eta, gaur egun ere, mendeurrena hurbiltzen ari den honetan, askok iritzi diote artean ebatzi gabea dela ea nola behar den hura oroitu eta leitu. Batik bat, pederastia gaiengatik eta azaleratutako sinesmen politikoengatik sortzen du aznahia Mirandek. Dudak dira harekin nola jokatu, eta, gainera, eztabaidak geruza asko izan ditzake. Seguruenik, kasu honetan ez litzateke aski ebaztea ea obra eta artista bereizi beharrekoak diren, beste plano batek ere eragiten baitu asaldura: idazlearen eta lanetako baten protagonistaren arteko balizko bat egiteak. Askatu gabeko korapiloa da Miranderena, eta horrek halabeharrez ematen dio pisua galdera honi: Zer egin Jon Miranderekin? Ez da, ez, galdera erretorikoa. Eta Gorka Bereziartua, Amaia Elizalde eta Katixa Dolhare-Zaldunbide ahalegindu dira hari erantzuten, Iruñean.
Karrikiri elkarteak eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak gonbidatu dituzte hiru hizlariak mahaiaren ingurura. Zehazki, elkarlanean antolatu duten Jon Miranderekin Dantzan zikloko azken jarduera izan da Zer egin Jon Miranderekin? izeneko solasaldia, eta eskolan bertan aritu dira hizketan, bertako zuzendariorde Santi Leonek gidatuta. Erakusketa bat ere zabaldu dute zentroan; maiatzaren 9ra arte dago ikusgai.
«[Mirande] goi mailako idazle bat da, beldurrik gabe literaturara eraman zituena bere barne mamuak, libreki, eta, beraz, polemika sortu zuena gauza sakratu gehiegi kateatzen zituen euskal gizartean»
KATIXA DOLHARE-ZALDUNBIDE Literatur ikerlaria eta idazlea
Mahai inguruan, hiru hizlariak Miranderi buruz hizketan hasi bezain laster atera dira azalera idazlearen ertz koskatuak. Hura deskribatzeko eskatu die Leonek, eta hirurek itzulingururik gabe ekarri dituzte solasera haren «polemikak». Dolhare-Zaldunbidek, adibidez, honela definitu du Mirande: «Goi mailako idazle bat da, beldurrik gabe literaturara eraman zituena bere barne mamuak, libreki, eta, beraz, polemika sortu zuena gauza sakratu gehiegi kateatzen zituen euskal gizartean». Ildo beretik, «bide urratzaile» eta «satelite» izatea aitortu dio Miranderi Elizaldek, eta Bereziartuak ere apartekoa zela azpimarratu du: «Bada halako ardi beltz bat euskal literaturan, inon kabitzen ez den idazlea».
Zergatik irakurri eta nola irakurri
Idazleak zenbait ikuspegitatik sor ditzakeen dudak aintzat hartuta ere, hirurek egin dute Mirande irakurtzearen alde, eta aho batez nabarmendu dute haren lanen «kalitatea». Gainera, Bereziartuaren eta Elizalderen iritziz, behinik behin euskal literaturaren bilakaera ulertu nahi duenarentzat, «ezinbestekoa» da idazlearen lana ezagutzea, ez soilik orduko garaiari buruz gehiago jakiteko, ezpada baita ondotik sortutako literaturaren nondik norakoak ulertzeko ere. Elizalderen iritziz, Mirandek «izugarrizko eragina» izan zuen inguruan, askorentzat izan zen eredu. Zehaztapena egin du, ordea: «Beste gauza bat da gero atzera egin ote zen, damu bat egon ote zen, eta miresmen horretatik aldendu nahi izan ote zuten».
Elizaldek Miranderen Haur besoetakoa eleberriari buruzko Jon Miranderen 'Haur besoetakoa' (1970) modernitate ukatua tesia aurkeztu zuen 2018an, eta, hortaz, aditua da idazlearen inguruan dagoen polemika iturri handienetako batean. Eleberria 1954an idatzia da, baina 1971ra arte ez zen argitaratu, eta, orduan, Gabriel Arestik idatzi zuen hitzaurrea.
Nobela horretan, pederastia kasu bat kontatzen du Mirandek, eta protagonista 30 bat urteko gizon bat da. Gaur-gaurkoz, ez dago protagonistaren eta Miranderen arteko loturarik segurtatzen duen frogarik, baina bada susmo hori duenik, eta Dolhare-Zaldunbidek ekarri du jendearen uste hori solasera, galdera batean: «Zergatik ez hartu Haur besoetakoa autofikzio gisa?».
«Niri ez zait inporta 'Haur besoetakoa' pederasta batek edo ez den batek idatzi duen. Ez da benetan gertatu den zerbaiten testigantza, eta, desira ezkutu baten konfesioa balitz ere, literatur testu bihurtua, ezin da hori asumitu?»
