Jon Irazabal Agirre hil da, Durangoko Azokako zuzendari izandakoa

Gerediaga elkarteko kudeatzailea eta Durangoko Azokako zuzendaria izan zen mende laurdenez. Historialari gisa arreta berezia eskaini zion Durangaldeari eta hango memoria historikoari.

Jon Irazabal Agirre, 2016an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jon Irazabal Agirre, 2016an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko abuztuaren 22a
12:55
Entzun

Jon Irazabal Agirre Gerediaga elkarteko kudeatzaile eta Durangoko Azokako zuzendari izandakoa zendu da goizaldean, Gerediaga elkarteak baieztatu duenez. Iurretan 1960an sortua zen, eta Durangaldeko ohiturei, historiari eta memoria historikoari arreta berezia jarri zion. 63 urte zituela, 64 betetzeko bezperan hain zuzen, hil da Usansoloko ospitalean. «Ekina eta borrokalaria izan da aldi berean», azaldu du Gerediaga elkarteak.

17 urte zituela sartu zen elkartean, eta denetik egitea egokitu zitzaion, baina, batik bat, Euskal Liburu eta Disko Azokaren zuzendari kargua hartutakoan egin zen ezagun. Durangoko Azokara antolatze alde, pertsona bat liberatzea erabaki zuen Gerediaga elkarteak 1980an, eta Irazabali proposatu zioten. 1982az geroztik, egun osoz aritu zen horretan. Franco hil osteko lehen urteak ziren, baina «artean lurperatu gabea» zela gogoratu zuen Irazabalek BERRIAri emandako elkarrizketa batean, 2016an. 1979ko lehen udal hauteskundeak zirela eta, Gerediaga inguruko zenbait jende zinegotzi edo Foru Aldundiko diputatu atera ziren. «Orduan esan izan ziguten Gerediagak bere egitekoa bete zuela, eta hileta on bat eman behar geniola, instituzioek hartuko zituztela ardura horiek». Horren alde zeudenak joan, eta elkartean bost lagun besterik ez ziren gelditu, Irazabalen hitzetan.

1982an liberatu zutenean, hain zuzen, Gerediaga elkartea berrantolatzea izan zuen lehen lana Irazabalek. Haren ekarpenari esker, elkarteak aurrera egitea erabaki zuten 1986ko batzar batean.

Bidea ez da inoiz erraza izan. Horrela deskribatu zion Durangoko Azokaren egoera BERRIA egunkariari: «Durangoko Azoka alanbre gainean egon da beti, presiopean». Hazten eta leku aldatzen ere ikusi zuen azoka Irazabalek. «Durangoko Azokak gaitz kronikoa bizi zuen: espazio faltarena».

Guztira 34 urte eman zituen elkartean lanean. Horietarik 30 kudeatzaile gisa (2018ra arte), eta ia beste horrenbeste Durangoko Azokako zuzendari gisa. 2009ean Aiert Goenagari eman zion erreleboa Azokan, eta Gerediaga elkarteak urte hartako aldian egindako ekitaldi batean erakutsi zion eskerrona.

Historialari eta idazle

Historialari gisa, Durangaldeko ohiturei, folkloreari, historiari eta memoria historikoari, bereziki 1937ko bonbardaketari, arreta berezia jarri zien Irazabalek. «Herri mailako ikerketa ez da nahikoa bultzatzen. Berdin historia, folklorea, dantza eta herri mailako hainbat gauza ere», adierazi zuen BERRIAn, 2016an: «Gure historiaren zati handi bat galtzen ari gara». Haren ustez, zaletasuna duten pertsonen lanak plazaratu beharko lirateke: «Azken finean, jendeak jakiteko gogoa dauka».

Besteak beste, Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen (2023), Durango 1937ko martxoak 31, bonbardaketa (2022), Durangaldea. Historia laburrean (2015) eta Hamabi harrien hotsa (2015) liburuak idatzi zituen, baita parte hartu ere Goiuria ikastola (2022) eta Ezkutuko ondarea. Emakumeen errealitateak Bizkaian (2019) liburu kolektiboetan ere.

2012an Durangoko Azokan eskaini zuten Ahaztera kondenatutako bertso eta hitzak ikuskizuna ere zuzendu zuen. 1936ko gerraren testigantza ematen zuten literatur testuak hautatu zituen horretarako, eta, euskal kulturak bizi izandako errepesioa gogorra izan arren, bizirik irauteko izan duen gaitasuna nabarmendu nahi izan zuen.

2019an Dantza Tradizionalaren Esker Onak saria eman zion Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak. Hori baino lehen, 2015ean, Durangaldeko Ezpata Dantzarien Egunean omenaldia egin zion elkarte horrek berak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.