Literatura

Jon Gerediagak irabazi du euskarazko literaturako Euskadi saria, eta Harkaitz Canok haur eta gazte literaturakoa

'Zeru-lurren liburua' lanagatik saritu dute Gerediaga, eta Isabel Hergueraren irudiekin kaleratutako 'Mundua pitzatuta dago' albumagatik Cano. David de las Herasek jaso du literatur lan baten ilustrazioaren Euskadi saria, 'Campos de Castilla' lanagatik.

Jon Gerediaga (ezkerretik bigarrena) eta Harkaitz Cano (ezkerretik hirugarrena), gaur, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jon Gerediaga (ezkerretik bigarrena) eta Harkaitz Cano (ezkerretik hirugarrena), gaur, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko urriaren 9a
11:12
Entzun

«Isildu, poeta. / Entzun naturaren soinu ederra. Benetan ulertzen duzunean, esan». Natura, gizakia eta bi elementu horien arteko harremana izan du ardatz Jon Gerediaga idazlearen poesiak hogei urtez. Eta ibilbide horretan beste katebegi bat da egilearen zazpigarren poesia liburua: Zeru-lurren liburua (Elkar). Irun Hiria saria jaso zuen aurrez lanak, eta euskarazko literaturako Euskadi saria jaso du orain. Liburuaren hausnarketa poetikoa nabarmendu du epaimahaiak. «Adierazpen poetiko landua eta delikatua» du liburuak, dioenez, «non esan nahi dena doitasun apartekoz adierazten den. Poetak era delikatuan aitortzen dizkie esker ona eta maitasuna gertukoei. Azken batean, iraun behar duenaren aldeko poesia da Gerediagarena». 18.000 euro jasoko ditu, eta 4.000 gehiago ere bai baldin eta ondoren lana beste hizkuntzaren batera itzuliko balute. Gaur jakinarazi dute berria, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Harekin batera, gaur jakinarazi dute, halaber, Harkaitz Cano idazleak jaso duela haur eta literaturako Euskadi saria, eta David de las Herasek literatur lan baten ilustrazioarena, Campos de Castilla lanagatik.

Bost kide izan ditu atal bakoitzeko epaimahaiak. Honako hauek izan dira euskarazko literaturako Euskadi saria hautatu duten bost adituak, esaterako: Arantxa Urretabizkaia idazlea, Maite Lopez las Heras idazle eta itzultzailea, Alexander Gurrutxaga eta Mikel Ayerbe EHUko literatura doktoreak, eta Ane Labaka idazlea.

Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (Erein) lanagatik jaso du saria Canok. Isabel Herguerarekin batera ondutako albuma da artefaktua, baina liburuaz harago doa proiektua, Fernando Bernues antzerkilariaren ideia bat baitu oinarri istorioak. Epaimahaiak hala azaldu ditu lan hori hautatzeko motiboak: «Literaturaz harago, heriotza, maitasuna, senitartekoen harremanak eta beste horrenbeste gai unibertsal jorratzen ditu, protagonistaren bizitzatik abiatuta». Horrez gainera, lana «baikortasunerako gonbit bat» ere badela nabarmendu dute. Edizioa «paregabea» dela esan dute. 18.000 euro jasoko ditu Canok ere, eta 4.000 euro gehiago liburua beste hizkuntza batera itzuliko balitz.

De las Herasi dagokionez, Antonio Machado poeta espainiar ezagunaren Campos de Castilla liburua ilustratzeko egindako lana saritu du epaimahaiak. Lunwerg argitaletxeak eman du argitara. «Lan borobila» da, epaimahaiaren hitzetan. «Maisuki erabili ditu teknika eta forma guztiak, ilustrazioa poesia bihurtuz». Ondorengo bost adituek hartu dute erabakia: Joseba Larratxek, Janire Ordunak, Jose Carlos Torrek, Jose Antonio Morlesinek eta Miren Asiainek.

Bilbon jaio zen De las Heras, baina Bartzelonan bizi da duela hamabost urte, eta bideo bidez helarazi ditu bere esker hitzak. Eta, besteak beste, esker ona azaldu du egileak Machadoren lana iruditara eramateko izan duen aukeragatik. «Ezagutzen ez nituen lekuetara eraman ninduen Machado ilustratzeak. Naturaren alderik zatar eta ederrenaz ari da, bai eta gizatasunaren alderik zatar eta ederrenez ere». 18.000 euro eskuratuko ditu egileak, bai eta 4.000 euro gehiago ere liburua beste hizkuntzaren batera itzuliko balute.

Beste lau sari

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuak eskerrak eman dizkie saritutako egile guztiei. Euskadi sariek betetzen duten «bozgorailu» funtzioa ere nabarmendu du ekitaldian. Kultura gizartea eraldatzeko «soft power bat» dela ere azaldu du Bengoetxeak. «Hiru harribitxi oparitu dizkiguzue». Artea «arnasgune» bat dela azaldu du, esaterako, Gerediagaren lanari erreferentzia eginez. Eta artelanek pizten duten itxaropena ere aipatu du, Canori erreferentzia eginez. «Gizarte hobe bat eraikitzen laguntzen diguzue. Eta, horrez gain, irakurtzea gozatzea ere bada».

Guztira, zazpi Euskadi sari banatzen dituzte urtero, eta lehen hiruren berri eman dute oraingoz. Datorren astean jakinaraziko dituzte gainerako laurak, Donostiako San Telmo museoan, urriaren 18an. Euskarazko literatur itzulpenarena, euskarazko saiakerarena, bai eta gaztelerazko literatur sariarena ere, eta gaztelerazko saiakerarena. Eta azaroaren 21ean egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Gasteizko Artium museoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.