AMAIA ELIZALDE Irakaslea eta ikerlaria
Ez Elizaldek ez eta Bereziartuak ere, ez dute uste nobela hori autofikzioa denik. Eta, gainera, edonola ere, hirurek nabarmendu dute literatura izan daitekeela gai itzaltsuetarako agerleku ere. Tinko egin du horren defentsa Elizaldek: «Nik ez dakit Mirande pederasta zen edo ez zen, baina niri ez zait inporta Haur besoetakoa pederasta batek edo ez den batek idatzi duen. Ez da benetan gertatu den zerbaiten testigantza, eta, desira ezkutu baten konfesioa balitz ere, literatur testu bihurtua, ezin da hori asumitu?». Ados da Dolhare-Zaldunbide ere: «Tokirik bada, preseski, gaitzaren, beldurraren eta desira madarikatuaren aipatzeko, nire ustez hori artea da».
Tesi berekoa da Bereziartua, eta, Miranderen eleberrira itzulita, nabarmendu du aire berekoak diren eta garai bertsukoak diren beste lan batzuekin ez dela berdin jokatu izan —Jon Andoni Irazustaren Joañixio (1946) jarri du adibide—. «Soilik Miranderi begiratzea geure buruari tranpa egitea da», adierazi du Bereziartuak. Hala eta guztiz, harago jo du, eta «literaturaren autonomia» defendatu. «Uste dut literaturaren interpretazio oso literalak egiten ari garela. Zera pentsatzen dugula: 'Hemen hau jartzen du, eta, orduan, hau da egilearen iritzia'. Eta, batez ere nobelaz edo narratibaz ari bagara, ulertu behar duzu hori beharbada hainbat ahots biltzen dituen eraikuntza bat dela».
«Uste dut literaturaren interpretazio oso literalak egiten ari garela. Zera pentsatzen dugula: 'Hemen hau jartzen du, eta, orduan, hau da egilearen iritzia'. Eta, batez ere nobelaz edo narratibaz ari bagara, ulertu behar duzu hori beharbada hainbat ahots biltzen dituen eraikuntza bat dela»
GORKA BEREZIARTUAKazetaria eta idazlea
Mirande nazia ala Mirande poeta
Zehazki, Josu Martinezek zuzendutako Mirande, film bat egiteko zirriborroa filmaren emanaldiak ireki zuen Miranderekin Dantzan zikloa Iruñean, joan den martxoaren 31n. Eta, hain zuzen, ikus-entzunezko horretan Filipe Oihanburuk ezpainetaratzen duen iruzkin bat ekarri dute gogora aste honetako solasaldian. Gutxi-asko, Oihanburuk iradokitzen du herritarrek erabaki beharko dutela memorian zer atxiki, «Mirande nazizalea edo Mirande poeta handia».
Izan ere, Miranderi gaur egun nola begiratu behar zaion izanik eztabaidagai, idazlearen sinesmen antisemitak ere saihestu ezinezko elementua dira, garbiki. Jakina denez, ez da hipotesia: Mirandek zurian beltz azaldu zuen juduenganako ezinikusia. Hainbat lanetan adierazi zuen halakorik, baina batez ere gutunetan islatu zuen. Bereziartuak iradoki duenez, hori bera ere bada argigarria: hau da, argitaratuko zirela ez zekien horietan aitortu izana nabarmenen antisemita zela. «Esango nuke publikatzeko idazten zuenean neurritsuago aritzen zela, berea halako antisemitismo selektiboago bat balitz bezala». Aitzitik, Mirandek gutun batean baino gehiagotan utzi zuen idatzita Sieg Heil agur nazia.
Hortaz, nola jokatu nazizalea zela jakinik ere: duda hori mahaigaineratzen da sarri Mirandez mintzo. Iruñeko solasaldian, hiru hizlariek egin dute aukera haren alde: nazismoaren zuriketarekin «kontuz» ibili beharra ohartarazi dute, baina azpimarratu hori bermatzea eta Miranderen literatura mirestea ez direla bateraezinak. Elizalderen iritziz, gaia «labainkorra» izan daiteke, baina, hala eta guztiz, berari ez zaio «problematikoa». Argudiatu duenez, interesatzen zaiona Miranderen hautu literarioak direlako bizi du auzia arazorik gabe, eta, bestela ere, gogora ekarri du Mirande ez zela izan botereguneetan. «Euskaltzaindian bertan ere ez zioten egin tokirik», oroitu du.
Beste batzuei baietz, beste batzuei tokia han eta hemen egin zaiela nabarmendu du Dolhare-Zaldunbidek segidan. Louis-Ferdinand Celineren adibidea eman du. «Nazizalea zen hura ere, obratu ere obratu zuen nazismoaren alde; hura, ordea, jasoa dago programa ofizialetan, curriculumetan eta eskoletan», argudiatu du. Kontrastea baliatu, eta Miranderen figura azpimarratzearen alde egin du atzera. «Ez dezagun bazter utzi».