Iaz Literaturako Nobel saria jaso zuen arte, Joannes Jauregi itzultzaileak ez zuen Jon Fosse idazle norvegiarraren lanik irakurri, baina haren Trilogia izeneko eleberrian murgilduz joan ahala hainbat ideia bururatu zitzaizkiola aitortu du: «Liburua irakurtzen hasi nintzenean, Peio Lizarralderen eta Thomas Bernharden arteko nahasketa bat zela iruditu zitzaidan. Geroago ikusi nuen ez zela horrela, beste bide batzuk hartzen zituela». Elkar argitaletxeak sustatutako Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko Jokin Zaitegi lehiaketara aurkeztu zen gero, eta orain aurkeztu du lan horren emaitza. Eta hala deskribatu du orain liburua, itzulpen lan osoa bukatu eta gero: lan «bizia», «erraz irakurtzekoa», «bertatik bertara idatzitakoa» eta «mistikotasunez betea».
Hiru eleberri bereizitan publikatu zuen hasieran Fossek Trilogia, baina, ondoren, denak liburu bakarrean elkartu zituen 2014an. Bi gazteren istorioa kontatzen du liburuak: Aslerena eta Adilarena, hain zuzen ere. Alida haurdun dago, eta ez dute etxerik, ez dute non geratu. «Narratibaren oinarria aterpe baten bilaketan datza», azaldu du Jauregik. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak gehitu du eleberriak baduela polizia nobela baten traza, bertan gertatzen diren krimenek eraginda, eta krimenaz eta zigorraz gogoeta filosofiko bat egiten duela Fossek bertan. Jauregik adierazi du etenik gabeko narrazioa dela; Fossek segidan idatzi zuela eleberria, paragrafo luzeekin, eta horrek irakurlea «hasieratik» harrapatzen duela.
Fossek nola idazten duen azaldu du Jauregik: «Fossek istant poetikoak txertatzen ditu bere lanetan, eta askotan badirudi haien bila dabilela etengabe, haiek ehizatuz idazten duela. Errebelazio mistiko batekin alderatzen dira istanthoriek». Liburuko ahots narratiboa «oso pertsonala» da itzultzailearen ustez, eta, horregatik, hiru eleberriak hasieran solte kaleratu ziren arren, ez dago desberdintasunik haien artean, hirurek ezaugarri berak baitituzte. «Fosseren narratibek mundu literario bat sortzen dute nire ustez, mundu lanbrotsua, uherra eta sinbologiaz beterikoa. Uste dut sortzen dituen ahots literarioak horregatik izaten direla oso bereziak eta originalak. Nabarmentzekoa da esanezina harrapatzeko duen joera ere».
Mendigurenek gehitu du bi berezitasun dituela Nobel saridunaren estiloak: alde batetik, «oso modernoa» dela, eta, bestetik, «oinarrizkoa».
«Aurrekoan, liburu saltzaile batekin hizketan, hark esan zidan Trilogia-k otoitz bat ematen duela. Fossek Bibliaren ezaugarri batzuk txertatzen ditu idazterakoan»
JOANNES JAUREGIItzultzailea
Poesiaz eta prosaz gain, nagusiki antzerkigintzan aritu izan da Fosse. 1983. urtean kaleratu zuen bere lehen eleberria: Raudt, svsart. Gaztaro «tristea» izan zuela adierazi du idazleak behin baino gehiagotan, eta idaztea izan zela tristura hori aldentzeko erabiltzen zuen tresna. Eskandinaviako herrialdeetan arraroa den arren, 52 urterekin katolikoa egin zen. Eta, hain justu, katolizismoak Fosseren idazteko eran duen eraginaz mintzatu da Jauregi: «Aurrekoan, liburu saltzaile batekin hizketan, hark esan zidan Trilogia-k otoitz bat ematen duela. Fossek Bibliaren ezaugarri batzuk txertatzen ditu idazterakoan». Eta Mendigurenek ere, itzultzailearen hari berari jarraituz, Bibliarekin alderatu du eleberria: «Aterpe bila dabiltzan bi gazte dira, haietako bat haurdun dagoela. Joseren eta Mariaren istorioa etorriko zaio burura hezkuntza kristaua duen edonori».
Homeroren antza
Ez soilik Bibliarekin, Homeroren Odisea-rekin ere alderatu du Jauregik Asleren eta Adilaren istorioa: «Odisean hospitalitatea gai oso garrantzitsua da; hau da, arrotzei nolako abegia egiten zaien. Telemako Ulisesen semea Espartara eta Vilosera joaten da, eta hango erregeekin ostatua hartzen du. Han kode moral handiak zeuden atzerritarrei abegia adierazteko, ia betebehar baten moduan». Aterpe bila dabiltzala, Aslek eta Adilak ezezko asko jasotzen dituzte, eta lehenago betetzen zen kode moral hori hautsi egiten da. «Homerorekin lotura garbia ikusten dut, baina baita gaur egun beren herrialdetik ihesi egin behar duten errefuxiatuekin ere; Europara etortzen dira-eta aterpe bila».
Norvegieran, bi hizkuntza bereizten dira: bokmål norvegiera eta nynorsk norvegiera. Fossek nynorsk norvegieraz idazten du. Hizkuntza minoritarioa da, eta, horregatik, Jauregik esan du erronka handia izan dela idazlearen eleberria euskaratzea. «Ingelesezko eta gaztelaniazko edizioak erabili ditut itzulpena egiteko, baina alemanez idatzitako liburutik ere erreferentziak hartu ditut». Espero zuen baino lan «nekagarriagoa» izan da itzulpena Jauregirentzat, hainbat zubi hizkuntza erabili behar izan dituelako, baina, «buruhauste askoren» ondoren, euskarazko eleberria kaleratzea lortu dute.