Jon Esnaola Agirre konpositoreak (Tolosa, Gipuzkoa, 2000) sortutako LUUR, Nestor Basterretxearen oroimenez musika proiektuak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria. Sei hilabete eman ditu Esnaolak orkestra sinfonikoentzako obra hori konposatzen —iaz eta aurten aritu da horretan—; 76 interpreterentzat idatzita dago, eta hamar minutu inguru irauten du. Iragarri dutenez, EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak estreinatuko du pieza hori, udan, Unai Urretxoren zuzendaritzapean. Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dituzte emanaldiak, besteak beste.
Saritutako obraren «bikaintasun artistiko eta teknikoa, euskal kulturarekin eta ondarearekin duen konpromiso handia eta, aldi berean, erreferente artistiko handiekin hitz egiteko duen gaitasun nabarmena» azpimarratu ditu epaimahaiak. «Horri gehitu behar zaio kanpoko proiekzioa duten euskal sortzaileen belaunaldi berriaren begirada garaikidea eta pertsonala». Esnaolak Nestor Basterretxea artistaren omenez idatzi du obra, eta «folklore autoktonoaren elementuak jaso eta berrinterpretatzen ditu, ikuspegi abangoardista eta berritu batetik abiatuz. Horrela, konpositoreak agertu nahi du egungo lengoaia artistikoek modu bizian, eguneratuan eta eraldatzailean hitz egin dezaketela kultur ondarearekin».
Ideia berari tiraka, eta «euskal eskultoreen irakurketetatik abiatuta», beste hainbat lan ere ondu ditu aurrez sariaren irabazleak, hala nola Eduardo Txillidaren eta Jorge Oteizaren obrak oinarri izan dituztenak. Proiektu berria, halaber, «natura defendatzeko eta babesteko kantu bat eta dei bat» ere badela gehitu dute sariaren sustatzaileek, eta «oinarri ekologista nabarmena» duela.
Esnaolak «harrituta eta ilusio handiz» hartu du saria irabazi duelako albistea. Egindako lana aitortzeko modu bat dela iruditzen zaio, eta bidean aurrera segitzeko «indarra» emango diola. Egun, konposizio arloko azken urtea egiten ari da Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Bi aldiz jaso du Euskadiko Musikari Gazteen Lehen Saria, eta Perkusio Arteen Italiako Elkartearen Saria eta Madrilgo Zarzuela Antzokiaren Konposizio Saria ere irabazitakoa da. Musikagileak, halaber, parte hartzen du Euskal Herriko Musikagileen Elkarteko zuzendaritza batzordean.
Aitortza publikoa ez ezik, 6.000 euroko saria ere jasoko du Esnaolak. 2019an hasi ziren Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria banatzen, zeinak babesa ematen dien 35 urtetik beherako gazteei sormen lanak, ikerketa lanak edo egonaldiak egiteko humanitateen, kulturaren, arteen eta gizarte zientzien arloetan.