Irailean jakinarazi zituzten 45. Irun Hiriko Kutxa Literatura sariketaren lan irabazleak —Jon Gerediagaren Zeru-lurren liburua eta Xabier Lasaren Ura ez baita beti gardena—, eta, bi hilabete pasaren ostean, argitalpenak jada eskuetan hartuta elkartu dira ostera bi idazleak. Gerediaga izan da hizketan lehena, eta lagun egin dion Elkar argitaletxeko Antxiñe Mendizabalek nabarmendu du «naturaren behaketatik abiatzen den hausnarketa poetikoa» dela Gerediagaren proposamena. Zazpigarren poema liburua du hau Gerediagak —poesiaz gain, antzerkia ere idatzi ohi du—, eta hasieratik ezaugarritu du haren obra naturari, gizakiari eta bien arteko erlazioari eskainitako begiradak.
Izarrak, elurra, lokatza, lanbroa, akazia, okarana, ereinotza —liburuaren azalean nabarmendu dute—, intxaurrondoak, elorriaren lore zuriak, lizarrak eta bestelako elementu eta «izaki bizidunak» dira, bada, protagonista Zeru-lurren liburua-n, eta horregatik aipatu du Mendizabalek «gizakiaren santutegia eta zaindaria» dela natura Gerediagarentzat. Kasu honetan, baina, eta Gerediagak liburuan egin duen eskaintzari segituta —«Zaurituei»—, editoreak gehitu du «lurrik hartu ezinda dagoen gizaki askori» zuzenduta dagoela liburua; izan dadin haientzat «aterpe bat, lurmutur bat». Bat etorri da egilea, eta esan du beretzat hitz poetikoa maiz izan daitekeela min batzuk baretzeko «sendabelar moduko bat».
Bi parte ditu poema liburuak. Zoéren izenak izenpetu du aurrenekoa Gerediagak, eta Paul Cezanneren aipu honekin irekitzen du: «Natura beti moldatzen da, errespetatzen dugunean, zer esan nahi duen esateko». Egilearen arabera, naturari «gorazarre egitea, hura kontenplatzea, mirestea» izan du intentzioa atal horretan, baina ñabardura bat erantsi dio: «Naturari buruz hitz egiteko giza hitza erabiltzean, beti ari gara, aldi berean, gizakiari buruz hitz egiten». Bigarren atalean, berriz, modu esplizituago batean egin dio leku gizakiari, eta, zehatzago, poetari. «Pentsatzen dut idazteko joera duenari ezagun egingo zaizkiola poemetan agertzen diren irudi eta hitz batzuk».
«Hitz poetikoak lortzen duenean izen egokiak ematea, anabasa apur bat ordenatzen ari da. Munstroari izen egokia emateak munstroa bezatzen du». JON GEREDIAGA Idazlea
Poesiaren «erabilgarritasunaz» zer uste duen galdetuta, zera defendatu du Gerediagak: «Vita activa-rako egia da poesiak ez daukala errentagarritasunik. Baina eguneroko errekaduak egiteko behar dugun energiarako, burua altxatu eta esateko 'hortik da', vita contamplativa-ren parte ere izan behar dugu. Pentsatzen dut poesiak sortzen duen aldartea, edo abiadura, inportantea dela bizitza kontenplatiboan parte hartzeko».
Hans Blumenberg filosofoaren ideia bat ere berreskuratu du poetak, zeinak zioen gizakiak «kontrolatzen ez dituen indarrei izena jartzen dienean» mundua maneiagarriago egitea lortzen duela. Gerediaga: «Esango nuke hitz poetikoak lortzen duenean izen egokiak ematea inguratzen gaituen munduaren demaseko tamaina horri, hitz poetikoa ari dela anabasa apur bat ordenatzen. Gizakiak daukan sinbolizatzeko ahalmenari esker, munstroari izen egokia emateak munstroa bezatzen du; mundua etxekotu, abegikorragoa egin».
Thriller forala
«Ni ez naiz idazle bat; irakurle bat naiz, kasu honetan, zerbait idatzi duen irakurle bat». Aitortza horrekin abiatu du Ura ez baita beti gardena bere lehen fikziozko lanaren aurkezpena Lasak, eta aipatu du, aurrez bi saiakera idatzita baditu ere, batik bat genero beltzaren zale handia izatetik eta politika munduan bildutako esperientziaz beste leku batetik aritzeko gogotik heldu dela bere nobela ontzera orain.
Nafarroan kokatuta dago kontakizuna, Erriberan zehazki, eta «thriller foraltzat» deskribatu zuen egileak sariaren berri izatean. Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak aurreratu du nobela beltzetan ohikoak diren hainbat elementu topatuko dituela irakurleak eleberrian, hala nola krimena, lapurreta, interes ekonomikoak eta misterioa; baina hain ohikoak iruditzen ez zaizkion beste bi elementu ere azpimarratu ditu: paisaia —«Erriberan gertatzen diren oso nobela gutxi ditugu»— eta politika —«administrazioaren barruko trikimailuak eta alderdien arteko zikinkeriak ikusiko ditugu»—.
Bigarren parte horri egin dio azpimarra Lasak ere, hain justu. 2007tik 2015era, Berriozarko alkatea izan zen (NaBai), Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendari izatera ere heldu zen handik, eta bide horretan bizitakoetatik edaten du orain nobelak. «Askotariko saltsak ikustea tokatu zait. Bizitzeko oso gogorrak direnak prestatuta ez bazaude, eta ni hasieran ez nengoen». Hala, idazketa prozesua «terapeutikoa» ere izan dela onartu du: «Sobera aseta geratu naiz politikarekin; behar nuen aldendu, eta, idazketaren bitartez, erran zer pentsatzen dudan politikari buruz».
«Sobera aseta geratu naiz politikarekin; behar nuen aldendu, eta, idazketaren bitartez, erran zer pentsatzen dudan politikari buruz». XABIER LASA Idazlea
Ura da elementu ardatza kontakizunean, eta kezkatzen duen auzia dela esan du Lasak. «Uste dut ura etorkizuneko altxor bat dela, eta ez da hitz potolo bat. Munduan gerrak daude urarengatik, eta Nafarroan ere arazo handi bat izango da, epe motzean edo ertainean». Eleberrian, haren inguruan talkan agertuko dira nekazariak, enpresariak eta udal agintariak, Lurribar izeneko herrian. Han piztuko da haien arteko gatazka, eta Nafarroako Gobernua sartuko da tartean, «bitartekari lanak» egitera. Sara Zaldaiz arituko da horretan buru-belarri, istorioko protagonista. Ingeniaria da Saldaiz, eta uraren antolamendurako ardura emango diote Nafarroako Gobernu berrian.
Modu horretan, Lasak Erriberako lur lehorrak eta baratze oparo ureztatuak, politikari kontserbadoreak, alderdien arteko tratu ezkutuak, Nafarroako botere faktikoak, iruzur informatiboak eta beste gurutzatu ditu, eta birritan esan du: «Gertatzen dena gertagarria da. Alderdiak, komunikabideak... ez ditut beren siglekin jarri, baina berehala sumatzen dela uste dut».
Aurten, Jon Martinek, Joxe Mari Iturraldek eta Arantxa Urretabizkaiak osatu dute Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria erabakitzeko epaimahaia, eleberriaren alorrean. Poesiako epaimahaian, bestalde, Lourdes Otaegi, Felipe Juaristi eta Ibon Egaña aritu dira.